Laneko arriskuei buruzko prestakuntza emango die Udal Elkarteak eskualdeko enpresa txikiei

Urola Kostako Udal Elkarteak Mikropreben programa abiatu du, beren lan-jardunean prebentzioa integratu nahi duten enpresa txikiei zuzenduta. 25 langile arteko enpresei zuzentzen zaie Mikropreben programa eta kosturik ez du enpresentzat.

Enpresa guztiek ez dituzte ezaugarri berak eta neurrira egindako prebentzio-kudeaketa beti izango da eraginkorragoa. Horretarako, ezinbestekoa da gutxieneko prestakuntza jaso eta beharrezko dokumentazio guztia prestatzea.

Jasotako prestakuntzaren bidez, enpresen arduradunak gai izango dira prebentzioaren kudeaketa beren gain hartzeko; hau da, beren lan-jardunari dagozkion laneko arriskuak identifikatu eta legeak eskatzen duen dokumentazioa prestatu eta lantzeko.

Prestakuntza teoriko-praktikoa

Programa honetan parte hartzen duten enpresek, batetik, prestakuntza teoriko nahiz praktikoa jasoko dute (azaroan zehar, 10 saio) eta, ondoren, aukera emango zaie beren enpresako prebentzio-plana idazteko laguntza eta aholkularitza jasotzeko. Aldi berean, enpresa txikiei egokitutako dokumentazioa eskainiko zaie, ulerterraza, erabat aplikagarria eta elebitan: euskaraz eta gaztelaniaz.

Programaren xehetasunak

Guztira, 30 orduko prestakuntza eskainiko zaie enpresei  Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian. Zehazki, hilabeteko iraupena izango du ikastaroak: azaroaren 5ean hasi eta 26ra arte. Arratsaldez izango da ikastaroa, 14:00etatik 17:00etara, 3 orduko 10 saiotan. Eskolak astelehen, asteazken eta ostiraletan izango dira.

Gai hauek landuko dira ikastaroan:

  • Laneko segurtasun eta osasun arloko oinarrizko kontzeptuak
  • Arrisku orokorrak eta beren prebentzioa
  • Arrisku espezifikoak jardueraren arabera eta beren prebentzioa
  • Lan arriskuen prebentzioa kudeatzeko oinarrizko arloak
  • Lehen sorospena

Programa egonkorra eta gomendagarria

Gutxienez pertsona bat kontratatua duen enpresak lan arriskuen prebentzioaren arloko 31/1995 Legea bete behar du. Kontuan hartzekoa da:

  • Legearen aurrean, enpresaburua dela arduradun bakarra.
  • Ez-ezagutzak ez duela erantzukizunetatik salbuesten.
  • KPZ kontratatzeak ez duela enpresaburua erantzukizunetatik salbuesten.

Urola Kostako Udal Elkartea 2010ean hasi zen Mikropreben programa antolatzen eta aurtengo hau programaren 7. edizioa da. Orain arteko edizioetan eskualdeko 39 enpresak parte hartu dute.

Informazioa eta izen-ematea

Mikropreben programan izena emateko epea urriaren 26an amaituko da.

Izena emateko edota informazio gehiago jasotzeko, idatzi email bat edo jarri harremanetan telefono bidez:

  • Urola Kostako Udal Elkartea
  • Tel.  943 890808
  • Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. (Rakel Calvo)
  • http://www.urolakosta.eus/eu/mikropreben