Arrakastatsua izan da 'Aniztasunaren kudeaketa Urola Kostan' programa

Eskualdeko 4 enpresak hartu dute parte, estreinakoz, esperientzia pilotuan eta 2019an jarraipena emango zaio ekimenari.

Azken urteotan testuinguru ekonomiko eta sozialean izan diren aldaketen eraginez, inoiz baino aniztasun handiagoa dago enpresetan. Jatorri, ezagutza eta motibazio desberdinetako pertsonak biltzen dira gaur egungo enpresetan; ondorioz, kudeaketa-mekanismo tradizionalak jadanik ez dira eraginkorrak. Eta, aldi berean, desberdintasun horiek aukera berriak sortzen dizkiete erakundeei eraginkorragoak eta berritzaileagoak izateko.

“Aniztasunaren Kudeaketa Urola Kostan” egitasmoaren bidez, erronka horiei aurre egiten, aniztasunaren onura potentzialak aprobetxatzen eta izan ditzakeen ondorio negatiboak minimizatzen lagundu zaie Urola Kostako eskualdeko enpresei. 

Lehen edizio emankorra

Gero eta ohikoagoa da enpresetan askotariko bizimodu, joera eta ezaugarriak dituzten langileen arteko interakzioa. Jada horren homogeneoak ez diren lantaldeak kudeatzea, gaur gaurkoz, enpresa guztien zuzendaritzaren eginkizunetako bat da.

Enpresaren izaera, tamaina eta jarduna edozein dela ere, aniztasuna egoki kudeatzeak ugaritasuna hobeto baloratu eta diskriminazioak eragindako kostuak murriztea dakar. Aniztasunak, egoki kudeatuz gero, ateak zabaltzen dizkio enpresaren jardunari; batez ere, merkatu globaletan negozio aukera berriak sor ditzakeelako.

Testuinguru horretan, arrakastatsua izan da programaren lehen edizioa. Eskualdeko 4 enpresak hartu dute parte, estreinakoz, esperientzia pilotuan. Epe motzera etor litezkeen aldaketak aurreikusi eta errealitate berrira egokituz, enpresan kudeaketa eraginkor baterako lehen oinarriak landu dituzte egitasmoaren bitartez.

Tresna berriak

“Aniztasunaren Kudeaketa Urola Kostan” ekimenaren lehen edizioak hainbat erreminta sortu ditu:

Gida orokorra: aniztasuna kudeatu eta ekintza plana erakundearen baitan aplikatzeko enpresentzat lagungarri da gida. Hain zuzen, enpresei aniztasuna ondo kudeatzeko tresnak ematea da gida honen helburua, aniztasunak enpresetako lan-taldeei sortzen dizkien erronkei aurre egiten laguntzeko. Zehazki, hauek dira gida honen helburuak:

  • Enpresak sentsibilizatzea aniztasunak erakundeetan sor ditzakeen aukeren inguruan.
  • Enpresak sentsibilizatzea aniztasuna ondo kudeatzearen garrantziari buruz.
  • Aniztasunari buruzko jardunbide egokien eta sor ditzakeen aukeren adibide zehatzak ematea.

Autodiagnostikorako tresna: aniztasunari dagokionez, lantaldeen barne-egoera baloratzeko erreminta da. Tresna honen bidez, lantaldeen barne-egoera baloratzen da. Autodiagnostikoa egiteko tresna hiru dokumentuz osatuta dago: bi dira enpresak bete beharrekoak eta hirugarrena, langileek bete beharreko galdetegi anonimo bat da.

Plan ereduak: Ekintza plana definitu eta ezartzeko jarraibide gisa. Ekintza plan eredu bat lantzearekin batera, enpresa bakoitzaren errealitatera egokitutako ekintza-plana definitu eta horren ezarpena egin da.

Enpresa parte-hartzaileak

GUREAK desgaitasunen bat duten pertsonentzako –lehentasunez, adimen- desgaitasunen bat duten gipuzkoarrentzako– lan-aukera egonkorrak eta egokituak sortzen eta kudeatzen dituen euskal enpresa-taldea da. 

Ondozabal Group ingeniaritza eta industria-mekanikaren arloko enpresa-talde bat da. Talleres Ondozabal, SA talde horretako enpresetako bat da. Aia-Orion (Gipuzkoa) dago kokatuta, eta serie labur-ertainak mekanizatzen ditu.

ZUE SL 1987an sortutako galdaragintza-enpresa bat da, sektorean 31 urteko esperientzia duena. Galdaragintza ertain eta astunaren arloan jarduten du Zumaian (Gipuzkoa) duen instalazioan. Lan hori egiteko, puntako teknologia eta goi-prestakuntzako lan-taldea ditu.

Zumaiena Zumaian kokatutako ikastetxe kontzertatu bat da. Langileek eta familiek bultzaturiko hezkuntza-proiektua du, Zumaian errotua, beste hainbat profesional eta erakunderekin elkarlanean. Kalitatezko hezkuntza eskaintzen du, euskalduna, euskal kulturan oinarritua, aniztasuna zaintzen duena, integratzailea eta ez-diskriminatzailea, beste kulturetara eta familia-mota guztietara irekia eta ingurumenaren ikuspegitik iraunkorra, 0 eta 18 urte arteko ikasleentzat.

Aurrera begira

Eskualdearen garapenerako faktore erabakigarrienetako bat dela ulertuta, eta lehen edizioak emandako emaitza onak eskuan, Udal Elkarteak jarraipena eman nahi dioi ”Aniztasunaren Kudeaketa Urola Kostan” ekimenari.

2019ra begira, asmoa da, jarduera eta tamaina edozein dela ere, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako ahalik eta enpresa gehienetara zabaltzea ekimena.

Izen-ematea eta informazioa

Izena eman edota informazio gehiago jasotzeko, idatzi e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez: