Birziklatze-tasa %70era igo da Urola Kostan

Beste datu batzuk

  • Kaleko edukiontzietan, martxotik abendura bitartean, ondo sailkatuta bildu da hondakinen %67,76.
  • Establezimenduei bideratutako puntuz puntuko bilketa-zerbitzuak ere emaitza ona izan du: %74,43ko birziklatze-tasa.
  • Industrialdeetako enpresen bilketan ondo sailkatuta bildu da hondakinen %66,84
  • Garbiguneetan, berriz, birziklatze-tasa %78,60koa izan da. Azpimarragarria da, bestalde, azken urteetan garbigune-zerbitzuak izan duen bilakaera: 2016tik 2017ra %9,82 igo zen jasotako hondakinen kopurua; 2017tik 2018ra %11,55 igo da.
  • Urtetako sailkapen-plantan ondo sailkatuta bildu da hondakinen %75,14.

Etengabeko jarraipena: doiketak eta hobekuntzak

Iazko martxoan Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian hondakinak biltzeko zerbitzu berria ezarri zenetik, Udal Elkartea etengabe ari da zerbitzua hobetzeko lanetan, sailkatuta ahalik eta hondakin gehien jasotzeko.

Azpimarratzeko modukoa da hondakin organikoaren bilketak hobetzeko 2018ko urtearen amaieran egindako ikuskatze-kanpaina. Bi hilabetez, azaroan eta abenduan, ikuskatze-lanak egin dira 5 herrietako hondakin organikoen edukiontzietan. Kanpainak eragina izan du eta hondakin organikoaren kalitatea hobetu da. Dena dela, oraindik lanean jarraitu beharra dago kalitate hobea lortzeko.

Aurrera begira

2018an bilketa-zerbitzuetan antzemandako hutsuneetan oinarrituta, hainbat neurri eta egitasmo jarriko dira martxan 2019ko lehen seihilekoan. Besteak beste, bilketaren maiztasuna egokitzen jarraituko du Udal Elkarteak eta moldaketak egingo ditu bilketa-zerbitzuetako ibilgailuetan. Bilketa-guneen eta edukiontzien garbiketa-lanak ere berrantolatu egingo ditu. Bestalde, hainbat gunetako zabor-poltsen presentzia gutxitzeko, udalekin elkarlanean, identifikazio-lanekin jarraituko du eta ohartarazpenak bideratuko ditu.

Ikuskatze-lanak ere indartu egingo ditu Udal Elkarteak, eta asteburu eta jaiegunetan ere egingo dira, sortzen diren gorabehera eta arazoak konpontzeko.

Zalantzarik gabe, sistema ezarri zenetik, bilakaera positiboa izan da eta hasiera-hasieratik erakutsi dute herritarrek jarrera ezin hobea. Nolanahi ere, Udal Elkarteak dei egiten die herritar guztiei arduraz eta ingurumenekiko begirunez jokatzen jarraitu dezaten. Udal Elkarteak lanean segituko du, etengabeko hobekuntzaren bidetik, %75eko bilketa-maila lortzera iristeko.

Sistema berriaren emaitza eta bilakaeraren inguruko datuak ikusgai daude Udal Elkartearen Ingurumen Saileko webgunean:

http://www.urolakosta.eus/eu/web/ingurumena-urolakosta/bilketa-datuak