'Motxila etorkizunez bete' erakusketa izango da kultur etxean azaroaren 19tik 25era

Presoen aldeko Orioko taldeak eta Sare elkarteak erakusketa antolatu dute Orioko kultur etxean Dispertsioff jaialdiaren barruan. Azaroaren 20an Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna da eta, hori dela-eta, hainbat ekitaldi antolatzen ari da Sare Herritarrak elkarteak Euskal Herri osoan.

Erakusketa azaroaren 19tik 25era bitartean izango da zabalik Orioko kultur etxeko areto nagusian eta kultur etxea zabalik dagoen orduetan bisitatu ahal izango da.

‘Motxiladun’ haurrek bizipenak

Euskal presoen urrunketa dela-eta, asko dira astebururo milaka kilometro errepidean egin behar dituzten haurrak, beren aisialdia eta atseden-garaia autobusean aita edo ama bisitatzen pasatzen dutenak. Haur horien bizipenak irudikatu nahi ditu erakusketak, ikuslea haien azalean jartzeko.

Erakusketak hiru gune eskaintzen ditu: batetik testigantza errealetatik ateratako bizipenak irudikatzen dituzten 12 marrazki daude; bestetik haur eta familien egoeren berri emateko roll-up informatiboak egongo dira eta, azkenik, gune interaktiboan, zentzumenetatik haurrak jasotzen duena irudikatu nahi izan dute.