Alironak antolatzeko protokoloa adostu dute Udalak eta Arraun Elkarteak

Udaletxeko bakoian, arraunlariak bakarrik

Zehaztu duten beste kontu bat hau da: irabazitako bandera astintzeko garaian arraunlariak bakarrik egongo dira udaletxeko balkoian. Haurrek aukera izango dute udaletxera igotzeko, baina ez balkoira ateratzeko. Balkoira omenduak bakarrik aterako dira; hau da: bandera irabazi duten arraunlariak.

Protokoloaren testua

Hau da protokoloaren testua, osorik:

LEHENA.- Harrera noiz egin: eguna eta ordua

Udalak eta Orioko Arraunketa Elkarteak adostutakoaren arabera, asteburuan egiten diren TKE eta KAE 2 ligetako estropadetan edo bestelakoetan herriko arraunlariek banderaren bat irabazten badute, harrera igande arratsaldeko 20:00etan egingo da udaletxean.

Estropadak urruti jokatzen direnean edo egoerak horrela eskatzen duenean, salbuespenak egin ahal izango dira ordutegian. Salbuespen horiek kirol-zinegotziak edo bere ordezkoak adostuko ditu kultura-zinegotziarekin, udaltzainburuarekin eta Orioko Arraunketa Elkarteko zuzendaritzako kideekin.

BIGARRENA.- Etxafuegoak

Arraunlariek estropada irabazten duten aldiro, etxafuegoak botako dira:

  • KAE ligako estropada bada, bi etxafuego
  • TKE-Euskolabel ligako estropada bada, hiru etxafuego
  • TKE-Euskotren ligako estropada bada, lau etxafuego

HIRUGARRENA.- Musikariak

Kultura-zinegotziak jakinaraziko die txarangako musikariei noiz den harrera-ekitaldia. Nolanahi ere, igande arratsaldeko 20:00etan diren harreretan, musikariak 19:30ean irtengo dira udaletxetik. Salbuespen diren kasuetan, kultura-zinegotziak jakinaraziko die ordutegia.

Behin harrera amaituta, musikariek aukera izango dute udaletxera igo eta arraunlariekin argazkia ateratzeko.

BOSGARRENA.- Txarangaren ibilbidea

Musikarien ibilbidea udaletxean hasiko da. Hortik herriko sarrerara igoko dira eta handik berriz ere Herriko Plazara etorriko dira kalejiran, arraunlariekin.

SEIGARRENA.- Argazkiak

Harrera ofiziala egin baino lehen, asteburu horretako talde irabazle guztien argazkia aterako da udaletxeko sarreran. Herritarrek, horrela, aukera izango dute arraunlariak eta sariak osotasunean ikusteko. Behin udalbatzarraren aretoan talde-argazkiak aterata, balkoian segurtasuna bermatzeagatik, irabazle-talde bakoitzak bere harrera propioa izango du.

ZAZPIGARRENA.- Haurrak

Balkoiak duen arriskua kontuan hartuta, haurrek ezin izango dute atera: udaletxera igo bai, baina balkoira, ez. Balkoian arraunlariek bakarrik jasoko dute herritarren omena.

 

ARGAZKIA: KARKARA aldizkaria