Joxe Etxeberria Iñarrak balea-arrantza irudikatzen duen tailla bat eman dio Udalari

Azalpen-oharra

Taillarekin eta bi dokumentuekin batera, ohartxo bat ere jarri du Udalak udalbatzarraren aretoan, tailla nork egin duen adierazten duena eta baleazale oriotarren historia laburtzen duena. Oharrak honela dio:

XVI. mendean Euskal Herriko ontzigintza Europako hoberenetakoa zen eta hemengo arrantzaleak trebeenak ziren balea arrantzan.

Garai hartan, urtero-urtero, udaberriarekin batera, hogei edo hogeita hamar ontzi abiatzen ziren balea-arrantzara Oriotik eta Euskal Herriko beste portuetatik. Ontzi bakoitzak laurogei lagun inguru zeramatzan barruan. 200-700 tonako ontzi handi haiek Ozeano Atlantikoa zeharkatu eta gaur egun Kanadako lurra den Gran Baya-ra iristen ziren, han bizilekua muntatu eta balea-arrantzan hasteko.

Txalupaz joaten ziren balea bila. Hiru bat txalupa behar ziren, bakoitza sei lagunekin, balea bat inguratu eta arpoiz hiltzeko, eta gero beste pare bat gehiago, hura lehorrera garraiatzeko. Behin lehorrean, labana handiekin zatitu eta zatiak labeetara eramaten zituzten, sain izeneko koipea egiteko. Koipe hura ondo saltzen zen nazioarteko merkatuetan eta horrek azaltzen du zergatik hartzen zituzten arrantzaleek horrelako nekeak.

Arrantzale haiek han hiltzen ziren batzuetan eta hala gertatu zitzaien, esaterako, Juan Martinez de Larrume eta Joanes Etxaniz oriotarrei. Hil aurretik beren azken nahiak idazteko aukera izan zuten eta, hain zuzen ere, Amerikan sortutako dokumentu idatzi zaharrenen artean daude bi oriotar hauen testamentuak.

JoxeEtxeberria19

 

joxeetxeberriainfo19