ITSASOTIK HERRIRA ekimenaren 2. edizioa aurkeztu du Urola Kostako Udal Elkarteak

Udal Elkartetik sortutako ekimena

ITSASOTIK HERRIRA Jaialdia Urola Kostako Udal Elkarteak sustatutako ekimena da. Udal Elkarteko Garapen Agentziak duela 3 urte abiatutako Kultura eta Sormen Industrien sektorea suspertzeko lan-lerro estrategiko oso bat dago jaialdia aurrera ateratzeko ahaleginaren atzean.

Udal Elkarteak eskualdearen potentzialitateak baliatu eta lankidetzaren bidetik bailara eraikitzen jarraitzeko konpromisotik gorpuztu da proiektua, eskualdeko herriekin lankidetzan eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Eta zuzenean ondu da, eskuz-esku, bailarako sormen eta kultura ehun aberatsa osatzen duten profesional, eragile, elkarte, enpresa eta norbanakorekin.

Udal Elkartearen sostenguaren txapelpean eta elkarlanean jardun dute 14 diziplinatako 50 eragile baino gehiagok jaialdia antolatzen.

Eskualdeko kultura-ondarean jiran, guztira, 20 ekimen inguru eskainiko dira Zarauzko hainbat gunetan. Eskaintza zabala izango da, diziplina anitzeko egitasmoz osatua (eskultura, artisautza, dantza, kultura-ondarea, musika, antzerkia…) eta guztiek izango dute, nabarmen, eskualdeko kutsua.