Oreka TX taldearen azken lana

«Koklea» lana aurkeztuko du Oreka TX taldeak Orion. Iaz kaleratu zuten lana da eta, pandemia dela eta, aurten ez dute toki askotan emateko aukerarik izan.

Oreka TX txalaparta taldea da. 1997an sortu zuten Harkaitz Martínez eta Igor Otxoa musikariek. Hasieran Kepa Junkeraren bandarekin ibili ziren eta artista ezagun askorekin jo dute: Carlos Nuñez, La Bottine Souriante, Aziza Brahim, Taraf de Haidouks, Dulce Pontes, Phil Cunningham, Manu Dibango edo Pat Metheny, adibidez. 2006an Nömadak TX egitasmo zabala aurkeztu zuten; horren barruan dokumental bat, disko bat eta bi zuzeneko emanaldi daude: Karpa Nömada eta Nömadak TX Zuzenean.

Hauek dira Oreka TX taldea osatzen duten musikariak:

  • Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte - harrizko txalaparta, egurrezko txalaparta, pitak, tututofonoa, kanaberak, tokoia
  • Mixel Ducau - alboka, albokotea, saxofoia, klarinetea
  • Iñigo Egia - tabla indiarra, kajoia, kalabazak, bendhirra, tara, platerak, bodhrama, hang-a
  • Juanjo Otxandorena - bouzoukia, baxua