Udalak webgunea berritu du

Udalak bere webgunea berritu du egun hauetan. Webgune zaharra 2012an egindakoa zen eta dagoeneko agerian zituen hainbat aje eta hutsune, bai diseinu aldetik eta bai funtzionalitatearen aldetik.

Webgunearen diseinu berria argiagoa da, sinpleagoa, eta errazagoa da gauzak aurkitzea bertan. Aurrekoa bezala, Joomla plataformaren gainean eraikita dago; baina bertsio berriago bat erabiliz. Ondorioz, gestionatzeko errazago da eta praktikoagoa.

Udalbatzarrak ohiko bilkura egingo du asteartean, martxoak 26

Bilkura udalbatzarraren aretoan izango da, udaletxean, eta 19:30ean hasiko da. Gai hauek aztertuko dira:

1.- Irakurri eta onartzea, egoki bada, udalbatzarraren akta hauen zirriborroak: 2018ko abenduaren 27ko, 2019ko otsailaren 11ko eta 2019ko martxoaren 7ko ezohiko bilkuretakoak eta 2019ko urtarrilaren 29ko ohiko bilkurakoa.

2.- Adjudikatzea, egoki bada, honako kontzesio administratiboaren kontratazioa: Orioko Antilla hondartzako 3. zenbakidun eraikina okupatu eta bertan Udalak baimendutako ostalaritza-zerbitzuak emateko kontratua.

Udalak berritu egin du Eguneko Zentroko ile-apaindegia

Eguneko Zentroko ile-apaindegiak berritu baten premia zeukan, Udalak ez zuelako bertan ezer egin 2005ean ireki zenetik.

Honako lan hauek egin ditu Udalak bertan:

  • Gortinak jarri leihoetan. Eguzkiak bete-betean jotzen du ile-apaindegiko lokalean eta asko berotzen zen. Lizaso dekorazio-dendak jarri ditu gortinak eta, guztira, 298 euroko kostua izan dute (BEZa barne).
  • Barruko paretak eta sarrerako ateak pintatu. Udal-brigadak egin ditu lan horiek eta, guztira, 200 euro gastatu dira pinturatan (BEZa barne).
  • Altzari berriak, aulkiak eta mostradorea. Negredo group enpresari erosi dizkio Udalak eta 3.305,48 euroko kostua izan du (BEZa barne).

Bukatu dira Mutiozabal ontziolako bigarren faseko lanak

Egin diren lanak honako hauek dira:

  • Ekialdeko fatxada berregin.
  • Ur-konporta berria egin.
  • Barruko egitura sendotzen bukatu.
  • Barruko gradak egokitu.
  • Kanpoko pasarelak eraiki.

Barruko ekipamenduari dagokionez, Azkoitiko Lanbide Eskola laneko mahaiak eraberritzen ari da une honetan eta, bestalde, ibilbideak osatzeko bi eskailera egin ditu.

Hauteskunde-mahaietako kideak aukeratzeko zozketa martxoaren 28an egingo da

Apirilaren 28an egingo dira Espainiako Diputatuen Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak eta, hori dela-eta, zozketa publikoa egingo da udaletxean, egun horretan osatuko diren hauteskunde-mahaietako kideak aukeratzeko.

Bi urterako hitzarmena sinatu dute Udalak eta Arraun Elkarteak

Hitzarmena sinatzeko ekitaldia gaur goizean egin da eta bertan izan dira Jose Angel Zaldua alkatea, alde batetik, eta Arraun Elkarteko presidente Ibon Huegun, bestetik.

Euskarazko prestakuntza-saioak antolatu ditu berriz Urola Kostako Udal Elkarteak, enpresa txikiei bideratuta

Enpresa Euskaraz Handitzen ekimenaren baitan, eskualdeko enpresa txikiei bideratutako euskarazko prestakuntza-saioak antolatu zituen Urola Kostako Udal Elkarteak urtarrilean. Martxotik aurrera, bigarren deialdia zabalduko da. Berrikuntza bezala, ekintzaileei zuzendutako saio bereziak ere prestatu ditu.

Enpresa kudeatzeko ikastaroa antolatu du Udal Elkarteak, ekintzaileei edota enpresa txikietako arduradunei bideratuta

Ikastaroaren helburu nagusia da ekintzaile nahiz enpresariek gogoeta egitea beren ideia edota enpresei buruza. Aldi berean, kudeaketa eraginkorragoa lortzeko erremintak eskainiko zaizkie parte hartzaileei.

Ikastaroaren ezaugarriak

Guztira, 20 orduko prestakuntza izango da eta Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian emango da (Urdaneta bidea, 6, 20800 Zarautz). Saioak martxotik maiatzera bitartean egingo dira, asteazkenetan eta goizez, 09:30etik 13:30era.

4 orduko 5 saio izango dira, guztira. Saio bakoitzean prestakuntza-modulu bat eskainiko denez, ikastaro osoa egin nahi ez dutenek aukera izango dute moduluka izen emateko.

Hautesle-errolda ikusgai dago udaletxean, kontsultak egin eta erreklamazioak aurkezteko

2019ko apirilaren 28an egingo diren Diputatuen Biltzarrerako eta Senaturako hauteskundeak direla-eta, jendaurrean daude dagoeneko hautesleen zerrendak (bai Orion bizi direnena eta bai atzerrian bizi baina Orion erroldatuta daudenena).

Hautesle-zerrenda jendaurrean izango da udaletxeko bulegoetan martxoaren 11tik 18ra bitartean, biak barne, 8:30etik 14:30era, astelehenetik ostiralera.

Elkarretaratze jendetsua egin dute herriko ikasle, irakasle eta gurasoek plazan, emakumeen eta gizonen parekotasunaren alde

Martxoaren 7ko goizeko 11:30ean morez jantzi da Orioko plaza. Bi eskoletako haur eta gazteek, irakasleek eta gurasoek elkarretaratzea egin dute plazan. Bertan, Udalaren ordezkariekin batera, ekitaldi labur bat egin dute udaletxeko balkoitik, emakumeen eta gizonen arteko parekidetasuna aldarrikatzeko.

Zarauzko Berritzegunearen koordinaziopean egin dute elkarretaratze bana Orion eta Zarautzen, bi herriotako ikastetxe guztien parte-hartzearekin.

'Ostiral teknologikoak' antolatu ditu Udal Elkarteak martxotik ekainera

Ekintzaile, autonomo eta enpresa txikiei zuzenduta daude saio horiek eta helburu hau dute: teknologia berriak beren negozioetan txertatzea eta ahalik eta etekin handiena ateratzea.

SPRIren “Ekintzaile, Autonomo eta mikroenpresentzat ezarritako IKT konponbideak - Inplantalariak” zerbitzuaren barruan kokatzen da ekimena.

Osteguneko azoka ikastola aurreko zabalunean egingo da

Ostegun goizean, martxoak 7, elkarretaratzea egingo dute plazan bi ikastetxeetako ikasle, irakasle eta gurasoek, 11:30ean hasita, gizonen eta emakumeen arteko parekidetasunaren alde.

Hori dela-eta, aste honetako azoka ez da, normalean bezala, Herriko Plazan egingo, baizik-eta ikastola aurreko zabalunean.

Barkatu eragozpenak.