Birziklatze-tasa %70era igo da Urola Kostan

Oraintxe bete da urtebete Urola Kostako udaletan hondakinak biltzeko sistema berria ezarri zenetik eta, urtebeteko tarte horretan, asko igo da herritarren birziklatze-tasa: gaur egun %70aren bueltan dago.

2018ko otsaila-martxoan, Urola Kostako Udal Elkarteak eta bost udalek hondakinak biltzeko zerbitzu berria jarri zuten martxan. Sistema ezarri eta urtebetera positiboa da balantzea. Izan ere, bilketa-zerbitzu guztien datuak kontuan hartu eta 2017ko datuekin alderatuz gero, ondo sailkatutako hondakinen ehunekoa 20 puntu baino gehiago igo da eskualdean:

  • 2017ko urte osoko birziklatze-tasa %46,68koa izan zen
  • 2018ko urte osoko birziklatze-tasa %67,64koa izan da

Kontuan hartu behar da, nolanahi ere, 2018ko tasa horretan eragina daukatela urteko lehen bi hilabeteak, sistema zaharrarekin egindakoak. Zerbitzu berria ezarri zenetik, birziklatze-tasa %70 inguruan dago egonkortuta.

Udalak eta Arkupe elkarteak elkarlanean sustatu nahi dute herriko merkataritza

Orioko Udalak eta Arkupe merkatari, ostalari eta profesionalen elkarteak elkarlana indartuko dute, herriko merkataritzari planteatzen zaizkion erronkei modu bateratu eta koordinatuan erantzuteko.

Elkarlan horren barruan marka bateratu bat sortu dute ’Orion bixi’ izenpean (ikusi beheko irudian) eta marka hori erabiliko dute aurrerantzean, herriko merkataritza suspertzeko egiten dituzten jarduera guztietan.

Atun-sarda sotoetako fatxadan

Kultur etxean eta turismo-bulegoan daude salgai BIGA proiektuko CDa eta DVDa

Orioko Udalak bultzatu du BIGA proiektua, Getaria, Pasaia eta Hondarribiko udalekin batera. Gipuzkoako kostaldeko itsas kantak biltzea izan da proiektuaren helburua eta, ondoren, kanta horiek herrietako abesbatzek kantatu eta grabatzea.

2017an abiatu zen egitasmoa eta 2018ko maiatzaren bukaeran egin ziren grabazioak herrietan.

Axular Arizmendi mutrikuarrak koordinatu ditu lanak eta Mutrikun daukan AME estudioan editatu ditu bai grabazioak eta bai bideo-erreportajea.

Udalak obrak egingo ditu liburutegian eta, ondorioz, itxita izango da lau bat astez

Datorren asteazkenean, otsailak 27, itxiko da liburutegia jendearentzat eta hala egongo da obrak bukatu eta liburuak berrantolatu arte. Udalak aurreikusten du lau bat astez egongo dela liburutegia itxita.

Datorren asteartea izango da, beraz, liburuak hartu eta itzultzeko azken eguna. Kontuan hartuta denboraldi batean ez dela liburuak hartzeko aukerarik izango, erabiltzaileek aukera izango dute ohi baino liburu-kopuru handiagoa hartzeko egun hauetan.