KONPETENTZIEN ESKOLA izeneko zerbitzua sortu du Udal Elkarteak, eskualdeko langileen kualifikazio-beharrei erantzuteko

Hasteko, bi ikastaro antolatu ditu: “Izan-be digital” eta “45+Indartzen”. Izena emateko epea irekita dago urriaren 25era arte.

Urola Kostako Udal Elkarteko Enplegu eta Lan-orientazio Zerbitzuak KONPETENTZIEN ESKOLA zerbitzu berria abiarazi du. Funtsean, pertsonen, gizartearen, enpresen eta sektore ekonomikoen kualifikazio-beharrei erantzuteko jaio da eskola. Eskualdeko enpresetan kultura eraikitzailea indartzen lagundu nahi du Udal Elkarteak, etengabeko ikaskuntza sustatuz eta trebakuntzaren bidez. Bi alorretan eragin nahi du: batetik, pertsonen laneratzea erraztu eta beren aurrerabide profesionala suspertu; eta, bestetik, eskualdeko erakunde nahiz enpresen errendimenduan eragin.

KONPETENTZIEN ESKOLAren baitan, bi prestakuntza berri eskainiko dira urte amaiera bitartean: “45+ indartzen” egitasmoa eta “Izan-Be digital” ikastaroa.

Hautesle-errolda ikusgai dago udaletxean, kontsultak egin eta erreklamazioak aurkezteko

2019ko azaroaren 10ean egingo diren Diputatuen Biltzar eta Senaturako Hauteskundeak direla-eta, jendaurrean daude dagoeneko hautesleen zerrendak (bai Orion bizi direnena eta bai atzerrian bizi baina Orion erroldatuta daudenena).

Hautesle-zerrenda jendaurrean izango da udal-bulegoetan irailaren 30etik urriaren 7ra bitartean, biak barne, 8:30etik 14:30era, astelehenetik ostiralera.

Hautesleek aukera daukate, epe horren barruan, hautesle-zerrendako datuak zuzenak diren ala ez aztertzeko eta erreklamazioak aurkezteko. Erreklamazioa aurkeztekotan, hautesleak berak edo behar bezala baimendutako pertsona batek aurkeztu eta sinatu behar du eta nortasun-agiriaren, gidabaimenaren edo pasaportearen kopia erantsi behar dio.

Udalak gai honi buruz kaleratu duen iragarkia hemen ikus daiteke, bi hizkuntzatan:

Hautesle-zerrendak jendaurrean. Iragarkia PDF formatuan

Urriko eta azaroko jardueren programa argitaratu du Udalak

Udalak kaleratu berri du urriko eta azaroko kultur jardueren programazioa. Ekitaldi hauek osatzen dute programa:

URRIAK 5, LARUNBATA
Euskalsurf SUP Race Zirkuitua-Orio 2019. Arraun-surfeko txapelketa eta egun osoko festa.

URRIAK 8, ASTEARTEA
18:00 Alzheimerrari buruzko hitzaldia kultur etxean, AFAGI elkarteak antolatuta

URRIAK 14, ASTELEHENA
18:00 Miriam Mendoza ipuin kontalariaren saioa kultur etxeko areto nagusian (3-6 urte arteko haurrentzat)

URRIAK 18, OSTIRALA
22:00 Gari & Maldanbera taldearen kontzertua kultur etxean. Sarrerak 10 euro balio du eta aldez aurretik hartu behar da bertan

Izena emateko epea zabaldu du Haurreskolak urriaren 1etik 9ra

Haurreskolan matrikulatzeko epea datorren urriaren 1ean zabalduko da eta irekita egongo da urriaren 9ra arte.

Matrikulatzeko, haurrak jaiota izan behar du.

Orain matrikulatzen diren haurrak abendutik aurrera hasiko dira haurreskolan.

Izena emateko ordutegia hau izango da: goizez, 09:30etik 11:00etara; eta arratsaldez, 13:30etik 15:00etara.

Ate irekietako eguna irailaren 30ean

Datorren irailaren 30ean, astelehenarekin, ateak irekiko ditu Maria Maestra haurreskolak, barrutik ezagutu nahi dutenek aukera izan dezaten instalazioak ikusteko, hezitzaileekin hitz egiteko eta, oro har, informazioa jasotzeko. Bisita-ordua arratsaldez izango da, 17:00etatik 18:00etara.

Kultur etxe atzeko plaza itxita izango da ostegun goizean

Ostegunean, irailak 26, bukatuko dira kultur etxe atzeko plazako zorua berritzeko lanak eta, hori dela-eta, bai plaza eta bai, beraz, bertako igogailua itxita izango dira goiz osoan.

Arratsalderako lanak bukatuta egotea espero du Udalak eta, beraz, plaza eta igogailua berriro erabilgarri izatea.

Barkatu eragozpenak.

ITSASOTIK HERRIRA ekimenaren 2. edizioa aurkeztu du Urola Kostako Udal Elkarteak

Urriaren 11n eta 12an egingo da aurtengo edizioa, Zarautzen, eta eskualde osoari zuzenduta.

Iaz eskualdeko bost herrietan antolatu ziren ITSASOTIK HERRIRA jaialdiko ekitaldiak, baina aurrerantzean herriz herri txandaka egitea erabaki dute antolatzaileek. Aurtengo jaialdia, beraz, Zarautzen egingo da eta datozen urteotan eskualdeko gainerako herrietan, txandaka.

‘Ingurumenaren uberan’

Aurtengo jaialdian ingurumena izango da gaia. “Ingurumenaren uberan” goiburu hartuta, egitarauko proposamen guztiak, nolabait, ingurumena gaitzat hartuta osatu dira. Esaterako, artista eta sortzaile batzuk ingurumena inspirazio-iturri izan duten bitartean, beste ekimen batzuk ingurumena zaintzearen garrantziaz sentsibilizatzeko garatu dira.