Egun hauetan banatuko dira Orioko postontzietan Udalak argitaratutako patrikako egutegia eta UEMAren berripapera

Udalak patrikako egutegia argitaratu du aurten ere eta egun hauetan banatuko da herriko postontzi guztietara. Egutegia tamaina txikikoa da, karteran erabiltzeko modukoa, eta herriko telefono-agenda bat ere badakar, herritarrentzat baliagarria izan daitekeena.

Udalak 2.500 ale argitaratu ditu eta etxe guztietara iritsiko da ale bat. Norbaitek beste aleren bat nahi badu, udaletxean edo kultur etxean eskatu besterik ez dauka.

UEMAren berripapera

Egutegiarekin batera banatzen ari da, baita ere, UEMA (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) argitaratutako abenduko berripapera. Zortzi orrialdeko berripapera da, UEMAk argitaratu duen 48.a, eta mankomunitatea osatzen duten herri guztietan banatuko da. Guztira, 100.000 aletik gora zabalduko dira Euskal Herriko txokorik euskaldunenetan.

2018ko abenduko zenbaki honetan udalerri euskaldunen prebentziotik garapenerako urratsen inguruko hausnarketa eta jardunaldia da gai nagusia. Horrekin batera, udalerri euskaldunetako osasun zerbitzu publikoetako langileen hizkuntza gaitasunaren inguruko azterketa, gazteentzako hezkuntza proiektua edota Euskaraldia ere hizpide da aldizkariaren 8 orrialdeetan barrena, azken hilabeteotako beste hainbat konturi buruzko albisteekin batera.

Deskargatu hemen Berripaperaren PDFa

Berripapera48

Udalbatzarrak ezohiko bilkura egingo du ostegunean, abenduak 27

Bilkura udalbatzarraren aretoan izango da, udaletxean, eta 19:30ean hasiko da. Gai hauek aztertuko dira:

1.- Irakurri eta onartzea, egoki bada, udalbatzarraren akta hauen zirriborroak: 2018ko uztailaren 24ko eta azaroaren 13ko ezohiko bilkuretakoak eta 2018ko urriaren 30eko ohiko bilkurakoa.

2.- Abenduaren 19ko 599/2018 alkate-dekretuaren berri ematea. Dekretu horren bidez 7/2018 zenbakidun kreditua aldatzeko espedientea onartzen da, kreditua transferitzeko modalitatean.

3.- Abenduaren 19ko 600/2018 alkate-dekretuaren berri ematea. Dekretu horren bidez 8/2018 zenbakidun kreditua aldatzeko espedientea onartzen da, kreditu gehigarrien modalitatean.

4.- Onartzea, egoki bada, kontratazio-espedienteen kontratazio-mahaiaren osaketa, kontratazio-organoa udalbatzarra denean.

5.- Onartzea, egoki bada, Javier Regalado Herrero arkitektoak idatzitako Orioko udalerriko irisgarritasun-planaren berrazterketa puntuala.

6.- Onartzea, egoki bada, Orioko Udalaren euskararen erabilera-plana, 2018-2022 aldirako.

7.- Behin betikoz onartzea, egoki bada, Dikeko Kontzertazio Batzordeak, Orioko Arrantzaleen Kofradiak eta Orioko Udalak sinatuko duten plangintza eta kudeaketako hitzarmen urbanistikoa.

8.- Baimena ematea, egoki bada, Orioko udalerriko kale-garbiketa kontratuaren lagapena egiteko FCC Medio Ambiente SA enpresaren alde, FCC, SA enpresa adjudikaziodunak eskatu duen bezala.

BIGA proiektuko CDa eta DVDa salgai daude Turismo bulegoan, 10 euroan

Orioko Udalak bultzatu du BIGA proiektua, Getaria, Pasaia eta Hondarribiko udalekin batera. Gipuzkoako kostaldeko itsas kantak biltzea izan da proiektuaren helburua eta, ondoren, kanta horiek herrietako abesbatzek kantatu eta grabatzea.

2017an abiatu zen egitasmoa eta aurtengo maiatzaren bukaeran egin ziren grabazioak herrietan.

Axular Arizmendi mutrikuarrak koordinatu ditu lanak eta Mutrikun daukan AME estudioan editatu ditu bai grabazioak eta bai bideo-erreportajea.

Orioko hiru kanta

Guztira 12 kanta biltzen ditu CDak, herri bakoitzeko hiru. Orioko hiru kanta hauek daude grabazioan:

  • Balearen bertsoak
  • Bertso txiki bat
  • Arrantza

Orioko kantak grabatzen Salatxo abesbatza, Danbolin musika-eskolako abesbatza eta haurrak ibili dira.

CDarekin batera DVD bat ere grabatu da, kostaldeko kantu-ondarearei buruzko erreportaje bat jasotzen duena. Santi Manterola eta Imanol Urkizu oriotarrak agertzen dira erreportaje horretan, besteak beste.

Turismo bulegoan salgai

CDa eta DVDa 10 euroan daude salgai Turismo bulegoan, eta opari egokia izan daiteke egun hauetarako.

Behin Gabonak bukatuta, urtarrilaren 7tik aurrera, kultur etxean ere erosi ahal izango da.

Zorionak eta urte berri on!

Udalak urtero egiten du Gabonetako postal bat, herritarrei eta kanpoko lagunei Gabonak eta urte berria zoriontzeko. Berez, herritik kanpo, zaharren egoitzetan, bizi diren oriotarrei emateko prestatzen du postala, Gizarte Ongizate batzordearen ekimenez; baina, gero, erabilera gehiago ere ematen dizkio.

Aurtengo postala egiteko irudia Iban Egiguren argazkilari oriotarrak utzi digu eta eskertzen diogu. Otsaileko elurtean ateratakoa da.

Postalaren aitzakiaz Gabon jai ederrak opa dizkizuegu guztioi. Urte berri on!

Udalak argiteria publiko osoa berrituko du datozen bi urteotan, LED erako argiak jarrita

Lan hori egiteko, Orioko Udalak 250.000 euroko diru-laguntza jasoko du IDAE-FEDER Europar funtsetatik.

Udalak 500.000 euroko inbertsioa egingo du argiteria publiko osoa aldatzeko eta, beraz, kopuru horren erdia jasoko du diru-laguntzatan.

LED erako argiak jartzeaz gain, argiteria erregulatzeko sistema berriak instalatuko dira eta horrek aurrezpen handia ekarriko du elektrizitate-kontsumoan. Behin instalazioa bukatuta dagoenean, kontsumoa %80 gutxituko da eta, ondorioz, Udalak aurreikusten du 55.000 euro aurreztuko dituela urtero elektrizitatean.

Udalak jaso duen diru-laguntzaren baldintzen arabera, 2019 eta 2020 artean bukatu beharko ditu argiteria berritzeko lanak.

Errezabal bidean euri-urak biltzeko lanak egingo ditu Udalak

Errezabal bidean, Ortzaikan, ur asko jaisten da euria egiten duenean, eta ur hori N634 errepidera iristen da gero, putzuak eta arriskua sortuz.

Hori dela-eta, bertako urak bideratzeko lanak egingo ditu Udalak, Uzkue Eraikuntzak enpresaren bidez. Lanen kostua 25.000 eurokoa izango da, BEZik gabe.

Gaur hasiko dira lanak

Gaur, abenduak 18, hasiko dira lanak egiten eta 2-3 asteko iraupena izango dute.

Udalak barkamena eskatzen die, aldez aurretik, inguruko bizilagunei, eragozpenengatik eta ahalik eta endredorik gutxien sortzen ahaleginduko dela adierazi du.

Arrakastatsua izan da 'Aniztasunaren kudeaketa Urola Kostan' programa

Eskualdeko 4 enpresak hartu dute parte, estreinakoz, esperientzia pilotuan eta 2019an jarraipena emango zaio ekimenari.

Azken urteotan testuinguru ekonomiko eta sozialean izan diren aldaketen eraginez, inoiz baino aniztasun handiagoa dago enpresetan. Jatorri, ezagutza eta motibazio desberdinetako pertsonak biltzen dira gaur egungo enpresetan; ondorioz, kudeaketa-mekanismo tradizionalak jadanik ez dira eraginkorrak. Eta, aldi berean, desberdintasun horiek aukera berriak sortzen dizkiete erakundeei eraginkorragoak eta berritzaileagoak izateko.

“Aniztasunaren Kudeaketa Urola Kostan” egitasmoaren bidez, erronka horiei aurre egiten, aniztasunaren onura potentzialak aprobetxatzen eta izan ditzakeen ondorio negatiboak minimizatzen lagundu zaie Urola Kostako eskualdeko enpresei. 

Lehen edizio emankorra

Gero eta ohikoagoa da enpresetan askotariko bizimodu, joera eta ezaugarriak dituzten langileen arteko interakzioa. Jada horren homogeneoak ez diren lantaldeak kudeatzea, gaur gaurkoz, enpresa guztien zuzendaritzaren eginkizunetako bat da.

Enpresaren izaera, tamaina eta jarduna edozein dela ere, aniztasuna egoki kudeatzeak ugaritasuna hobeto baloratu eta diskriminazioak eragindako kostuak murriztea dakar. Aniztasunak, egoki kudeatuz gero, ateak zabaltzen dizkio enpresaren jardunari; batez ere, merkatu globaletan negozio aukera berriak sor ditzakeelako.

Testuinguru horretan, arrakastatsua izan da programaren lehen edizioa. Eskualdeko 4 enpresak hartu dute parte, estreinakoz, esperientzia pilotuan. Epe motzera etor litezkeen aldaketak aurreikusi eta errealitate berrira egokituz, enpresan kudeaketa eraginkor baterako lehen oinarriak landu dituzte egitasmoaren bitartez.

Tresna berriak

“Aniztasunaren Kudeaketa Urola Kostan” ekimenaren lehen edizioak hainbat erreminta sortu ditu:

Gida orokorra: aniztasuna kudeatu eta ekintza plana erakundearen baitan aplikatzeko enpresentzat lagungarri da gida. Hain zuzen, enpresei aniztasuna ondo kudeatzeko tresnak ematea da gida honen helburua, aniztasunak enpresetako lan-taldeei sortzen dizkien erronkei aurre egiten laguntzeko. Zehazki, hauek dira gida honen helburuak:

  • Enpresak sentsibilizatzea aniztasunak erakundeetan sor ditzakeen aukeren inguruan.
  • Enpresak sentsibilizatzea aniztasuna ondo kudeatzearen garrantziari buruz.
  • Aniztasunari buruzko jardunbide egokien eta sor ditzakeen aukeren adibide zehatzak ematea.

Autodiagnostikorako tresna: aniztasunari dagokionez, lantaldeen barne-egoera baloratzeko erreminta da. Tresna honen bidez, lantaldeen barne-egoera baloratzen da. Autodiagnostikoa egiteko tresna hiru dokumentuz osatuta dago: bi dira enpresak bete beharrekoak eta hirugarrena, langileek bete beharreko galdetegi anonimo bat da.

Plan ereduak: Ekintza plana definitu eta ezartzeko jarraibide gisa. Ekintza plan eredu bat lantzearekin batera, enpresa bakoitzaren errealitatera egokitutako ekintza-plana definitu eta horren ezarpena egin da.

Enpresa parte-hartzaileak

GUREAK desgaitasunen bat duten pertsonentzako –lehentasunez, adimen- desgaitasunen bat duten gipuzkoarrentzako– lan-aukera egonkorrak eta egokituak sortzen eta kudeatzen dituen euskal enpresa-taldea da. 

Ondozabal Group ingeniaritza eta industria-mekanikaren arloko enpresa-talde bat da. Talleres Ondozabal, SA talde horretako enpresetako bat da. Aia-Orion (Gipuzkoa) dago kokatuta, eta serie labur-ertainak mekanizatzen ditu.

ZUE SL 1987an sortutako galdaragintza-enpresa bat da, sektorean 31 urteko esperientzia duena. Galdaragintza ertain eta astunaren arloan jarduten du Zumaian (Gipuzkoa) duen instalazioan. Lan hori egiteko, puntako teknologia eta goi-prestakuntzako lan-taldea ditu.

Zumaiena Zumaian kokatutako ikastetxe kontzertatu bat da. Langileek eta familiek bultzaturiko hezkuntza-proiektua du, Zumaian errotua, beste hainbat profesional eta erakunderekin elkarlanean. Kalitatezko hezkuntza eskaintzen du, euskalduna, euskal kulturan oinarritua, aniztasuna zaintzen duena, integratzailea eta ez-diskriminatzailea, beste kulturetara eta familia-mota guztietara irekia eta ingurumenaren ikuspegitik iraunkorra, 0 eta 18 urte arteko ikasleentzat.

Aurrera begira

Eskualdearen garapenerako faktore erabakigarrienetako bat dela ulertuta, eta lehen edizioak emandako emaitza onak eskuan, Udal Elkarteak jarraipena eman nahi dioi ”Aniztasunaren Kudeaketa Urola Kostan” ekimenari.

2019ra begira, asmoa da, jarduera eta tamaina edozein dela ere, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako ahalik eta enpresa gehienetara zabaltzea ekimena.

Izen-ematea eta informazioa

Izena eman edota informazio gehiago jasotzeko, idatzi e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez:

 

Gabonetako kultur jardueren agenda publikatu du Udalak

Honako hau da aurtengo Gabonetako kultur jardueren agenda:

ABENDUAK 14, OSTIRALA

17:00 -19:00 Jostailuak jasoko dira Herriko Plazan, Herriok antolatutako jostailu erabilien truke-azokaren barruan.

ABENDUAK 15, LARUNBATA

10:30 -14:00 Jostailu erabilien truke-azoka Herriko Plazan, Herrio natur taldeak antolatuta. Eguraldi txarra egiten badu, frontoian izango da.

ABENDUAK 16, IGANDEA

16:30 Mandala tailerra umeekin kultur etxean. Ondoren, herriko zuhaitza apainduko dute egindako mandalekin.

ABENDUAK 19, ASTEAZKENA

19:30 Gabonetako kontzertua elizan: Salatxo abesbatza eta Danbolin musika eskola.

ABENDUAK 22, LARUNBATA

22:00 Herribil ekitaldia Karela kiroldegian, Harribil dantza taldeak antolatuta.

ABENDUAK 24, ASTELEHENA

10:45 Haurren kalez kaleko kantu-saioa. Eskola, ikastola eta Danbolin Musika Eskolako haur, irakasle eta gurasoak kantari arituko dira kalez kale, Ikastola ondoko plazan hasita.

11:00 Tonbola plazan, Ikastolako DBHko ikasleek antolatuta.

17:30 Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera Herriko Plazara, Lera taldearen eskutik.

ABENDUAK 28, OSTIRALA

11:00 - 13:30 eta 16:30 - 19:30 Gabonetako haur-parkea, Karelan.

19:30 Gospel-kontzertua San Nikolas elizan: The Upper Room.

ABENDUAK 31, ASTELEHENA

11:30 San Silvestre lasterketa, ikastola aurretik abiatuta. Haurrak

12:00 San Silvestre lasterketa, ikastola aurretik abiatuta. Helduak. Izen-ematea Karelan.

URTARRILAK 5, LARUNBATA

11:00 Erregeen karterua. Bizarzuri kalez kale ibiliko da, gutunak jasotzen. Eguerdian plazara iritsiko da.

17:00 Erregeen kabalgata herrian barrena. Karela kiroldegian bukatuko da.

Balea-hezurrak irudikatzen dituen konposizio batekin apainduko du Udalak zubiaz bestaldeko errotonda

Errotondak, era horretara, omenaldia egingo dio Orioko herriaren historiari, ikusgarri eginez balea-arrantzak gurean izan duen garrantzia.

Aurreko astean hasi ziren errotondako konposizioa egiten eta aste honetan bukatuko dituzte lanak. Aurrena errotondako lurra mugitu dute eta, beheko planoan ikusten den bezala, menditxo batzuen forma eman diote. Menditxo horien aurrean  kokatuko da balearen hezurdura, Zarauztik autoan etorrita aurrez aurre ikusiko dena. Hezurdura zurez egina dago eta bost metrotik gorako altuera izango du punturik garaienean.

Balea-arrantza gogoan

XVI. mendean, urtero-urtero, udaberriarekin batera, Orioko eta inguruko portuetako 20-30 ontzi inguru abiatzen ziren balea-arrantzara gaur egun Kanadako lurra den Red Bay ingurura. Balea-arrantza jarduera garrantzitsua zen garai haietan eta, gaur egun ere, bizirik jarraitzen du oriotarron memorian; batez ere, 1901ean bertako arrantzaleek harrapatu zutelako gure kostaldean arrantzatu den azken balea. Baleak Orion izan duen eta oraindik daukan balio sinboliko horri erantzun nahi dio errotondan instalatzen ari diren konposizioak.

Konposizioaren osagaiak

Bi elementu hauek osatuko dute konposizioa:

  • Batetik, teila hautsien gaineko balea-hezurdura. Teilak Red Bay-ra urtero bidaiatzen zuten XVI. mendeko arrantzale haiek gogora ekartzeko jarriko dira. Balea-hezurdurak, berriz, 1901eko balea eta galtzeko arriskuan dagoen sardako balea irudikatuko du.
  • Bestetik, hezurren atzean, bost muino izango dira, Balearen bertsoek deskribatzen dituzten bost traineruak eta haiek gidatzen zituzten ‘mutil bizkor bikainak’ omentzeko.

Errotonda apaintzeko proposamena Enviser enpresarena da. Enviser arduratzen da, gaur egun, Orioko lorazaintza-zerbitzuaz eta, lehiaketara aurkezterakoan, hobekuntza gisa planteatu zuen errotonda apaintzea. Beraz, Enviserrek ordainduko ditu lan horren gastuak. Konposizioaren diseinua Ari arkitektura enpresa zarauztarrak egin du eta, diotenez, oriotarren kemenaren eta indarraren oroigarri izango da.

errotondakobaleaBI18

2018ko San Nikolas Festak-Trafiko Aldaketak

Udaltzaingoaren oharra

San Nikolas festetan Herriko plaza itxi egingo da ibilgailuentzat, urtero bezala, abenduaren 5eko 14:00etatik abenduaren 9ko 20:00ak arte.

Trafiko aldaketak hauek izango dira:

- Kaian zirkulazioaren norabidea aldatu egingo dugu.

- Ibilgailuak kaiatik barrena sartuko dira herrira eta DEBEKATUA izango dute bide hori erabiltzea herritik ateratzeko.

- Herritik ateratzeko, NAHITANAHIEZ, Txanka-hondartzako bidea erabili behar da.

Herritarrei eskatzen diegu kolaboratzea eta arau hauek betetzea.

Eskerrik asko aldez aurretik.

Udalak publiko egin ditu turismo teknikariaren eta udal kanpineko zuzendariaren deialdietako onartu eta baztertuen zerrendak, epaimahaien osaketak eta lehen ariketen deialdiak

Udalak bi lanpostu betetzeko deialdiak dauzka abiatuta:

  • Turismo, merkataritza eta ostalaritza departamenturako maila ertaineko teknikaria
  • Udal-kanpineko zuzendaria

Deialdi horiek direla-eta, bi iragarki publikatu ditu gaur Udalak:

Lehen ariketa urtarrilaren 16an

Bi iragarki horietan zehazten da:

  • Deialdi bakoitzera aurkeztutako zein izangai izan diren onartutak eta zein baztertuak, deialdian parte hartzeko.
  • Epaimahai kalifikatzaileak nola osatuko diren.
  • Lehen ariketa noiz izango den. Bi lanpostuen kasuetan lehen ariketa egun eta toki berean izango da: urtarrilaren 16an, 10:00etan, Orioko kultur etxean.

Euskararen Egunarekin banatu ziren udaletxean aurtengo EUSKARAZ GAZTE literatur lehiaketaren sariak

Sari-banaketa udalbatzarraren aretoan egin zen, abenduaren 3ko 19:00etan hasita, eta bertan izan ziren Euskara batzordeko buru Aitziber Campos eta zenbait zinegotzi, sarituekin eta epaimahaikideekin batera.

Argazkia Karkarak ateratakoa da.

Lehiaketaren epaimahaia honako hauek osatu dute aurten: Eli Manterolak, Karkara aldizkariaren izenean; Eli Lasa, Aiako Udaleko kultur teknikariak; eta Jabier Zabaleta, Orioko Udaleko Euskara Zerbitzuko teknikariak.

Ekitaldian adierazi zuten azpimarratzekoa dela aurten aurkeztutako lanen kalitatea.

LAN SARITUAK

Saritutako lan eta egileak hauek izan dira:

Ipuinak

1.- ‘Aitona ingelesa’ ipuina. Egilea: Iñaki Iturain.

2.- ‘Iker’ ipuina. Egilea: Mikel Iruretagoiena.

3.- ‘Gab(onak)’ ipuina. Egilea: Joxe Mari Unanue.

Accesita: ‘Baserria’ ipuina. Egilea: Ane Etxabe Usandizaga.

Accesita: ‘Katebegia’ ipuina. Egilea: Alazne Arruti.

Olerkiak/Bertsoak

1.- ‘Marearen kontra’ bertso-sorta. Egilea: Mikel Iruretagoiena.

2.- ‘Badira’ olerkia. Egilea: Iona Rekarte.

3.- ‘Argia’ bertso-sorta. Egilea: Rosi Lazkano.

Accesita: ‘Aurten bai!’ olerkia. Egilea: Garazi Urretabizkaia.

Accesita: ‘Mundua zapi bat balitz’ olerkia. Egilea: Alazne Arruti.

ABENDUAN ARGITARATUKO DIRA

Saritutako lanak Karkara aldizkariaren gehigarri batean argitaratuko dira abenduan, Gabonak baino lehenago kaleratuko den zenbakian. Ondoren, webgune honetan ere publikatuko dira.

Epaimahaiaren agiria (PDF)