Abenduan bi ikastaro antolatu ditu Udal Elkarteak lan bila dabiltzanentzat

Urola Kostako Udal Elkarteko laneko orientazio-zerbitzuak bi ikastaro berri eskainiko ditu abenduan.

Ikastaroen helburua da langabezian dauden pertsonei lana bilatzen laguntzea. 3 orduko iraupena izango dute eta doan izango dira. Ikastaro hauek eskainiko dira:

  • LAN ELKARRIZKETA: Lan-elkarrizketa entrenatuko duzu. Data: abenduak 13 (9:30-12:30); Hizkuntza: euskara
  • CURRICULUMA HODEIAN: Plataforma berriek nola funtzionatzen duten eta zertarako balio duten aztertuko duzu. Data: abenduak 18 (9:30-12:30); Hizkuntza: gaztelania

Izen-ematea eta informazioa

Enplegu Zentroa / Orientazio Zerbitzua
Tel. 943890808

Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

Urola Kostako Udal Elkarteak laneko eta auto-enpleguko orientazio zerbitzua eskaintzen du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren finantzaketarekin.

Asteburuan itxita izango da N-634 errepidea, Zarauzko bidean

Gipuzkoako Foru Aldundiak konponketa-lanak egingo ditu N-634 errepidean, Zudugarai inguruan. Hori dela-eta, zirkulaziorako erabat itxita izango da, Ubegun industrialdeko bidegurutzetik Zudugarai gaina arte. Zarautza joan nahi dutenek Aia aldetik egin beharko dute buelta: Santiagoerreka auzotik Andatzara eta handik Aiara, gero Zudugarai gainera jaisteko.

Lanak abenduaren 1eko goizeko 08:00etan hasiko dira, larunbatarekin, eta astelehen goizeko 06:00etan irekiko da errepidea ostera, 46 ordu geroago.

Azaroaren 30ean amaituko da ENPRESA EUSKARAZ HANDITZEN ekimenaren 2. deialdian izena emateko epea

Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresa txikiei euskaraz lan egiteko laguntza ematen jarraitzen dugu Urola Kostako Udal Elkartetik. Hurrengo ostiralean, azaroaren 30ean, amaituko da iaz abian jarritako ENPRESA EUSKARAZ HANDITZEN proiektuaren bigarren deialdian izena emateko epea.

Enpresa Euskaraz Handitzen

Gure eskualdeko enpresa txikiak euskaraz handitu nahi ditugu. Honela, Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresa txikietan euskararen erabilera sustatu nahi dugu, euskararen erabilera handituz, enpresa bera ere handituko baita.

Izan ere, euskararen normalizazioa bizitzaren esparru guztietara zabaltzea guztion zeregina eta ardura da, eta Urola Kostako Udal Elkarteak baditu baliabideak herritarren esku. Aurkezpen bideoan agertu nahi izan dugun eran, keinu txikiak izanagatik ere, aldaketa handia daiteke.

Urola Kostako Udal Elkarteak iaz ekin zion ekimenari. Lehendabiziko deialdian bailarako 12 enpresek hartu zuten parte; batez ere, osasun arloan diharduten hainbat enpresek. Euskarak enpresan duen presentzia indartu eta aldi berean, euskararekin enpresa handitzea helburu, ekimenak enpresa bakoitzaren errealitatera egokituko lana burutzea ahalbidetu du. Zenbait enpresentzat euskara-plan osoak diseinatu diren bitartean, beste kasu batzuetan itzulpenak egin, webguneak egokitu edota euskaratu, eta eguneroko lanerako ezinbestekoak diren dokumentu-ereduak landu dira. Egindako lana anitza bezain oparoa izan da.

Bigarren deialdiaren nondik norakoak

Programa honetan parte har dezakete Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresa txikiek (10 langile artekoek), sektorea eta jarduera edozein izanik ere. Bigarren deialdi honetan, hala ere, deialdi berezia egiten zaie hiru arlo hauetako enpresei: higiezinen zerbitzuak, finken administratzaileak eta aholkularitza etxeak.

Modu honetan, 10 langiletik behera dituzten enpresak hartu ditugu oinarri eta zerbitzua eta lana euskaraz eskaintzeko beharrezkoak dituzten tresna eta erremintak eskainiko dizkiegu:

  • bezeroekiko harremanetarako oinarrizko euskarri eta dokumentuak euskaraz jartzeko laguntza, oinarrizko zerbitzuak euskaraz egoki eskaintzeko
  • lana euskaraz egiteko urratsak emateko laguntza eta aholkularitza…

Informazioa eta izen-ematea

Parte hartu nahi duten enpresek izena eman behar dute, Udal Elkartearen webgunean dagoen formulario erraz bat betez edo helbide honetara mezu elektroniko bat bidaliz:

Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko..

Azaroaren 30ean amaituko da izen-emateko epea.

Guztiok egiten dugu Urola Kosta euskaldun, eta segi dezagun horretan. Zabaldu ditzagun euskararen ateak, gure hizkuntza eta gure enpresak handituz.

Luizi handia izan da Bentako bidean eta, ondorioz, itxita dago bidea bertakoentzat izan ezik

Atzoko euriteak luizi handia eragin du Bentako bidean eta errepidea kaltetuta geratu da, argazkian ikusi daitekeen bezala.

Teknikariek egoera aztertu eta konponketak egin bitartean, bidea ixtea erabaki du Udalak, bertakoentzat izan ezik. Izan ere, bidearen zati bat erori egin da eta, beraz, errepidea estututa dago tarte horretan. Bide-zati horretan ez dira bi auto kabitzen eta, segurtasuna bermatzeko, Udalak bidea ixtea erabaki du. Inguruko etxe eta baserrietan bizi direnek izango dute pasatzea; baina gainontzekoek, ez.

Udalak abisatuko du bidea berriro irekitzen denean.

Barkatu eragozpenak.

Zorionak Salatxo abesbatzari!

 

Zorionak Salatxo abesbatzari bere 25 urtebetzeagatik.

Lan eta ordu asko egon dira larunbatean eskainitako kontzertuan, baina egindako lan guzti horri esker, oriotar askok asko gozatu ahal izan genuen larunbatean.

Salatxo abesbatzaz gain, hainbat oriotarrek parte hartu zuten bertan: Harribil, Danbolin Musika Eskola, Xabier Lizaso, Gozategi, Olatz Zugasti… Benetan harro egoteko gaude Orion dugun artista mailarekin; beraz, zorionak parte hartu zenuten guztiei, eta, bereziki, Salatxo abesbatzari eta bere zuzendariari.

Lourdes Salsamendi

Kultura eta Turismo zinegotzia

Javier Otxandorena izango da Udalak deitutako garbitzaile-lanpostua beteko duena

Udalak garbiltzaile-lanpostu bat betetzeko egindako lehiaketa-oposizioko fase guztiak amaitu ondoren, epaimahai kalifikatzaileak azken emaitzaren berri eman du:

Garbitzaile-lanpostuaren lehiaketa-oposizioaren emaitza (PDF)

Epaimahai kalifikatzaileak, emaitza hori aintzakotzat hartuz, Javier Otxandorena izendatzeko proposamena egin du, bera izan delako puntuaziorik altuena lortu duena.

Probak gainditu dituzten gainerako izangaiekin lan-poltsa bat osatuko da.

Tratu ona sustatzen ari dira eskolan eta ikastolan, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta

Azaroaren 25ean izaten da Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna eta, hori dela-eta, aurreko urteetan bezala, batera landu dute gaia herriko bi eskolek eta Udalak, Zarauzko Berritzeguneak koordinatuta, eskualdeko hezkidetza-foroaren barruan.

Bai Zaragueta eskolan, bai ikastolan eta bai udaletxean pankarta bana jarri dute egun hauetan, guraso eta herritarren artean gaiari buruzko sentiberatasuna sustatzeko. Mezu positiboa emateko asmoz, tratu onaren aldekoa da pankartaren testua, eskualdeko hezkidetza-foroko partaideen artean adostutakoa: TRATU ONA, GUZTIONA.

Unitate didaktikoak eskoletan

Horrekin batera, Berritzeguneak unitate didaktikoa landu du, gaia eskoletan lantzeko, eta unitate horrekin lanean ari dira egun hauetan eskualdeko eskola guztietan.

Berdintasunaren arloan egindako aurrerapausoak gorabehera, estatistikek erakusten dute tratu txarrek gora egin dutela gizartean eta neska-mutilen artean ere badirela indarkeria-harremanak. Horri aurre egiteko, berariaz landu behar da gaia eskoletan.

Sei alojamendu dotazional egingo ditu Jaurlaritzak Anibarko Portuan Udalak lagatako lokaletan

2017an jarri ziren harremanetan Eusko Jaurlaritza eta Orioko Udala, aukera hori mahai gainean jartzeko eta, gaia aztertu ondoren eta bi urteotan hainbat bilera egin eta gero, Udaleko Hirigintza batzordeak 2018ko irailaren 5ean onartu zuen Jaurlaritzarekin sinatu beharreko hitzarmenaren zirriborroa. Hitzarmen horren arabera, Eusko Jaurlaritzak gazteentzako sei alojamendu dotazional sustatuko ditu Udalak Anibarko Portuan daukan lokalean. Udalak lokalaren lagapena egingo dio Jaurlaritzari eta haren ardura izango da alojamenduak egitea.

Aurreproiektua prest

2018ko azaroaren hasieran Eusko Jaurlaritzak alojamendu dotazional horien proiektua idazteko lehiaketa adjudikatu zuen eta Udalak azaroren 19an jaso du posta elektronikoz Amaia Casado arkitektoak idatzitako aurreproiektua. Bertan zehazten da 6 apartamentu dotazionalen eta bizilagunentzako gunearen proposamena: non kokatuko diren, neurriak eta abar.

Udaleko Hirigintza batzordeak azaroaren 19an bertan aztertu zuen gaia eta, aho batez, ontzat eman zuen aurreproiektuko proposamena, alojamenduen eta lokalaren kokapen eta azalerak zehazten dituena.

Jaurlaritzak eta Udalak ez dute oraindik sinatu hitzarmena, dagokion tramitazioa bukatu behar delako aurrena.

Dena ondo bidean, alojamenduak eta bizilagunentzako lokala egiteko lanak 2019an hasiko dira.

Orioko balea uretan ibili da gaur berriro

Udalak errioaren bestaldeko biltegi batean jasota zeukan 2001ean egindako poliespanezko balea. Azken Balearen Eguna egin zenean, 2016an, Udalak beste balea bat erabili zuen, puzgarria, eta zaharra biltegi batean jasota egon da orain arte.

Orain Udalak erabaki du balea zahar hori pixka bat konpondu eta jendearen bistan jarriko duela, dunetako eremuan, hotelaren ondoan.

Gaur goizean atera du udal brigadak biltegitik, muntatu eta atoian eraman du errioaren bestaldera. Lehorrean uzteko, txukundu eta produkturen bat aplikatu behar zaio, babesteko eta kaioek mokoka ez zulatzeko.

hotelekobalea18

Eusko Jaurlaritzak eta Orioko Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, Kai Aurreratuaren Proiektua elkarren artean finantzatzeko

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua eta Aitor Etxebarria Eusko Jaurlaritzako portu eta itsas gaietako zuzendaria Orion izan dira gaur arratsaldean eta Jose Angel Zaldua Orioko alkatearekin eta zinegotziekin elkartu dira, Eusko Jaurlaritzaren eta Orioko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena sinatzeko, honako helburua duena: Orioko moilan, Herriko Plazako 5 zenbakiaren aurrean, egingo den kai aurreratuaren proiektua elkarren artean finantzatzea.

Oinezkoentzako gune berriak eta aldaketak zirkulazioan

Hitzarmenaren xedea Orioko itsasadarraren eskuineko ertzaren erriberako kaia handitzeko soluzio teknikoa ematea da eta, aldi berean, Orioko Herriko Plazaren eta bere ingurunearen berrantolaketa urbanoa bultzatzea, oinezkoentzako gune berriak sortuz.

Obra garrantzizko horrek eragina izango du portuko domeinu publikoan. Horren titulartasuna Euskadiko Autonomia Erkidegoarena da. Egingo den obraren ondoren, bi noranzkoetako zirkulazioa duen errail bikoitzeko bidea egingo da moilan eta, horretarako, portuko azalera okupatu behar da. Bestalde, bide horren trazatua Eusko Gudarien kalearekin bat egiten duen kurbarekin bateragarri izan dadin, moila zabaldu egin behar da, atrakatzeko moduko kai baten ezaugarriekin.

2019an egingo dira lanak

Onartu den proiektua kontuan izanda, beharrezkoak diren jarduketetarako aurreikusten den kostu osoa 1.681.976 €-koa da (BEZ barne), eta honela banatuko da: Orioko Udalak 516.642,89 € ordainduko ditu, eta Eusko Jaurlaritzak 1.165.333,09 €. Proiektuan aurreikusten diren jarduketak 2019an egingo dira, ezeren okerrik ez dela. Bai Jaurlaritzaren ordezkariek eta bai alkateak barkamena eskatu dute, aldez aurretik, sortuko diren eragozpenengatik eta adierazi dute saiatuko direla lanak ahalik eta modu eraginkorrenean bideratzen.

Bi aldeek azpimarratu dutenez, Oriok portu kontzeptu globala du: bertan egiten diren jarduerak eta bestelako erabilera guztiak oso gertu daude, eta bat egiten dute ingurune urbanoan integratuta dagoen espazio fisiko bakarrean. Hori dela eta, beharrezkoa zen bi aldeen beharrei modu antolatuan erantzungo dien soluzio eraginkorra adostea.

hitzarmenamoila18

Martxan da aurtengo Mintzalagun programa: 22 talde eta 82 pertsona ari dira euskara praktikatzen eskualdean

Abian da 2018-19 ikasturteko Mintzalagun programa. Ikasturte honetako leloa da “Praktikatu eta bizi”, euskaraz egin eta euskaraz bizi.

22 talde, 82 mintzalagun

Urrian izena eman eta taldeak osatuta, martxan jarri dira asteroko hitzorduak. 22 talde osatu dira (Zumaian 4, Orion 3 eta Zarautzen 15) eta, guztira, 82 pertsona ari dira euskara praktikatzen.

Argibideak jasotzeko edo izena emateko

Norbaitek Mintzalagun programari buruzko argibideak jaso nahi baditu edo izena eman nahi badu, honako telefono eta helbideetara jo dezake:

  • Urola Kostako AEK euskaltegia; Zarauzko Udal Euskaltegia
  • Telefonoz: 625 485 215
  • Emailez: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.
  • http://mintzalagun.blogspot.com
  • https://www.facebook.com/mintzalagunak.gara

Hasierako ekitaldia Zumaian

Urtero bezala, taldeak osatu ondoren, Mintzalagun programaren hasierako ekitaldia egingo da. Oraingoan Zumaian izango da, Alondegian, azaroaren 15ean, 18:30ean.

Hasierako ekitaldi horretan “Bakean dagoenari bakean utzi” antzerkia ikusiko dute bertaratzen direnek, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileen antzerki-saioa.

Udaleko langileek ere hamalauko 'trainerua' osatu dute Euskaraldirako

Udaleko langileek ere babesa eman diote Euskaraldiari eta askok dagoeneko izena eman dute parte hartzeko, ahobizi nahiz belarriprest gisa.

Gainontzeko langileak eta herritarrak Euskaraldian izena ematera animatzeko, taldeko argazkia egin zuten atzo, azaroak 12, udalbatzarraren aretoan