Elkarretaratze jendetsua egin dute herriko ikasle, irakasle eta gurasoek plazan, emakumeen eta gizonen parekotasunaren alde

Martxoaren 7ko goizeko 11:30ean morez jantzi da Orioko plaza. Bi eskoletako haur eta gazteek, irakasleek eta gurasoek elkarretaratzea egin dute plazan. Bertan, Udalaren ordezkariekin batera, ekitaldi labur bat egin dute udaletxeko balkoitik, emakumeen eta gizonen arteko parekidetasuna aldarrikatzeko.

Zarauzko Berritzegunearen koordinaziopean egin dute elkarretaratze bana Orion eta Zarautzen, bi herriotako ikastetxe guztien parte-hartzearekin.

'Ostiral teknologikoak' antolatu ditu Udal Elkarteak martxotik ekainera

Ekintzaile, autonomo eta enpresa txikiei zuzenduta daude saio horiek eta helburu hau dute: teknologia berriak beren negozioetan txertatzea eta ahalik eta etekin handiena ateratzea.

SPRIren “Ekintzaile, Autonomo eta mikroenpresentzat ezarritako IKT konponbideak - Inplantalariak” zerbitzuaren barruan kokatzen da ekimena.

Osteguneko azoka ikastola aurreko zabalunean egingo da

Ostegun goizean, martxoak 7, elkarretaratzea egingo dute plazan bi ikastetxeetako ikasle, irakasle eta gurasoek, 11:30ean hasita, gizonen eta emakumeen arteko parekidetasunaren alde.

Hori dela-eta, aste honetako azoka ez da, normalean bezala, Herriko Plazan egingo, baizik-eta ikastola aurreko zabalunean.

Barkatu eragozpenak.

Maiatzaren 5eko artisautza-azokan izena emateko epea ireki du Udalak

Datorren maiatzaren 5ean, igandearekin, Orioko Udalak urteroko artisautza-azoka antolatuko du Herriko Plazan. Aurten azoka goizeko 10:30etik 14:30era izango da.

Izena emateko epea irekita dago eta nahi duenak apirilaren 5a arte dauka aukera zerrendan izen emateko.

Izen emateko Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera bidali behar da eskaera, bakoitzaren datuak jasoz (izen-abizenak eta telefonoa) eta saltzen duen artisau-produktua azalduz.

 

Udalbatzarrak ezohiko bilkura egingo du ostegunean, martxoak 7

Bilkura udalbatzarraren aretoan izango da, udaletxean, eta 19:30ean hasiko da. Gai hauek aztertuko dira:

1.- Otsailaren 19ko 86/2019 alkate-dekretuaren berri ematea. Dekretu horren bidez 1/2019 zenbakidun kreditua aldatzeko espedientea onartzen da, kreditua txertatzeko modalitatean.

2.- Onartzea, egoki bada, 2/2019 zenbakidun kreditua aldatzeko espedientea, kreditu gehigarrien modalitatean.

3.- Onartzea, egoki bada, 1/2019 zenbakidun  konpromiso-kredituen espedientea.

4.- Onartzea, egoki bada, 2001-2009ko erresulten ordainagiriak deuseztatzea.

5.- Onartzea, egoki bada, Arraunetxeko areto nagusia erabiltzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalaren aldaketa.

6.- Onartzea, egoki bada, Orioko Udalaren eta Orioko Arraunketa Elkartearen arteko lankidetza-hitzarmena 2019 eta 2020 urteetarako.

7.- Onartzea, egoki bada, udal-langileen ordainsariaren igoera 2019rako eta, baita ere, kargua dedikazio osoarekin edo partzialarekin egiten duten udal korporaziokideen igoera.

Luzatu egin da “Harakintza eta Haragikien elaborazioa” ikastaroan izena emateko epea

Eskualdeko langabeei bideratutako ikastaroa da eta partaideek aukera handiak izango dituzte gero lan-merkatuan sartzeko.

Izena emateko epea luzatu egin da, oraindik ere plaza libreak daudelako. Ikastaroa egiten duten langabeek aukera handiak izango dituzte lanean hasteko, horrelako ziurtagiria daukaten langileak falta direlako sektoreko lan-eskaintzei erantzuteko. 

Urola Kostako Udal Elkartearen eskutik, “Harakintza eta Haragikien elaborazioa” 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiria eskuratzeko aukera izango dute eskualdeko langabeek. 5 hilabeteko prestakuntza jasoko dute harakintzaren industrian murgildu nahi duten langabeek. Ikastaroa erabat doan izango da.

Kultura eta kirol jardueretarako dirulaguntzak eskatzeko epea zabaldu du Udalak

Udalak zabaldu du epea, herriko kultur elkarteek eta kirol elkarteek urteko dirulaguntzak eskatzeko. Epea zabalik dago dagoeneko eta martxoaren 29a izango da azken eguna, eskariak aurkezteko.

Eskariak udaletxeko erregistroan aurkeztu behar dira.

Birziklatze-tasa %70era igo da Urola Kostan

Oraintxe bete da urtebete Urola Kostako udaletan hondakinak biltzeko sistema berria ezarri zenetik eta, urtebeteko tarte horretan, asko igo da herritarren birziklatze-tasa: gaur egun %70aren bueltan dago.

2018ko otsaila-martxoan, Urola Kostako Udal Elkarteak eta bost udalek hondakinak biltzeko zerbitzu berria jarri zuten martxan. Sistema ezarri eta urtebetera positiboa da balantzea. Izan ere, bilketa-zerbitzu guztien datuak kontuan hartu eta 2017ko datuekin alderatuz gero, ondo sailkatutako hondakinen ehunekoa 20 puntu baino gehiago igo da eskualdean:

  • 2017ko urte osoko birziklatze-tasa %46,68koa izan zen
  • 2018ko urte osoko birziklatze-tasa %67,64koa izan da

Kontuan hartu behar da, nolanahi ere, 2018ko tasa horretan eragina daukatela urteko lehen bi hilabeteak, sistema zaharrarekin egindakoak. Zerbitzu berria ezarri zenetik, birziklatze-tasa %70 inguruan dago egonkortuta.

Udalak eta Arkupe elkarteak elkarlanean sustatu nahi dute herriko merkataritza

Orioko Udalak eta Arkupe merkatari, ostalari eta profesionalen elkarteak elkarlana indartuko dute, herriko merkataritzari planteatzen zaizkion erronkei modu bateratu eta koordinatuan erantzuteko.

Elkarlan horren barruan marka bateratu bat sortu dute ’Orion bixi’ izenpean (ikusi beheko irudian) eta marka hori erabiliko dute aurrerantzean, herriko merkataritza suspertzeko egiten dituzten jarduera guztietan.

Atun-sarda sotoetako fatxadan

Kultur etxean eta turismo-bulegoan daude salgai BIGA proiektuko CDa eta DVDa

Orioko Udalak bultzatu du BIGA proiektua, Getaria, Pasaia eta Hondarribiko udalekin batera. Gipuzkoako kostaldeko itsas kantak biltzea izan da proiektuaren helburua eta, ondoren, kanta horiek herrietako abesbatzek kantatu eta grabatzea.

2017an abiatu zen egitasmoa eta 2018ko maiatzaren bukaeran egin ziren grabazioak herrietan.

Axular Arizmendi mutrikuarrak koordinatu ditu lanak eta Mutrikun daukan AME estudioan editatu ditu bai grabazioak eta bai bideo-erreportajea.

Udalak obrak egingo ditu liburutegian eta, ondorioz, itxita izango da lau bat astez

Datorren asteazkenean, otsailak 27, itxiko da liburutegia jendearentzat eta hala egongo da obrak bukatu eta liburuak berrantolatu arte. Udalak aurreikusten du lau bat astez egongo dela liburutegia itxita.

Datorren asteartea izango da, beraz, liburuak hartu eta itzultzeko azken eguna. Kontuan hartuta denboraldi batean ez dela liburuak hartzeko aukerarik izango, erabiltzaileek aukera izango dute ohi baino liburu-kopuru handiagoa hartzeko egun hauetan.

Bi eskoletako haurrek emakume eta gizonen parekotasunaren aldeko mezuak banatuko dituzte denda eta tabernetan

Martxoaren 8ko Emakumearen Eguna dela-eta, Orioko eta Zarauzko ikastetxeek eta udalek, elkarrekin, emakume eta gizonen parekotasunaren aldeko mezua zabalduko dute.

Ekimen horren barruan, Orioko bi ikastetxeetako haurrek DINA4 tamainako kartel moreak egingo dituzte parekotasunaren aldeko mezuekin eta, ondoren, herriko denda eta tabernetan banatuko dituzte otsailaren 25etik martxoaren 1era bitartean. Horrela, gure dendari eta tabernariek ere aukera izango dute, hala nahi badute, ekimenean parte hartzeko, mezu horiek jendearen bistan jarriz.