Datorren ostiralean bukatuko da epea, 'Euskaraz Gazte' literatur lehiaketara lanak aurkezteko

Udalak 16 urtetik gorako herritarrentzat antolatzen duen 'Euskaraz Gazte' literatur lehiaketan lanak aurkezteko epea 2018ko azaroaren 16an bukatuko da, ostiralarekin. Lanak Orioko Euskara Zerbitzuan edo Aiako kultur etxean aurkez daitezke.

1.700 euro daude saritan, lanik onenen artean banatzeko.

Lehiaketaren oinarriak

Hemen ikus daitezke lehiaketaren oinarriak:

1.- ‘Euskaraz Gazte’ literatur lehiaketaren helburua idazteko zaletasuna suspertzea da Orioko eta Aiako gazte-jendearen artean.

2.- Lehiaketara aurkezten diren lanak euskaraz idatziak izango dira.

3.-  Lanak  jatorrizkoak eta inon argitaratu gabeak izango dira. Ez da onartuko beste lehiaketaren batean saria jaso duen lanik eta, ezta ere, beste hizkuntzaren batean idatzi eta lehiaketarako euskaratutakorik.

4.- Lehiaketan parte hartzeko, oriotarra edo aiarra izan behar da edo, bestela, Orion edo Aian bizi, eta 16 urte beteta izan behar dira.

5.- Lanen luzera librea izango da.

6.- Epaimahaiak gaiaren gertutasuna baloratuko du.

7.- Lehiaketak bi atal izango ditu: ipuina eta bertsoa (edo olerkia).

8.- Gaia librea izango da.

9.- Lanak aurkezteko era:

  • Lanak, onartua izateko, titulua besterik ez du izango agerian. Idazlearen izena ezin izango da inon aipatu. Lanarekin batera gutun-azal itxi bat aurkeztu beharko da, barruan egilearen datuak jasoko dituena eta kanpoan bere lanaren titulua besterik agertuko ez duena.
  • Adierazi beharreko datuak: egilearen izen-deiturak, adina, helbide elektronikoa eta telefonoa.

10.- Pertsona batek ezin dezake sari bat baino gehiago jaso atal bakoitzean.

11.- Sariak hauek izango dira:

Ipuinen atala

  • 1. saria: 300 euro
  • 2. saria: 200 euro
  • 3. saria: 150 euro
  • Bi accessit, bakoitza 100 eurokoa

Bertso edo olerkien atala

  • 1. saria: 300 euro
  • 2. saria: 200 euro
  • 3. saria: 150 euro
  • Bi accessit, bakoitza 100 eurokoa

12.- Epaimahaia. Epaimahaia Orioko Udaleko euskara teknikariak, Aiako kultur teknikariak eta KARKARA aldizkariko kide batek osatuko dute. Epaimahaiak hutsik utz ditzake sariak.

13.- Lanak aurkezteko tokia eta epea. Lanak Orioko Udaleko Euskara Zerbitzuan edo Aiako kultur etxean aurkeztuko dira. 2018ko azaroaren 16a izango da horretarako azken eguna.

14.- Antolatzaileek berea izango dute saritutako lanak argitaratzeko eskubidea. Gainontzeko lanak itzuli egingo zaizkio eskatzen dituenari.

Udalbatzarrak ezohiko bilkura egingo du asteartean, azaroak 13

Bilkura udalbatzarraren aretoan izango da, udaletxean, eta 20:00etan hasiko da. Gai hauek aztertuko dira:

1.- Onartzea, egoki bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Orioko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena. HItzarmenaren xedea honako hau da: Orioko portuan, Herriko Plazako 5. zenbakiaren parean kai aurreratua egiteko proiektua kofinantzatzea.

2.- Onartzea, egoki bada, udal-langileen ordainsariaren igoera 2018rako eta, baita ere, kargua dedikazio osoarekin edo partzialarekin betetzen duten udal koroporaziokideen igoera.

Zibersegurtasunari buruzko jardunaldia eta ikastaroa izango dira azaroan, eskualdeko enpresei bideratuta

Urola Kostako Udal Elkarteak abian jarritako “Zibersegurtasuna Urola Kostako enpresa ehunean” ekimenaren baitan, eskualdeko enpresa arduradunei bideratutako aurrez aurreko bi saio antolatu dira azarorako. Alde batetik, zibersegurtasunari buruzko 2 orduko informazio jardunaldia eskainiko da. Bestetik, 4 orduko ikastaro praktikoan parte hartzeko aukera izango dute. 

Gaur egun ezinbestekoa da enpresek beren sistema informatikoak babesteko neurriak hartzea. Horretarako, hainbat jarraibide eta protokolo ezarri behar izaten da. Udal Elkartetik sustatutako ekimen berritzaile honen bitartez, eskualdeko enpresei laguntza eta aholkularitza eskaini nahi zaie. Zibersegurtasunaren alorrean urratsak eman ditzaten. Bi dira ekimenaren helburu nagusiak:

  • Enpresek egungo zibererasoen inguruko informazioa izatea
  • Zibererasoei aurre egiteko, eskuragarri dauden baliabideak ezagutzea

INFORMAZIO JARDUNALDIA

Hizlariak: Igor Unanue, S21sec etxeko bazkidea eta Andoni Valverde, Iberdrolako segurtasun arloko arduraduna

Data: Azaroak 21, 09:15 – 11:15 (2 ordu)

Helburua: Enpresek egungo zibererasoen inguruko informazioa eskuratzea. 

IKASTARO PRAKTIKOA

Hizlaria: Miguel Fernández, Mondragon Unibertsitateko irakaslea

Data: Azaroak 29, 09:15 – 13:15 (4 ordu)

Helburua: Zibererasoei aurre egiteko eskuragarri dauden baliabideak ezagutzea eta enpresa bakoitzaren errealitatera egokitzeko aholkuak jasotzea.

Oharra: Norberaren ordenagailu eramangarria ekartzea gomendatzen da.

Lekua eta ordutegia: Bi ekimenak Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan izango dira (Urdaneta bidea 6, Zarautz).

Hizkuntza: Prestakuntza teorikoa gaztelaniaz izango da; aldiz, materiala euskaraz eta gaztelaniaz banatuko da.

Norentzat: Proiektuaren hartzaileak, bereziki, 10-99 langile dituzten eskualdeko enpresak dira. Ekimenak %100 diruz lagunduta daude Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresentzat.

Informazioa eta izen-ematea

Hauetako ekimenen batean parte hartzeko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea. Argibideak jasotzeko edo izena emateko, jarri gurekin harremanetan:

Urola Kostako Udal Elkartea

Tel.  943 890808

Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. (Aintzane Ruesgas, enpresa teknikaria)

http://www.urolakosta.eus/eu/web/urolakosta-agentzia/ciberseguridad

 

ZiSare proiektua abiatu da Urola Kostako ikastetxe guztietan, bosgarren urtez jarraian

ZiSare ingurumenari buruzko hezkuntza programa da, konpostajea sustatzea helburu duena. 2014-2015 ikasturtean martxan jarriz zenetik, urtez urte egonkortzen joan den ekimena da eta Urola Kostako ikastetxe guztietan egiten da.

Konposta egiten ikasten

Programaren baitan, ikasleek ikastetxean sortzen diren bihondakinak aprobetxatuz, konposta egiten dute. Hau da, hamaiketako garaian edota jangelatan soberan geratutako hondakin organikoak konpostagailura isurtzen dira; gerora, ikastetxeko baratzean edota lorontzietan erabilgarri izan daitekeen ongarria lortzeko. 

Aldi berean, ikasleek aukera dute, ariketa praktikoen bidez, konpostaje-prozesuaren nondik norakoak ikasteko. Hala, konpostagailu barruan gertatzen den prozesu osoa ikuskatzeaz gain, prozesuan parte hartzen duten deksonposatzaileak ere aztertzen dituzte. Taldeetan, behin prozesuaren jarraipena eginda, datu zientifikoak (tenperatura, pH, hezetasun maila…) erregistratzen dituzte eta konpost egoki bat lortutakoan, esperimentuak egiteko aukera zabaltzen zaie ikasleei.

2017-2018 ikasturtean, Urola Kostako 13 ikastetxek parte hartu zuten ZiSare programan; hain zuzen ere, bost herrietako eskualdeko 1075 ikaslek. Orotara, programaren baitako ekimenaren bitartez, ikasturte guztian zehar, 2.712 kg hondakin organiko konpost bihurtzea lortu zen. Edozein kasutan, tratatutako hondakin kopuruari garrantzirik kendu gabe, Zisare programak helburu pedagogikoak ditu ipar.

2018-2019. ikasturtean ere, eskualdeko 13 ikastetxek hartuko dute parte Urola Kostako Udal Elkartetik sustatutako Zisare proiektuan.  Beste urte betez jarraian, beraz, eskualdeko 1000 ikasle baino gehiagok parte hartuko dute, zuzen- zuzenean,  konposta egitea bultzatzen duen Zisare proiektuan. Hondakinen arazoa gure gizarteko erronka nagusienetako bat izaki, gazte gaztetatik ikastetxeetan kontzientziazio lana eginez, hurrengo belaunaldiek hondakin organikoen trataera lan gehigarri gisara ikusi ez dezaten lortu nahi da. Ekinez, lortzen dira emaitzak!

Aparkatzeko erloju gehiago banatuko dituzte Udalak eta Arkupek

Udalak eta Arkupe merkatarien elkarteak hala adostuta, Orioko erdiguneko aparkamendu-sistema aldatu zen uztailean. Sistema berriaren arabera, erdigunean aparkatu nahi duenak kartoizko erloju bat jarri behar du bistan bere autoan, eta horrekin markatu noiz aparkatu duen.

Sistema berria martxan jarri zenetik 5.000 erloju banatu dira herritarren eta bisitarien artean eta orain beste mila egin dituzte Udalak eta Arkupek. Mila horiek ere orain arte bezala banatuko dira, doan, lehengo tokietan.

Doan banatuko diren azken erlojuak

Orain arte doan eman zaio erlojua eskatu duenari; eta oraindik ere hala emango dira, erlojuen kostua erdibana ordainduko dute-eta Udalak eta Arkupek. Hala ere, banatzeko geratzen diren mila erloju horiek izango dira doan banatuko diren azkenak.

Udalak eta Arkupek, beraz, jakinaren gainean jarri nahi dituzte herritarrak, kontuan hartu dezaten.

Orioko Udaleko zinegotzi guztiek parte hartuko dute Euskaraldian

Udaleko zinegotzi guztiek eman dute izena dagoeneko azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den Euskaraldirako; batzuk, ahobizi gisa eta beste batzuk, belarriprest gisa.

Zinegotzi guztiek eman dute izena; baina argazkian bat falta da, etortzerik izan ez zuelako.

Udalaren 'trainerua' Euskaraldirako

Orion Euskaraldia antolatzen ari den lantaldeak proposamena egin zien herriko elkarte eta taldeei, hamalau laguneko 'traineruak' osatzeko, Euskaraldiari babesa agertzeko eta Orioko jendea izena ematera animatzeko. Orioko Udalak ekaineko udalbatzarrean onartu zuen, aho batez, Euskaraldiari babes ematea eta orain beste pauso bat egin du: Udala osatzen duten 13 zinegotziek Euskaraldian izena eman eta trainerua osatu dute, euskara-teknikaria patroi dutela. Horren bidez, herritarrak animatu nahi dituzte izena ematera eta Euskaraldian parte hartzera ahobizi edo belarriprest gisa.

Euskaraldirako izen-ematea

Oriotar askok eman du dagoeneko izena Euskaraldian parte hartzeko: azken errekuentoan 831 ziren eta kopurua egunero igotzen da. Orain arte ahobiziak apuntatu dira gehiena; baina Euskaraldiko lantaldeak belarriprestak ere animatu nahi ditu parte hartzera, ariketa ondo aterako bada, ezinbestekoak dira-eta.

Euskaraldian parte hartzeko Orion izena eman nahi duenak bi aukera dauzka:

Online egitea, http://izenematea.euskaraldia.eus/ webgunean. Galdetegi labur bat bete behar da. Bi minutu ere ez dira behar dena betetzeko.

Esteka honetatik deskargatu daitekeen fitxa bete eta herriko bost toki hauetan jarritako kutxatan utzi (fitxa bost toki horietan ere izango da eskuragarri):

  • Kultur etxea
  • Kiroldegia
  • Zaragueta eskola
  • Herri Ikastola
  • Maria Maestra haurreskola

 

Udalbatzarrak ohiko bilkura egingo du asteartean, urriak 30

Bilkura udalbatzarraren aretoan izango da, udaletxean, eta 19:30ean hasiko da. Ondoko gaiak aztertuko dira:

1.- Irakurri eta onartzea, egoki bada, udalbatzarrak 2018ko irailaren 25ean egindako ohiko bilkurako aktaren zirriborroa.

2.- Onartzea, egoki bada, ordenantza fiskalen eta beren eranskinen aldaketa, eragina 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera izango duena.

3.- Onartzea, egoki bada, Orioko Bake Epaitegiko bake-epaile ordezkoa izendatzeko proposamena.

4.- Onartzea, egoki bada, Orioko EH Bildu talde politikoak aurkeztutako mozioa, hondartzetako sorospen zerbitzuak Foru Aldundiko kudeaketara pasatzea eskatzeko.

5.- Eskariak eta galderak.

Muntoko behin-behineko aparkalekuaren lurra konponduko du Udalak azaroaren 2an, ostiralarekin

Datorren ostiralean, azaroak 2, eta eguraldiak laguntzen badu, Muntoko aparkalekuko lurra konpontzeari ekingo dio Udalak, zuloak-eta estaliz.

Horretarako, aparkalekuak autoz libre egon behar du eta, beraz, Udalak eskatzen die herritarrei autoak hortik erretiratzen joateko astean zehar, ostiralean erabat hutsik egon dadin.

Gauzak ondo bidean, egun bakarrean egingo dira lurzorua berdintzeko lanak eta, hartara, aparkalekua larunbaterako erabilgarri izango da berriro.

Barkatu eragozpenak.

Hasi da Mutiozabal ontziola berritzeko lanen bigarren fasea

Lanak Murgil Eraikuntzak, Betilan Eraikuntzak eta Amilibia ontziolak egingo dituzte.

Obrak, guztira, 120.000€ inguruko kostua izango du eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare sailak 14.000 eurorekin diruz lagunduko du.

Ekialdeko fatxada konpondu

Lanen bigarren fase honetan, ontziolako eraikinaren ekialdeko fatxada osatuko da, eraitsi berri den eraikinaren kontra zegoena. Bestalde, konporta berrituko da eta eraikinaren kanpoko eta barruko ibilbideak egokituko dira, eraikina bisitagarri egiteko.

Gauzak ondo bidean, lanak azaroaren bukaerarako amaituko dira.

Behin lanak bukatu ostean, Azkoitiako Lanbide heziketako zentroarekin egindako hitzarmenaren baitan, barruko aldea egokitzeko lanak hasiko dira, ontziola erabilgarri jartzeko lanerako.

Martxan da ENPRESA EUSKARAZ HANDITZEN ekimenaren 2. edizioa

Deialdia orokorra bada ere, bereziki enpresa jarduera hauei bideratuta diseinatu da ekimena: higiezinen zerbitzuak, finken administratzaileak eta aholkularitza etxeak.
Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresa txikiei euskaraz lan egiteko laguntza ematen jarraitzen dugu Urola Kostako Udal Elkartetik.
Urola Kostako Udal Elkarteak iaz ekin zion ekimenari. Lehendabiziko deialdian bailarako 12 enpresek hartu zuten parte; batez ere, osasun arloan ari ziren hainbat enpresak. Euskarak enpresan duen presentzia indartu eta aldi berean, euskararekin enpresa handitzea helburu, enpresa bakoitzaren errealitatera egokitutako lana egin du Udal Elkarteak. Zenbait enpresarentzat euskara-plan osoak diseinatu diren bitartean, beste kasu batzuetan lan zehatzak egin ditu: itzulpenak, webguneak egokitu edota euskaratzea, eguneroko laneko dokumentu-ereduak lantzea…
Bigarren edizioa martxan
Udal Elkarteak martxan jarri du urrian ekimenaren bigarren edizioa. Bigarren deialdia, bereziki, ondorengo enpresa jarduera hauei bideratuta diseinatu da: higiezinen zerbitzuak, finken administratzaileak eta aholkularitza etxeak. Edonola ere, herritar eta bezeroei beren zerbitzu eta produktuak euskaraz eskaintzeko interesa duen eskualdeko enpresa guztiek parte hartu dezakete programan. Prestakuntza-saioez gain, Enpresa Euskaraz Handitzen ekimenaren bigarren edizioan parte hartzen duten enpresek 3-4 hilabeteko banakako aholkularitza-zerbitzua jasoko dute: 2018ko azarotik 2019ko otsailera bitartean.
Arlo horietako zein beste edozein enpresak izena eman dezakete dagoeneko; http://www.urolakosta.eus/eu/euskara-enpresan webguneko formularioa bete edota Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbide elektronikora idatzita.
Euskara erabiliz, zure enpresa handitzen joango da eta denok irabaziko dugu. Zabaldu euskararen ateak!

Bentako bideak itxita segituko du ostegunean ere

Udala konponketa-lanak egiten ari da Bentako bidean eta, horren ondorioz, bidea itxita izango da ostegunean, urriak 25.

Muniotako inguruan bide ertzeko eskoilera bat ari da konpontzen Udala momentu honetan eta, hasieran batean gaur bukatzea espero bazuen ere, ez du lana amaitzerik izango bihar arte.

Bentako bidea, beraz, itxita izango da bihar, inguruko etxeetean bizi direnentzat izan ezik.

Barkatu eragozpenak.

Bentako bidea itxita izango da asteazkenean, obrengatik

Udalak konponketa-lanak egin zituen Bentako bidean aurreko astean eta, horren ondorioz, bidea itxita izan zen bi egunez: ostegunean eta ostiralean. Errepideko zuloak fresatu eta asfaltatu zituen Udalak.

Orain Udalak beste lan batzuk egin behar ditu Muniotako inguruan, konponketa zeharo bukatzeko; eta, lan horiek egiteko, bidea itxiko du berriz.

Bentako bidea, beraz, itxita izango da asteazken honetan, urriak 24, inguruko etxeetean bizi direnentzat izan ezik.

Barkatu eragozpenak.