Agenda 21 dela-eta, bilera egin dute alkatearekin herriko bi ikastetxeetako ikasle eta irakasleek

Martxoaren 6an egin zuten bilera Eskolako Agenda 21ean murgilduta dabiltzan Orioko ikasleek eta alkateak.

Herriko bi ikastetxeak ari dira Eskolako Agenda 21ean parte hartzen: Zaragueta eskola eta Orioko Ikastola.

Eskola bakoitzeko ingurumen batzordeko ikasleak izan dira alkatearekin bildu direnak, beren ikastetxeetako ordezkari gisa.

Orioko ikasleek biodibertsitatearen gaia jorratu zuten 2011-2012 ikasturtean, eta egindako lan horretatik ateratako ondorio gisa, hainbat proposamen plazaratu zituzten ikasturtearen amaieran egindako udalbatzar berezian.

Oraingo honetan alkatearen txanda izan zen eta martxoaren 6ko bilera horretan ikasleei azaldu zien zertan diren haiek egindako proposamenenak: zer egin den, zer ez den egin, zergatik…

Bilerari bukaera emateko, ikasleek azaldu zuten zer egiten ari diren beren eskoletan Agenda 21eko gaiei dagokienez.