May17

Ostiralean homofobiaren kontrako eguna ekarriko dute gogora Udalak eta bi ikastetxeek

Antolatzailea: Zaragueta eskola, Herri Ikastola eta Udala

Maiatzaren 17a izaten da Homofobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna eta, hori dela-eta, gaia lantzen ari dira egun hauetan herriko bi ikastetxeetan.

Eskualdean egun hori gogora ekartzeko ekimena Urola Kostako Berritzeguneak proposatu eta koordinatu du, aldiro biltzen den Hezkidetza Foroaren bidez. Foro horretan parte hartzen dute eskualdeko ikastetxeek eta udalek.

Ostadarraren bandera udaletxean eta loreak parkeetan

Orioko Udalak ostadarraren bandera jarri du udaletxeko balkoian, eta beste horrenbeste egin dute Zaragueta eskolan eta Herri Ikastolan. NAIZENA NAIZELA ONARTUA leloa darama banderak. Horrez gain, gaiari buruz hitz egingo dute bi ikastetxeetan eta ahalegina egingo dute kontu hau etxeetara ere iritsi dadin.

Horrez gain, eskualdeko Hezkidetza Foroak proposatuta, plazako loreontzietako loreak aldatuko ditu Udalak, eta ostadarraren koloreko loreak jarriko ditu. Bi ikastetxeetan ere zenbait lorategi apainduko dituzte haurrek paperez egindako koloretako loreekin. Urola Kostako eskualde osoan apainduko dira hainbat lorategi, Homofobiaren Kontrako Eguna gogora ekartzeko.

Azken hamarkadatan aurrerapauso handia egin du gure gizarteak aniztasun afektibo-sexualari dagokionez; baina oraindik badago zertan aurreratu. Hezkuntza-sistemak eragile aktiboa izan behar du aldaketa horretan eta ikastetxeeek horregatik erabaki dute gaia lantzea, eskualdeko udalen laguntzarekin.

LGTBIQ (lesbiana, gay, transexual, bisexual, intersexual eta queer)

LGTBIQ mugimenduaren erreibindikazioei lotutako bi nazioarteko egun ospatzen dira gaur egun: maiatzaren 17a, LGTBIQ-fobiaren kontrako eguna, eta ekainaren 28a, LGTB Harrotasunaren Eguna. Hezkidetza Foroan erabaki zen bi egun horietako erreibindikazioak maiatzaren 17an lantzea, egun hori delako eskoletako egutegiari ondoen egokitzen zaiona.

homosexualflag19

Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar su navegación y realizar labores analíticas. Al continuar navegando entendemos que acepta nuestra política de cookies.