Irailaren 18ra arteko epea dago aurtengo HAZILAN proiektuan izena emateko

Parte-hartzaileek aukera izango dute eskualdeko enpresetan praktikak egiteko. HAZILAN proiektuaren helburuak bi dira: eskualdeko langabeak laneratzea eta lanean daudenei lan-aukerak hobetzen laguntzea.

Proiektuaren 8. deialdia

Urola Kostako Udal Elkarteak HAZILAN PROIEKTUAren zortzigarren deialdia egin du. Proiektuaren azken helburua langabeei laneratzen laguntzea edota lanean ari direnen lan-aukerak hobetzea denez, egitasmoa eskualdeko enpresa eta langabe edota lana hobetu nahi dutenei bideratuta dago. Orain arte, ibilbide emankorra izan du ekimenak Urola Kostan. Aurreko zazpi edizioetan, guztira, 109 pertsonak hartu dute parte eta hainbat gaitasun sozioprofesional landu ondoren, laneratzeko prozesuak egin dituzte 46 enpresatan (praktikak, prestakuntza lanpostuan...).

Programak bere-berea duen prestakuntzaz gain, praktikaldiari ekin aurretik, bogan den eta lan-munduan murgiltzeko ezinbestekoa bihurtu den esparru bati buruzko 24 orduko prestakuntza osagarria jasoko dute 8. edizioan parte hartzen duten eskualdeko gazteek (aurreko edizioan egin bezalaxe). Hain zuzen ere, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak baliatuz, sarean norberaren marketina behar bezala egiteko gakoak ezagutuko dituzte. Amaitzeko, eskualdeko enpresaren batean 200 orduko praktikaldia egiteko aukera izango dute.

Informazio saioa datorren ostegunean

Informazio-saio bat izango da, interesa duten gazte kualifikatuentzat, proiektuaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko:

  • Eguna eta ordua: irailak 12, 10:00etan
  • Non: Udal Elkartearen egoitzan (Urdaneta bidea 6, Zarautz)

Argibideak eta izen ematea: irailaren 18ra arte

Izena emateko bi modu daude: bat, Urola Kostako Udal Elkarteko egoitzara bertaratuta; bestea, izena emateko eskaera-orria posta elektronikoz bidalita (hazilan@urolakosta.eus). Eskaera egiteko orria eskura dago Udal Elkartearen webgunean:

http://www.urolakosta.eus/eu/web/urolakosta-agentzia/hazilan-programa