Astelehenean irekiko da kiroldegia, prebentzio- eta segurtasun-neurriak beteta

Traducción automática al castellano

Datorren astelehenean, ekainak 15, irekiko ditu ateak Orioko kiroldegiak. Udalak eta kiroldegia kudeatzen duen enpresak, BPXport-ek, aste honetan adostu dituzte irekitzeko baldintzak, herritarrek lasai erabiltzeko instalazioak.

Fitnesseko makinak erabiltzeko ez da hitzordurik hartu beharko baina igerilekurako eta padel eta tenis pistak erabiltzeko, bai.

Arau orokorrak

Hauek izango dira kiroldegian errespetatu beharreko arau orokorrak:

  • COVID19arekin bateragarriak diren sintomak izanez gero, ez joan kiroldegira.
  • BPXporteko langileek emandako jarraibideak bete.
  • Kiroldegiko eremu bakoitza egunean behin erabili daiteke.
  • Kiroldegian sartzeko, itxaron sarreraren kanpoaldean, 2 metroko distantzia zainduz, arduradunak sarrera baimendu arte.
  • Eskuak garbitu sarri.
  • Maskara erabili sarrera-irteeretan eta zona komunetan.
  • Arropa eta oinetakoak behar bezala garbitu.
  • Bi metroko distantzia zaindu.
  • Erabili ondoren, material eta ekipamendua garbitu.
  • Nahitaezkoa da nork bere eskutrapua eramatea.
  • Aldagelak irekita izango dira, baina gehienezko edukierarekin. Hori dela eta, etxetik aldatuta etortzea gomendatzen zaie erabiltzaileei.
  • Arrisku-taldeetako kideek (gaixotasun kronikoak dituztenek, 65 urtetik gorakoek…) lehentasuna izango dute 11:00-12:30 ordutegian.
  • Ordainketak txartelaz egin.
  • Kiroldegian jarduera fisikoa egiten duten erabiltzaileak baizik ez dira sartuko. Ikuslerik ez.

Fitnesseko makinak

Fitnesseko makinetan distantziak zaintzeko eta segurtasuna bermatzeko, makinetako asko kiroldegiko kantxan jarri dira, argazkian ikusten den bezala. Edukierak kontrolatuko dira, baina makinak erabiltzeko ez da aldez aurretik hitzordurik hartu beharko.

Fitnesseko makinak erabiltzeko arauak hauek izango dira:

  • Gehienez, ordu eta erdiz erabiliko dira.
  • Etxetik eskutrapurik ez dakarrenak ezin izango du entrenatu.
  • Galarazita dago kirol-ekipamenduak edo materialak konpartitzea.
  • Erabiltzaile bakoitzak kirol-ekipamendua bat erabiliko du une bakoitzean (ezin izango dira zirkuituak egin).
  • Aldagela behar duenak bazkideenak erabiliko ditu.

Igerilekua

Igerilekua ere irekita izango da astelehenetik aurrera, baina, kasu honetan, hitzordua eskatu beharko da, erabiltzeko.

Igerilekua erabiltzeko arauak hauek dira:

  • Igerilekuko kale bakoitzean erabiltzaile bat izango da.
  • Erabiltzaile bakoitzak 45 minutuko saioa egin ahal izango du, zehaztutako txandatan.
  • Hurrengo txandako kideek kanpoan zehaztutako guneetan itxarongo dute uretara sartu aurretik.
  • Soroslearen jarraibideak beteko dira.
  • Igerilekuko aldageletan aldatu eta baimendutako lekuak eta dutxak erabili.
  • Nahitaez ekarri behar dira etxetik txanoa, txankletak eta toalla. Kiroldegiak ez du materialik utziko.
  • Dutxatu beti, uretan sartu aurretik.
  • Igerileku txikia bi eremutan zatituko da. Eremu bakoitzean erabiltzaile bat izango da edota elkarrekin bizi den familia-unitate bat (gehienez, lau lagun).

Padela eta tenisa

Padel- eta tenis-pistak erabiltzeko ere ordua hartu behar da aldez aurretik. Gehienez, ordu eta erdiz erabiliko dira eta erabiltzaileek etxetik ekarri beharko dute beren materiala. Aldagela behar duenak bazkideenak erabiliko ditu.

Gainerako instalazioak

Kantxa fitnesseko makinekin okupatuta dagoenez, ezin izango dira bertan taldeko kirolak egin.

Segurtasun- eta higiene-arrazoiengatik, sauna eta solariuma ez dira erabilgarri izango.

Bazkideentzako jarduerak (BPXport jarduerak) uztailean hasiko dira berriro, eta hitzordu bidez funtzionatuko dute.

Erreserbak egiteko

Hitzordu bidez funtzionatuko duten jardueretan izena emateko, bi bide daude:

  • Telefonoz: 943 894 428
  • Internet bidez: https://bpxport-orio.miclubonline.net/ (ekainaren 16tik aurrera). Deskargatu BPXport-en aplikazioa eta erabili erreserbak egiteko.
    Erreserbak bi eguneko eperako egin behar dira: egunean bertan eta hurrengo egunerako.

Kuotak

Ekainean ohiko kuotaren %50 ordainduko dute erabiltzaileek.

Aurrez esanda bezala, martxoan kiroldegia itxita egondako egunak abuztuan urtero egin ohi den itxiera teknikoa ez eginez konpentsatuko dira.

Ikastaroak

Martxoan zintzilik geratu ziren ikastaroak irailean errekuperatuko dira, ohiko ikasturte hasieraren aurretik.

Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar su navegación y realizar labores analíticas. Al continuar navegando entendemos que acepta nuestra política de cookies.