Beka bat sortu du UEMAk, udalerri euskaldunen garapena aztertzeko, ikerketa sustatzeko eta euskal soziolinguistikaren inguruko ezagutza areagotzeko

Lehen deialdi honetan, 5.000 euroko bi lan sarituko dira. Proposamenak eta lehen laginak aurkezteko epea uztailaren 24an amaituko da, eta epaimahaiak irailaren 20an jakinaraziko du diruz lagundutako ikerlanak zein izango diren. Egun horretatik aurrera, saridunek bederatzi hilabeteko epea izango dute ikerlanak aurkezteko. Amaitzean, gutxienez 75 eta gehienez 200 orrialde izan beharko dituzte saritutako lanek.

Beka norbanakoek edota ikerketa egiteko berariaz sortutako lantaldeek jaso ahal izango dute.

Udalerri euskaldunen garapenarekin ez ezik, soziolinguistika edukiak zabaltzearekin eta udalerri euskaldunei buruzko ikerketarekin lotura estua izango du bekak, eta UEMAk antolatutako jardunaldietan ezagutaraziko dira lan saridunen edukiak.

Iñaki Arregi, UEMAren arima

Iñaki Arregi Ihartza (1953-2010) izan zen UEMAren koordinatzailea, hil zen arte. Ederki zekien UEMAren nondik norakoak eta helburuak gainontzekoei helarazten, eta UEMAren arima izan zen, sorreratik.

Euskaltzale sutsua izan zen Arregi, eta Euskal Herri euskalduna lortzeko bidean ezinbestekoa iruditzen zitzaion UEMAren lana eta lurgunea zabaltzea.

Informazio gehiago

Deialdiaren oinarriak (PDF)