Orion ere egingo da bilketa bi egunetan, Herriko Plazan, boluntario-talde batek antolatuta:

  • Ostiralean, irailak 25, 17:00etatik 19:30era
  • Larunbatean, irailak 26, 10:00etatik 13:00etara

Bereziki elikagai lehorrak eta kontserbak bildu nahi dituzte. Hauek dira jasoko dituzten janariak:

  • Arroz luzea
  • Garbantzuak
  • Dilistak
  • Babarrunak
  • Makarroiak
  • Sardinak eta atuna latatan
  • Oliba-olioa eta espeziak
  • Haurrentzako esne-hautsa
  • Barra energetikoak

Lagundu nahi duenak Orioko Plazara eraman behar ditu elikagaiak. Herriko denda batzuk ere lagundu diote ekimenari eta kartelak jarri dituzte establezimenduan, horren berri emateko eta jendea janari-bilketan parte hartzera animatzeko. Ekimenaren kartela daukaten dendetan ere laga daitezke janariak, plazara joan beharrik gabe.

Zaporeak ekimena

Zaporeak ekimenak denbora darama Lesbos uharteko errefuxiatuei laguntza ematen. Moriako errefuxiatu-eremuan 13.000 pertsona inguru daude, eta hango egoera oso larria dela diote Zaporeak ekimeneko kideek. Egoerari erantzuteko, 4.500 jatordu banatzen dituzte egunero eta horretan jarraitu ahal izateko antolatu dute janari-bilketa.