Urola Kostako Udal Elkarteak HAZILAN programaren 7. edizioa abiatuko du

Urola Kostako Udal Elkarteak HAZILAN PROIEKTUAren zazpigarren deialdia egin du. Proiektuaren azken helburua langabeei laneratzen laguntzea da, eta egitasmoa eskualdeko enpresa eta gazte langabeei bideratuta dago. Orain arte ibilbide emankorra izan du ekimenak Urola Kostan. Aurreko sei edizioetan, guztira, 94 pertsonak hartu dute parte eta hainbat gaitasun sozioprofesional landu ondoren, laneratzeko prozesuak egin dituzte 39 enpresatan: praktikak, prestakuntza lanpostuan...

Zabalik dago epea, familia ugarien hobariak eskatzeko

Orioko Udalak, urtero bezala, hobariak edo bonifikazioak onartu ditu familia ugarientzat, Ondasun Higiezinen Zergari dagozkionak.

Interesatuek otsailaren 28a arteko epea dute hobari horiek eskatzeko udal-bulegoetan.

Familia ugaria direla akreditatuta daukatenek etxebizitza BATENTZAKO eskatu dezakete hobari edo bonifikazio hori, etxebizitzaren balio katastrala gehienez 180.000 eurokoa baldin bada eta baldintza hauek betetzen badituzte:

  • Etxebizitza familia ugariaren ohiko bizitokia izan behar du eta familiako kideek bertan erroldatuta egon behar dute.
  • Familia ugariko inork ezin du izan beste ondasun higiezin baten jabe.

Hiru hobari

Aplikatuko diren hobariak hauek izango dira:

  • 3 seme-alaba dituzten familiei %52,50eko hobaria aplikatuko zaie.
  • 4 seme-alaba dituzten familiak: %63ko hobaria aplikatuko zaie.
  • 5 seme-alaba edo gehiago dituzten familiak: %73,50eko hobaria aplikatuko zaie.

Eskaera nola egin

Hobariaren eskaera egiteko, udal-bulegoetara jo behar da otsailaren 28a baino lehen, honako ordutegian: 8:30etik 14:30era, astelehenetik ostiralera.

Bertan emango zaien instantzia bete beharko dute interesatuek eta udal-bulegoetan aurkeztu honako dokumentazioarekin batera:

  • Familia ugariaren txartela.
  • Ondasun Higiezinaren gaineko Zergaren azken ordainagiria ordaindu izana akreditatzen duen agiria.
  • Zinpeko aitorpena, adieraziz familiako inor ez dela beste ondasun higiezin baten jabe.

Hobariaren eskaera urtero aurkeztu behar da.

 

Aurkeztu behar den instantziaren eredua PDF formatuan

Zinpeko aitorpenaren eredua PDF formatuan

 

Bi ikastaro antolatu ditu Udal Elkarteak otsailean, lan bila dabiltzanentzat

Urola Kostako Udal Elkarteak bi ikastaro berri emango ditu otsailean. Ikastaroen helburua da langabezian dauden pertsonei lana bilatzen laguntzea. 3 orduko iraupena izango du bakoitzak eta doan izango dira.

Hauek dira ikastaroak:

KONPETENTZIAK HELBURUETAN ZEHAZTU

Ikasi zure konpetentziak ebaluatzen eta helburuetan zehazten.

Data: Otsailak 8 (9:30-12:30); Hizkuntza: euskara.

EGIN SALTO AUTOENPLEGURA:

Zure kabuz lan egiteko sentsibilizazioa. 

Data: otsailak 19 (9:30-12:30); Hizkuntza: gaztelania.

Urola Kostako Udal Elkarteak laneko eta auto-enpleguko orientazio zerbitzua eskaintzen du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta  Europako Gizarte Funtsaren EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren finantzaketarekin.

Informazio gehiago

Tel. 943890808

Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo.

Udalbatzarrak ohiko bilkura egingo du asteartean, urtarrilak 29

Bilkura udalbatzarraren aretoan izango da, udaletxean, eta 20:00etan hasiko da. Gai hauek aztertuko dira:

1.- Onartzea, egoki bada, Orioko Herri Ikastolak aurkeztutako idatzia, hobariak aplikatzea eskatuz eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergan.

2.- Onartzea, egoki bada, kudeaketa-gomendioaren hitzarmena, Donostiako Musika eta Dantza Eskolaren eta Orioko Udal Musika Eskolaren artekoa, lan-poltsak modu bateratuan kudeatzekoa, haiek musika eta dantza ikastetxeetan erabili daitezen.

3.- Onartzea, egoki bada, Udalaren 2019ko aurrekontu propioa.

4.- Onartzea, egoki bada, Udalaren 2019ko plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda.

5.- Eskariak eta galderak.

Dagoeneko irekita dago epea eskola-umeen aurtengo literatur lehiaketan lanak aurkezteko

Aurtengoa lehiaketaren 32. edizioa izango da. Lanak aurkezteko epea martxoaren 22an bukatuko da eta interesatuek herriko bi ikastetxeetako zuzendaritzetan edo Udaleko Euskara Zerbitzuan aurkeztu ditzakete beren lanak.

LH 3tik hasi eta DBH4 bitarteko haur eta gaztetxoek har dezakete parte.

Lehiaketaren oinarriak hauek dira:

1.- Lanak euskaraz idatziak eta jatorrizkoak izango dira.

2.- Gaia librea da.

3.- Partaide bakoitzak lan bat aurkez dezake, gehienez, modalitate bakoitzean.

4.- Irakasleek animatu egingo dituzte haurrak parte hartzera; baina ez dituzte behartu behar. Parte-hartzea boluntarioa da.

5.- Zortzi maila izango dira: Lehen Hezkuntzako 3, 4, 5 eta 6. mailak eta DBHko guztiak.

6.- Maila bakoitzean bi modalitate izango dira:

  • Ipuina
  • Olerkia edo bertsoa

7.- Lanak, gehienez, bost orrialde luze izango dira.

8.- Parte-hartzaileek oriotarrak izan behar dute edo Orion bizi edo ikasi.

9.- Lanak ordenagailuz idatzita aurkeztu behar dira.

10.- Adierazi beharreko datuak:

  • Izen-deiturak
  • Adina
  • Ikastetxea eta ikasketa maila

11.- Datu horiek ipuinaren edo olerkiaren bestaldean adierazi behar dira garbi.

12.- Argitaratzen diren lanen egileek saritxo bana izango dute. Udalak maila bakoitzeko bi ipuin eta bi olerkirik onenak argitaratuko ditu.

13.- Lanak Orioko bi ikastetxeetako zuzendaritzetan edo Udaleko Euskara Zerbitzuan aurkeztu behar dira 2019ko martxoaren 22a baino lehen.

14.- Epaimahaia Orioko Udalak izendatutako bi pertsonak osatuko dute.

15.- Orioko Udalak eskubidea izango du aukeratutako lanak argitaratzeko.

Marrazki lehiaketa

Urtero bezala, marrazki lehiaketa ere egingo da eta bi lehiaketetara aurkeztutako lanik onenak bilduko ditu Udalak argitaratuko den liburu batean.

Marrazki lehiaketaren oinarriak hauek dira:

1.- Gaia librea da.

2.- Partaide bakoitzak, gehienez, bi lan aurkeztuko ditu.

3.- Irakasleek animatu egingo dituzte haurrak parte hartzera; baina ez dituzte behartu behar. Parte-hartzea boluntarioa da.

4.- Zortzi maila izango dira: Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailak eta DBHko guztiak.

5.- Parte-hartzaileak oriotarrak izan behar dute edo Orion bizi edo ikasi.

6.- Egokiena marrazkiak folio baten tamainan aurkeztea da. Hala ere, onartuko dira beste neurritan egindakoak.

7.- Izen-deiturak eta gainontzeko datuak marrazkiaren bestaldean adierazi behar dira garbi.

8.- Marrazkiak edozein teknika erabiliz egin daitezke: pinturak, errotuladoreak, akuarelak...

9.- Argitaratzen diren lan guztien egileek saritxo bana izango dute.

10.- Lanak Orioko bi ikastetxeetako zuzendaritzetan edo Udaleko Euskara Zerbitzuan aurkeztu behar dira 2019ko martxoaren 22a baino lehen.

11.- Epaimahaia Orioko Udalak izendatutako bi pertsonak osatuko dute.

12.- Maila bakoitzeko lau lanik onenak argitaratuko dira.

13.- Orioko Udalak eskubidea izango du aukeratutako lanak argitaratzeko.

Bi ikastaro antolatu ditu Udal Elkarteak lan bila dabiltzanentzat

Urola Kostako Udal Elkarteko laneko orientazio-zerbitzuak bi ikastaro berri emango ditu urtarrilean.

Ikastaroen helburua da langabezian dauden pertsonei lana bilatzen laguntzea. 3 orduko iraupena izango du ikastaro bakoitzak eta doan izango dira.

LAN-ELKARRIZKETA

Lan-elkarrizketetarako entrenatzea da ikastaro honen helburua.

Eguna: urtarrilak 18, ostirala

Ordutegia: 9:30-12:30

Hizkuntza: gaztelania

CURRICULUMA HODEIAN

Plataforma berriek nola funtzionatzen duten eta zertarako balio duten aztertuko da ikastaroan.

Eguna: urtarrilak 25, ostirala

Ordutegia: 9:30-12:30

Hizkuntza: euskara

Urola Kostako Udal Elkarteak laneko eta auto-enpleguko orientazio-zerbitzua eskaintzen du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Europako Gizarte Funtsaren EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren finantzaketarekin.

Informazioa eta izen ematea

Urola Kostako Udal Elkartea

Enplegu Zentroa / Orientazio Zerbitzua

Tel. 943 890 808

Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo.

 

Sare sozialei buruzko ikastaroa izango da urtarrilaren bukaeran pertsona ekintzaile eta enpresari txikientzat

“Ekiten, Ekintzaile eta Enpresarien Ekosistema” egitasmoaren barruan Urola Kostako Udal Elkarteak ikastaro berri bat jarri du martxan, sare sozialei buruz.

Ikastaroaren helburu nagusia da ekintzaile eta enpresariei sare sozialak modu profesionalagoan erabiltzen erakustea; betiere, marketin eta komunikazio-erreminta gisa ulertuta. Ikastaroan ikasiko dute nola iritsi bezero berriengana sare sozialen bitartez eta nola areagotu beren presentzia eta ikusgaitasuna sarean.

Urtarrilaren 28tik 30era

Guztira, 12 orduko prestakuntza izango da eta Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian emango da.

4 orduko 3 saiotan antolatu da ikastaroa, hiru egunez jarraian: urtarrilaren 28an hasi, astelehenarekin, eta 30ean bukatu, asteazkenarekin. Ikastaroa goizez emango da 09:30etik 13:30era.

Hauek dira prestakuntza-saioetan landuko diren gaiak:

  • Sare sozialetarako estrategia digitala: helburu orokorra eta helburu publikoa.
  • Facebook eta Instagram kontuei ahalik eta etekin handiena ateratzeko gakoak.
  • Twitter, Youtube, Vimeo eta Linkedin bezalako sare sozialen gaineko errepasoa.
  • Nola iritsi tokian tokiko publikoarengana? Google My Business.
  • Edukiak sare sozialetan: zertaz eta nola komunikatu.
  • Edukiak programatzeko aplikazioak.
  • Iruzkin eta kritiken gaineko kudeaketa.

Informazioa eta izen-ematea

Izena emateko edota informazio gehiago jasotzeko:

  • Urola Kostako Udal Elkartea
  • Enpresa Sustapena (Johanna Pino)
  • Tel. 943 890808
  • Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo.
  • www.ekiten.org

ekintzaileak19

Udal-pilotalekua itxita izango da urtarrilaren 10etik 18ra, pintaketa-lanengatik

Udalak pilotalekua pintatzea erabaki du eta, ondorioz, instalazioa itxita izango da zenbait egunez.

Pintaketa-lanak ostegun honetan hasiko dira eta, dena ondo bidean, datorren asteko ostiralean bukatuko dira.

Bitartean, pilotalekua itxita izango da.

Pintaketa-lana Urola Kostako brigadak egingo du eta, beraz, Udalak bere gain hartuko duen kostua pintura eta materialena izango da bakarrik.

 

Enpresa txikiei bideratutako prestakuntza-saioak antolatu ditu Udal Elkarteak, euskaraz lan egiten laguntzeko

Euskaraz lan egiteko laguntza ematea dute helburu prestakuntza-saio horiek. Hizkuntza kudeaketa hobetzeko saio teoriko-praktikoa, eta testu eta mezu laburrak lantzeko ikastaroa eskainiko ditu Urola Kostako Udal Elkarteak.

2017an abiatu zen ENPRESA EUSKARAZ HANDITZEN proiektua Zumaia, Getaria, Aia, Zarautz eta Orioko enpresei laguntza emateko, euskaraz funtzionatzeko bidean aurreratzeko. Geroztik Udal Elkarteak eskualdeko enpresa txikiei bideratutako prestakuntza-saioak antolatu ditu urtero.

Saio teoriko-praktikoa urtarrilaren 22an

Urrats bat gehiago emateko borondatearekin antolatu dira enpresa txikiei zuzendutako saio teoriko-praktikoa nahiz ikastaroa. Saio teoriko-praktikoan hizkuntzen kudeaketa hobetzeko erremintak azalduko zaizkie izena ematen duten enpresei; besteak beste, enpresa hobetzeko aukeren identifikazioa, marketina eta publizitatea, ingurune digitala, eta idatzizko eta ahozko harremanak. Saioa urtarrilaren 22an egingo da, 13:30etik 15:00etara bitartean, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan. Egun horretan parte hartu ezin duten enpresek beste aukera bat izango dute martxoaren 26an.

Saio horri buruzko informazio gehiago (PDF)

Hiru eguneko ikastaro laburra

Bestetik, lanean idazten diren ohiko testu eta mezu laburrak lantzeko ikastaroa prestatu du Udal Elkarteak. Saio horien bidez, Urola Kostako enpresa txikiei lanean ohikoak dituzten testu eta mezu laburrak euskaraz idazteko erremintak emango zaizkie; testu mota desberdinak ezagutu eta idazteko aholkuak, Euskaltzaindiaren oinarrizko arauen lanketa, edota testuen egituraren azterketa.

Ikastaroa hiru egunetan emango da: urtarrilaren 30an, eta otsailaren 13an eta 27an. Saio guztiak 13:30etik 15:00etara bitartean izango dira, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan.

Ikastaroaren kasuan ere, bigarren aukera bat eskainiko zaie eskualdeko enpresei. Izan ere, ikastaroa errepikatu egingo da maiatzaren 8an eta 22an, eta ekainaren 5ean.

Ikastaroari buruzko informazio gehiago (PDF)

Izen-ematea

Dagoeneko izena eman dezakete interesa duten enpresek Udal Elkartearen webguneko formularioa beteta, (http://www.urolakosta.eus/eu/euskara-enpresan). Izen-emateko epea urtarrilaren 18an bukatuko da.

Kultur etxean eta turismo-bulegoan daude salgai BIGA proiektuko CDa eta DVDa

Orioko Udalak bultzatu du BIGA proiektua, Getaria, Pasaia eta Hondarribiko udalekin batera. Gipuzkoako kostaldeko itsas kantak biltzea izan da proiektuaren helburua eta, ondoren, kanta horiek herrietako abesbatzek kantatu eta grabatzea.

2017an abiatu zen egitasmoa eta 2018ko maiatzaren bukaeran egin ziren grabazioak herrietan.

Axular Arizmendi mutrikuarrak koordinatu ditu lanak eta Mutrikun daukan AME estudioan editatu ditu bai grabazioak eta bai bideo-erreportajea.

Orioko hiru kanta

Guztira 12 kanta biltzen ditu CDak, herri bakoitzeko hiru. Orioko hiru kanta hauek daude grabazioan:

  • Balearen bertsoak
  • Bertso txiki bat
  • Arrantza

Orioko kantak grabatzen Salatxo abesbatza, Danbolin musika-eskolako abesbatza eta haurrak ibili dira.

CDarekin batera DVD bat ere grabatu da, kostaldeko kantu-ondarearei buruzko erreportaje bat jasotzen duena. Santi Manterola eta Imanol Urkizu oriotarrak agertzen dira erreportaje horretan, besteak beste.

Kultur etxean eta turismo-bulegoan salgai

CDa eta DVDa 10 euroan daude salgai kultur etxean eta turismo-bulegoan. Erosi nahi dutenek bertara jo besterik ez dute.

Eman izena Mintzalagun programan!

Euskaraldia pasatu berri da eta herritar batzuek aldatu dituzte beren hizkuntza-ohiturak. Ondorioz, euskaraz gehiago hitz egiten dute orain; zenbaitetan, ordea, lotsa galdu eta hitz egitera animatu den horrek ez du inguru euskaldunik eta, beraz, nekeza egiten zaio euskaraz bizitzea.

Mintzalagun programa, euskara praktikatzeko

Zailtasun horri aurre egiteko sortu zen Mintzalagun egitasmoa, euskara praktikatu nahi duenak, astean behin, mintzatzeko aukera izateko. Hortaz, bultzadatxo hori behar duena baldin bazara edo inguruan behar hori duen inor ezagutzen baduzu, joan Orioko AEK euskaltegira eta eman izena Mintzalagun programan. Era horretan, astean behin, lagun-talde txikian elkartu eta ordubetez euskara praktikatu ahal izango duzu doan.

Euskaraz ondo egiten baduzu eta praktikatu nahi dutenei lagundu nahi badiezu ere eman dezakezu izena. Astean ordubete dedikatu beharko diozu, besterik ez, eta erraz eta atsegina da.

Izen-ematea

Izena eman nahi baduzu, Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo. helbidera idatzi, 625 485 215 telefonora deitu edo eskualdeko euskaltegiren batean galdetu. 

Ireki da “Harakintza eta Haragikien elaborazioa” ikastaroan izena emateko epea

Urola Kostako Udal Elkartearen eskutik, “Harakintza eta Haragikien elaborazioa” 2. mailako profesionaltasun-ziurtagiria eskuratzeko aukera izango dute eskualdeko langabeek. Urtarrilaren amaieran hasita, guztira, 5 hilabeteko prestakuntza jasoko dute harakintza-industrian murgildu nahi duten langabeek. Ikastaroa erabat doan izango da.

Ikastaroan parte hartzen dutenek hainbat gaitasun eta konpetentzia landuko dituzte. Alde batetik, haragia balioesteko eta zatitzeko, eta haragi-produktuak eta haragi-prestakinak prestatu eta elaboratzeko eragiketak egiten ikasiko dute. Bestetik, indarrean dagoen araudi tekniko-sanitarioa betetzeko eman beharreko urratsak ezagutuko dituzte. Azkenik, enpresa txiki batean haragi-produktuak merkaturatzeko gaitasunak barneratuko dituzte.

Aurreikusitako daten arabera, urtarrilaren amaieran hasi eta 5 hilabeteko iraupena izango du prestakuntzak. Guztira, 430 orduko prestakuntza-ziurtagiria eskainiko da. Ikastaroa gazteleraz egingo da eta doan izango da. Eskolak URKAIKO baserritarren kooperatibak Zestoan duen egoitza nagusian izango dira: astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 14:00etara.

Argibideak eta izen-ematea

Izena eman edota informazio gehiago jasotzeko, idatzi e-mail bat edo jarri harremanetan telefono bidez:

  • Urola Kostako Udal Elkartea, Enplegu Zerbitzuak (Olaia Sainz)
  • Urdaneta bidea 6 (Abendaño industrialdea), 20800 Zarautz
  • Tel. 943890808
  • Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo.