Aia-Orioko garbigunea zabalik dago profesionalentzat eta udal-zerbitzuentzat

Joan den apirilaren 14an oinarrizkoak ez diren jardun ekonomiko batzuk martxan jarri zirenez geroztik, ohiko ordutegian martxan dira eskualdeko hiru garbigune-zerbitzuak, tartean Aia-Oriokoa.

Nolanahi ere, langile profesionalei eta udal zerbitzuei bakarrik ematen diete zerbitzua eta, oraingoz, itxita daude herritarrentzat. Zerbitzuaren arduradunek gogorarazten diete herritarrei erabat debekatuta dagoela garbigunearen kanpoaldean hondakinak uztea.

Datorren osteguneko udalbatzarra telematikoa izango da

Udalak hilaren azken ostegunean egiten du, normalean, udalbatzarraren ohiko bilkura eta, hortaz, datorren ostegun honetan tokatzen da berez, apirilaren 30ean.

Bizi dugun ezohiko egoerak, ordea, ez du ahalbidetzen udalbatzarraren hileko bilkura ohiko moduan egitea, eta Udalak bitarteko telematikoak erabiltzea erabaki du. Era horretara, alkatea eta idazkaria bakarrik izango dira udalbatzarraren aretoan eta zinegotziek, berriz, nork bere etxetik hartuko dute parte.

Haurrak kalera atera ahal izango dira igandetik aurrera, zenbait baldintza beteta

Espainiako Gobernuak gaurko egunez publikatu du Agindu bat BOEn, baldintzak zehazten dituena igandetik aurrera haurrek kalera atera ahal izateko (2020/04/25eko BOEa, SND/370/2020 Agindua).

Hauek dira baldintza horiek

ETXEALDITIK EUSKARALDIRA ekimena: euskararen erabilera sustatzen itxialdian

Euskalgintzako eragileek eta euskal herrietako administrazioek elkarlanean antolatzen duten EUSKARALDIAren barruan, ekimen berezi bat jarri dute martxan konfinamendu-egun hauetarako: ETXEALDITIK EUSKARALDIRA.

Kontua da aprobetxatzea etxean egon beharreko egun hauek, gure hizkuntza-ohiturei buruz gogoeta egiteko eta ahalegina egiteko euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko.

Arrantzale kaleko zebrabideak altxatzeko lanak abiatu ditu Udalak

Udalak Arrantzale kaleko hiru zebrabide altxatzeko lanak hasi ditu aste honetan, irisgarritasuna hobetzeko hartutako konpromisoaren barruan. Orain arte, espaloia errepidearen mailara jaitsita zegoen eta horrek trabak sortzen zizkien gurpildun aulkian dabiltzanei eta ume-kotxearekin doazenei, errepidea gurutzatzeko koska pasatu behar zutelako.

Saregileak babesteko biserak egin dituzte Open Lab Urola Kosta laborategian

Udal Elkarteak bere baliabide guztiak bideratu ditu eskualdeko eragileei babesa eta laguntza emateko bizi dugun krisi-egoeran. Besteak beste, Open Lab Urola Kosta laborategiak bat egin zuen Covid Euskadi sarearekin, 3D inprimagailuen bidez biserak egin eta osasun-langileak babesteko.

Egin dituzten lanen artean daude eskualdeko saregileentzat prestatu dituzten babeserako biserak. Aste honetan hasi dute arrantzaleek antxoa kanpaina eta, sareak prest izateko, saregileek ez dute lan-etenik izan. Saregileen segurtasuna bermatzeko, biserak egin ditu Udal Elkarteak.

Miriam Mendoza ipuin-kontalariaren saio berezia online, Liburuaren Eguna dela eta

Udal-liburutegiak ipuin-kontaketa saioak antolatzen ditu aldian behin, eta, normalean, beti izaten da saio bat Liburuaren Egunaren bueltan.

Aurten bizi dugun egoera berezian ere Udalak saioa antolatu nahi izan du eta, horretarako, Miriam Mendoza ipuin-kontalari ezagunari eskatu dio saio bat grabatzeko, Orioko —eta nonahiko— haurrek online ikusi eta gozatu ahal izateko.

Udalak bat egin du GORA HAURTZAROA! manifestuarekin

OinHerri Herri Hezitzaileak ekimenak manifestu bat kaleratu du, GORA HAURTZAROA! izenekoa, haurren ahotsak entzutearen aldeko aldarria egiten duena eta herritarrak deitzen dituena txalo-zaparrada bat jotzera balkoietatik datorren apirilaren 26an, igandearekin, hiru xede hauekin:

1.- Haurrak zoriontzea konfinamenduan erakutsi diguten jarreragatik.

2.- Ospatzea modu bizian, hurrengo egunean, Hego Euskal Herriko haurrek kalera ateratzeko izanen duten aukeragatik.

3.-Haurren aldeko eskubideen aldarrikapenak gizarteratzea eta haurren ahotsak entzuna izan behar duela aldarrikatzea.

Herritarrei lana bilatzen laguntzeko zerbitzua indartu du Udal Elkarteak

COVID-19 gaixotasunak sortutako osasun-krisiak hamaika albo-kalte eragin du, eta, hori dela eta, Udal Elkarteak bere baliabide guztiak bideratu ditu eskualdeko eragileei babesa eta laguntza emateko. Garapen Agentziako zerbitzu guztiak, esaterako, buru-belarri dabiltza lanean egunotan, eskualdeko enpresa, ekintzaile eta herritarrei aholkularitza eta babesa eskaintzeko.

Koronabirusari buruzko informazio-gune berria osatu dute Udal Elkartearen webgunean

Urola Kostako Udal Elkartearen webgunean informazio-gune berria jarri dute ikusgai COVID-19ari buruzko informazio baliagarria biltzeko.

4 ataletan egituratu da gunea:

Txakurren gorotzak nahitaez jaso behar direla gogorarazten du Udalak

Konfinamenduak ekarri duen ezusteko ondorioetako bat izan da herritar batzuek ez dituztela txakurren gorotzak lehen bezala jasotzen.

Hori dela eta, justu txukuntasuna inoiz baino garrantzitsuagoa denean, txakur-gorotzez betetzen dira parke eta berdeguneak.

Udalak gogorarazi nahi die herritarrei guztiz debekatuta dagoela txakurren gorotzak lurrean uztea eta beti jaso behar direla, gero dagokion tokira botatzeko. Higiena-arauak errespetatzea behar-beharrezkoa da beti eta are gehiago bizi dugun egoeran. Zibismoz jokatzeko deia egiten die Udalak txakurren jabeei.

Aparkaldi mugatuko eremutik autoak kentzea eskatzen die Udalak herritarrei

Herriko eremu batzuetan —batez ere, denda txikien ingurutan— mugatuta dago aparkatzeko denbora, autoz datozen herritarrek aukera izan dezaten aparkatu eta beren erosketak egiteko.

Aparkatzeko denbora kontrolatzen ibiltzen diren udaltzainak beste zeregin batzuetan ari dira orain, nahitaezko konfinamenduak sortu duen egoera kudeatzen, eta, kontrol-falta hori aprobetxatuta, herritar batzuek aparkatzeko eremu mugatuetan uzten dute autoa eguna joan eta eguna etorri.