Udal Elkarteak premiaz dei egin die herritarrei, Hondakinak Biltzeko Zerbitzuak hartutako neurriak bete ditzaten

Urola Kostako Udal Elkarteak ohar hau argitaratu du, herritar guztiei zuzenduta:

Koronabirusak sortu duen krisi-egoerari erantzuteko, Urola Kostako Udal Elkarteak hondakinen bilketari buruz hartutako neurriak gogorarazi nahi dizkie herritarrei. Premiaz dei egiten diegu herritar guztiei, hartutako neurriak errespetatu eta bete ditzaten.

Erantzukizunez jokatzeko garaia da: guztion osasuna babesteko modu bakarra da-eta; baita bilketa-zerbitzuko langileena ere.

Udalak eta Badihardugu elkarteak hitzarmena sinatu dute, Orioko ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko

Martxoaren 25ean sinatu dute hitzarmena bi aldeek, bitarteko telematikoak erabiliz.

Hitzarmenaren bidez, Orioko ahozko ondarea jaso eta zabaldu nahi dute, Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren barruan. Proiektu zabal horren barruan, Orioko ahotsak atala dago eta atal hori sendotu eta aberastuko dute Udalak eta Badihardugu elkarteak hitzarmena sinatuta.

Hitzarmena urtebeterako sinatu dute, baina bi aldeen asmoa da datozen urteotan ere elkarlanean segitzea, herritarren testigantza berriak jasotzen eta guztion eskura jartzen.

Zergei buruzko hainbat neurri hartu ditu Udalak

Koronabirusaren krisiak sortu duen egoerari erantzuteko neurrien artean, Udalak hainbat erabaki hartu ditu herritarrek ordaintzen dituzten zergei dagozkienak.

Ondasun Higiezinen Zerga

Ondasun Higiezinen Zerga ordaintzeko epea atzeratu egingo du Udalak: maiatzaren 15etik ekainaren 30era kobratzeko partez, abuztuaren 1etik irailaren 15era kobratuko da.

Ibilgailuen Zirkulazioaren gaineko Zerga

Ibilgailuen Zirkulazioaren gaineko zerga ordaintzeko epea zabalik zegoen Espainiako Gobernuak alarma-egoera dekretatu zuenean eta, berez, apirilaren 30ean bukatzen zen ordaintzeko epea. Epe hori luzatu egingo du Udalak:

Hondartzako duna-eremua handitu du Gipuzkoako Itsasertzetako Zerbitzuak

Gipuzkoako Itsasertzetako Zerbitzuak Antilla hondartzako duna-eremua zabaldu du eta orain hondartzaren zabalera osoa hartzen du, irudian ikusten den bezala.

Duna-eremuaren helburuak

Duna-eremua helburu hauek lortzeko osatu da:

Udako lanpostuetarako deialdiaren epeak atzeratu egin dira

Martxoaren 27an bukatzekoa zen epea, udako lanpostuen deialdira eskaerak aurkezteko, baina, Espainiako Gobernuak dekretatutako alarma-egoera dela-eta, epe hori indarrik gabe geratu da.

Behin alarma-egoera bukatzen denean, Udalak abisatuko du epe berria noiz artekoa den.

Apirilaren 4an egitekoak ziren hautaketa-probak ere, beraz, bertan behera geratzen dira ezinbestean.

Orioko Udalak energia-plana onartu du datozen 10 urteetarako

Plan horren baitan, Udalak 1.562.000 euroko inbertsioa egingo du datozen hamar urteotan eta, horrela, gaur egun kontsumitzen duen energia %40 murriztuko du.

Horrez gain, udal-eraikinak berotzeko erabiltzen duen energiaren %50 energia berriztagarria izango da, eta Udalak sortzen duen C02 kopurua ere %40 murriztuko da: gaur egungo urteko 894,2 tonatatik 536,52 tonatara pasatuko da.

Plan horren barruan, lehentasuna kaleko argiek eta kiroldegiak izango dute, gaur egun horiek osatzen baitute Udalaren energia-kontsumoaren zatirik handiena.

Udalak dei egiten die herritarrei, zorrotz betetzeko konfinamendurako ezarritako arauak

Herritar gehienek zorrotz eta egoki betetzen dituzte agintariek konfinamendurako ezarri dituzten arauak, baina batzuek ez, edo ez beti, edo ez behar bezain zorrotz.

  • Adineko jendeak, ahal dela, ez du atera behar erosketak egitera. Arrisku-taldekoak dira eta ahalik eta zorrotzen bete behar dute konfinamendua. Herrian antolatu den zaintza-sarea baliatu dezakete erosketak egiteko. Horretarako, nahikoa dute 642 409 422 telefonora deitzea.
  • Norbait erosketak egitera ateratzen denean, etxetik gertuen daukan establezimendura joan behar du, kaleko egonaldia ez gehiegi luzatzeko.
  • Irizpide bera aplikatu behar da txakurrak paseatzeko ere: etxetik gertuen dagoen parkera eraman behar da txakurra.
  • Botikara joatekotan, behar-beharrezko sendagaien bila joan. Sendagaiak benetan behar dituztenek izan behar dute lehentasuna.

Plataforma online bat sortu du BPXport enpresak, herritarrei laguntzeko jarduera fisikoa etxean egiten

Kiroldegia kudeatzen duen enpresak, BPXport, lanean ari da, koronabirusaren krisia sortu zenetik, herritarrei aukera errazteko jarduera fisikoa etxetik egin ahal izan dezaten. Horretarako, plataforma digital bat eratu dute eta enpresako langile eta monitoreek bideoak grabatu dituzte, herritarrek erabiltzeko. Plataforma digitala helbide honetan dago:

https://entrenadesdecasa.bpxport.es/

Hondakinak biltzeko zerbitzuari buruzko oharra

Urola Kostako Udal Elkarteak adierazi du eskualdeko hondakinak biltzeko zerbitzuan hainbat aldaketa egin dituela, bizi dugun ezohiko egoerari erantzuteko.

Errefusaren eta organikoaren edukiontziak irekita

  • Errefusaren eta organikoaren edukiontziak (grisak eta marroiak) irekita egongo dira, bestelako abisurik eman arte, eta, beraz, ez da txartelik beharko irekitzeko. Hankarekin zapalduta ireki behar dira.
  • Derrigor eskuz ireki behar diren edukiontzi guztiak kendu egingo dira; adibidez, Lusarbekoak eta Aizperrokoak.
  • Lur azpiko edukiontziak nahitaez eskuz ireki behar direnez, herritarrei eskatzen zaie, horietan hondakinak botatzera ateratzen direnean, eskularruak erabiltzeko.
  • Herritarrek etxetik gertuen daukaten hondakin-gunean bota behar dituzten hondakinak.

Herrian osatu den zaintza-sarean 101 boluntario daude dagoeneko

Herritarrek osatutako zaintza-sare horrek adineko jendearekin egingo du lan batez ere. 70 urtetik gorako oriotarren jarraipena egingo dute eta laguntza eskainiko diete:

  • Herriko denda txikietan erosketak egiteko
  • Botikak eta farmaziako gauzak erosteko

Dagoeneko 101 boluntariok eman du izena zaintza-sarean parte hartzeko; gehienak, emakumeak. Boluntario horien lehenbiziko lana 70 urtetik gorako guztiei deitzea izango da, dauzkaten beharrak identifikatzeko. Gaur arratsaldean bertan hasiko dira telefono-deiak egiten. Behin beharrak identifikatuta, lana antolatzeari ekingo diote.

Boluntario-lanetan ariko diren guztiek zorrotz beteko dituzte Osakidetzak emandako jarraibideak eta Udalak beren esku jarriko ditu beharrezko ekipamendu guztiak: maskarak, eskularruak… Ondo identifikatuta joango dira, boluntario-lana egiteko Udalaren baimena dutela adierazten duen txartel batekin.

Zaintza-sarearen zerbitzuak baliatu nahi dituzten herritarrek 642 409 422 telefonora deitu behar dute zaintza-sarearekin harremanetan jartzeko eta beren beharrak azaltzeko.

Kalean ibiltzeko debekua

Desgaitasun intelektuala daukan pertsona bat beren kargura dutenek aukera izango dute kalera ateratzeko pertsona horrekin, betiere osasun-agintariek emandako gomendioak jarraituta eta denbora-epe mugatu baterako. Debekuaren salbuespen hori justifikatzeko, aldean eraman beharko dute pertsona horren desgaitasuna frogatzen duen agiria.

Kirol elkarteek dirulaguntza-eskaera aurkezteko epea hilabetez luzatu du Udalak

Kirol elkarteek urteko dirulaguntza eskatzeko epea martxoaren 20ra artekoa zen, baina, bizi dugun ezohiko egoera dela eta, Udalak hilabetez luzatzea erabaki du.

Dirulaguntzak eskatzeko azken eguna, beraz, 2020ko apirilaren 20a izango da. Bestelako aldaketaren bat baldin bada, webgune honetan bertan jakinaraziko du Udalak.

Herriko taberna, jatetxe eta elkarte gastronomikoak ixteko agindua betetzen ote den zainduko du Udaltzaingoak

Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordeak atzo egindako bilera eta gero, Eusko Jaurlaritzak debekatu egin ditu ostalaritzako jarduera guztiak Erkidego Autonomoan. Debekua gaur jarri da indarrean, igandearekin, eta hamabost eguneko iraupena izango du hasiera batean.

Ohar honen bidez, Udalak gogorarazi nahi du debeku hori nahitaez bete behar dutela herriko ostalari guztiek eta elkarte gastronomiko guztiek, eta adierazten du udaltzainek gertuko jarraipena egingo diotela gaiari. Beharrezkoa izanez gero, udaltzainek dagozkion neurriak hartuko dituzte ixteko agindua betearazteko.

Udalaren lehentasuna herritarren osasuna eta ongizatea zaintzea da. Mila esker ahalegin horretan laguntzen diguzuen guztiei!