Euskaltegian izena emateko epea zabalik dago irailaren 25a arte

Irailaren hasieran ireki zen epea Orioko AEK euskaltegian izena emateko, eta irailaren 25ean itxiko da.

Hiru bide daude euskaltegian izena emateko:

  • Euskaltegira bertara jotzea, Bikamiotako errotondaren ondoan (KTA eraikina). Astelehen eta asteazkenetan hau da ordutegia: 17:00-20:00. Astearte eta ostegunetan, berriz, hau: 8:30-13:30.
  • Posta elektronikoz, Esta dirección de correo electrónico está siendo protegida contra los robots de spam. Necesita tener JavaScript habilitado para poder verlo. helbidera idatzita.
  • Telefonoz deituta, 670 420 025 zenbakira (Amaia Zaldua).

Irailaren 18ra arteko epea dago aurtengo HAZILAN proiektuan izena emateko

Parte-hartzaileek aukera izango dute eskualdeko enpresetan praktikak egiteko. HAZILAN proiektuaren helburuak bi dira: eskualdeko langabeak laneratzea eta lanean daudenei lan-aukerak hobetzen laguntzea.

Proiektuaren 8. deialdia

Urola Kostako Udal Elkarteak HAZILAN PROIEKTUAren zortzigarren deialdia egin du. Proiektuaren azken helburua langabeei laneratzen laguntzea edota lanean ari direnen lan-aukerak hobetzea denez, egitasmoa eskualdeko enpresa eta langabe edota lana hobetu nahi dutenei bideratuta dago. Orain arte, ibilbide emankorra izan du ekimenak Urola Kostan. Aurreko zazpi edizioetan, guztira, 109 pertsonak hartu dute parte eta hainbat gaitasun sozioprofesional landu ondoren, laneratzeko prozesuak egin dituzte 46 enpresatan (praktikak, prestakuntza lanpostuan...).

Ostiralean bukatuko da epea, Danbolin Musika Eskolan matrikulatzeko

Danbolin Musika Eskolaren 2019-20 ikasturtean matrikulatzeko epea zabalik dago eta ostiralean bukatuko da.

Ikasturtea irailaren 10ean hasiko da, asteartearekin. Musika Eskolan honako ikasketak egin daitezke:

1. MAILA (4, 5 eta 6 urtekoak)

  • Tailerra: 1., 2. eta 3. kurtsoak.

2. MAILA (7 urtetik aurrera)

  • Musika-mintzaira: prestakuntza, 1., 2., 3. eta 4. kurtsoak.
  • Euskal dantza eta instrumentu hauek: txistua, klarinetea, saxofoia, flauta, trikitixa, tronpeta, biolina, gitarra klasikoa, eskusoinua, pianoa, perkusioa, panderoa eta biolontxeloa.
    Instrumentuko plazak mugatuta daude.

3. MAILA (12 urtetik aurrera)

  • Ikasketa osagarriak: musika espezializatua.
  • Euskal dantza eta instrumentu hauek: txistua, klarinetea, saxofoia, flauta, trikitixa, tronpeta, biolina, kantua, gitarra klasikoa, gitarra elektrikoa, eskusoinua, pianoa, perkusioa, panderoa eta biolontxeloa.

MATRIKULATZEKO EPEAK

Irailaren 2tik 6ra bitartean, 10:00etatik 14:00etara eta 14:30etatik 19:00etara.

INFORMAZIO GEHIAGO

Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko, jo Musika Eskolara (943 833 727 telefonoa).

Larunbateko film proiekzioa eta igandeko musika kontzertua Herriko plazan izango dira.

Datorren abuztuaren 10ean larunbata hondartzan aurreikusirik zegoen Harpetarra filma Herriko Plazan proiektatuko da betiko ordu berean, gaueko 22:00etan hain zuzen ere, eguraldi txarra iragarrita baitago.

Arrazoi beragatik abuztuaren 11erako igandea ZIABOGA MUSIKA ZIKLOan programaturik genuen Sambastian taldearen kontzertua Herriko Plazan izango da 20:15etan, aurreikusia baino 45 minutu beranduago.

Barkatu eragozpenak.

 

Benta bidea itxita egongo da datorren larunbatean eta astelehenean, Woody Allenen pelikularen grabaketagatik

Abuztuaren 10 eta 12an, Benta bideko errepidea moztu egingo da Woody Allenen pelikularen grabaketa dela-eta. Auzoko bizilagunek soilik izango dute errepidean pasatzeko aukera.

Gipuzkoako leku ezberdinetan bezala, Orioko Benta bideko errepidean, pelikularen zati bat grabatuko du Woody Allen estatubatuar zinema zuzendariak datozen egunetan. Grabaketak bi egunetan zehar egingo dira, abuztuaren 10ean eta 12an. Horregatik, abuztuaren 10, larunbata, Benta bidea itxita egongo da goizeko 07:00etatik 18:00etara. Astelehenean berriz, abuztuaren 12an goizeko 07:00etatik arratsaldeko 20:00etara itxiko da errepidea.

Plazako igogailua itxita dago, aberiagatik

Herriko Plaza eta Goiko Kalea lotzen dituen igogailua matxuratu egin da eta itxita dago konpondu bitartean.

Udalak aurreikusten du astelehenean konponduko dutela eta, beraz, asteburuan ez da egongo erabiltzeko moduan.

Barkatu eragozpenak.

Bentako bidea erabat itxiko da asteazken goizean, asfaltatze-lanengatik

Uztailaren 24an, asteazkenarekin, egingo dira Benta bidea asfaltatzeko lanak eta, ondorioz, bertakoentzat ere erabat itxita izango da bidea 08:30etik 14:30era, gutxienez.

Bidearen zati batzuetan, batez ere goi aldean (Etxaiz baserritik gora), osorik asfaltatuko da bidea eta, beraz, ezinezkoa izango da pasatzea. Bidearen beheko aldean ere konponketa-lan batzuk egin behar dira; baina arinagoak dira.

Udalak errotulua jarri du Salatxo aretoaren sarreran

Nagusiki kultur ekitaldietarako erabiltzen da Salatxo aretoa eta orain arte ez zeukan identifikatzeko errotulorik. Hori dela-eta, eta kontuan hartuta nahiko toki ezkutuan geratzen dela, ez da izaten erraza bertara iristea tokia ezagutzen ez duenarentzat.

Udalak aretoaren gainean errotulua jarri du orain, arazo hori konpontzeko.

Bizker Grafikak egin du lana eta 720 euroko kostua izan du, BEZik gabe.

Mendibeltz futbol eta sofbol zelaiaren ondoko berdegunea txakur-gorotzez garbi mantentzeko deia

Mendibeltz futbol eta sofbol zelaiaren ondoko berdegunean txakur asko ibiltzen dira eta ez da beti egoten behar lukeen bezain garbi.

Abuztuaren 1etik 18ra bitartean berdegune horretan kokatuko da Euskal Zirkua eta, hori dela-eta, Udalak belarra moztu eta txukundu egingo du berdegunea datorren ostiralean, uztailak 26. Euskal Zirkuaren instalazioak muntatzen igandean hasiko dira, uztailaren 28an, eta, beraz, Udalak eskatzen die txakurrak dituzten herritarrei inguru hori zaintzeko eta txukun mantentzeko, bai bi egun horietan eta bai gainerako guztietan.

 

Abuztuaren 3an Donostiako Klasikoa txirrindulari-lasterketa pasatuko da Oriotik eta aldaketak eragingo ditu ibilgailuen zirkulazioan

Abuztuaren 3an, larunbatarekin, izango da Donostiako Klasikoa txirrindulari-lasterketa eta horrek zenbait aldaketa eragingo ditu ibilgailuen zirkulazioan, Orion.

Bi lasterketa dira, emakumeena eta gizasemeena, eta biak pasatuko dira Oriotik egunean zehar.

Aldaketa plazaren peatonalizazioan, asteburu honetan hasita

Jakina denez, Herriko Plaza peatonalizatu egiten da asteburuetan, larunbateko 14:00etatik igandeko 20:30ak arte.

Udaleko Obra eta Zerbitzuetako batzordeak erabaki berri du epe hori luzatzea eta, udako hilabete hauetan, plaza peatonalizatuta egotea astelehen goizeko 07:30ak arte.

Oinezkoen segurtasuna bermatzeko

Erabakia hartzeko arrazoia hau izan da: plazan dabiltzan oinezkoen artean tarteka sortzen den zalantza eta nahaspila ebitatzea eta beren segurtasuna bermatzea. Uda honetan, zorionez, errezibimendu asko egiten ari gara igande iluntzetan eta ordu-garai horretan plaza bete-beteta izaten da maiz. Udalak uste du peatonalizazioa hurrengo goizera arte luzatuta seguruago ibili ahal izango direla herritarrak.

Neurri hori asteburu honetan bertan jarriko da indarrean eta hala segituko du irailaren 9ra arte, Kontxako estropadaren bigarren igandera arte.

Orioko Eguneko Zentroak 15 urte bete ditu

Gaurko egunez bete dira 15 urte Orioko Eguneko Zentroa ireki zela eta ekitaldi xume bat egin dute bertan, urteurrena ospatzeko.

15 urteotan makina bat familiari eman dio zerbitzua Eguneko Zentroak eta egindako ibilbide hori ekarri dute gogora gaurko ekitaldian. Bertan izan dira zentroko langile eta erabiltzaileak eta Udaleko alderdi guztietako ordezkariak.