oiro, marea bizian goiburuko banerra

Euskal Kostaldeko herri arrantzale txiki bat da Orio, eta Donostiarekin egiten du muga. 6.000 biztanle inguru ditu, eta ingurune zoragarria du naturaren ikuspegitik begiratuta. Oria ibaiak itsasoarekin bat egiten duen tokian dago, mendi berde ederren magalean, eta inguru ezin hobea da paseatzeko, bizikletan ibiltzeko eta era askotako kirolak egiteko: arrantza, arrauna, igeriketa, parapentea, piraguismoa, surfa, windsurfa…

Historia apur bat

Orioko herria, jatorriz, San Nikolas izeneko parrokia txiki bat zen. 1180an emandako hiri-gutunaren bidez Donostia fundatu zenean, Donostiako Hiribilduaren lurren parte zen parrokia hura. Beraz, Orio Donostiako jurisdikziopean zegoen portu txiki bat izan zen hasieran, populazio gutxikoa eta garrantzi eskasekoa.

Errioaren eta inguruaren ezaugarriek eraginda, burdinolak sortu eta garatzen hasi ziren pixkanaka, eta XIII. mendean, Oria zen burdinola-kontzentrazio handienetako zuen eremua. 

 

Hiribildu izaera

Donostiaren menpean zegoen portua garatzeko, Gaztelako Erregeak, Juan I.ak, Orioren fundaziorako hiri-gutuna eman zuen Burgosen 1379ko uztailaren 12an. Dokumentu haren bitartez sortutako hiribilduari “Villarreal de San Nicolás de Orio” izena jarri zitzaion eta bertako biztanleei Donostiako Forua eman zitzaien.

 

Hazkunde ekonomikoa

Hiribildu izateak errioaren jurisdikzioa eman zion Oriori. Errioa karga eta deskargarako lekua zen, zergak han kobratzen ziren eta errioan arrantza egitea eta nasak jartzea Orioren eskumena bilakatu zen. Horregatik, hiribildu-izaera lortu eta segidan, Oria inguruko hazkunde ekonomikoa nabarmena izan zen, eta errioaren bi aldeetan sortutako ekonomiak bizimodua eta bizibidea ekarri zizikon Oriori. 

 

Enpresa-sarea

XIV. mendean, burdinolekin batera, ontziolak ziren ekonomiaren motor garrantzitsuenak. Ontzigintzaren inguruan, gainera, zeharkako enpresa-sare oso bat garatu zen: iltzegileak, aingura-olak, kategileak, sokagileak, belagileak, eskultoreak, arotzak, atoilariak, garraiolariak, baso-gizonak, ikazkinak… Hala, XV. mendetik aurrera, ontzigintzaren garrantzia handituz joan zen, eta ekonomiaren boom-a gertatu zen.

 

Balea-arrantza

Balea-harrapaketa Erdi Arotik izan da oriotarren baliabide ekonomiko garrantzitsuenetako bat. Euskal arrantzak balea handiak harrapatzeko teknikak garatu zituen, eta euskaldunak bakarrik ziren horretarako gai. Hala, balearen olioaren monopolioa izan zuten IX. mendetik. XVI. mendean, ordea, Orian garatutako ontzigintzarako teknologiari esker, Euskal Herriko ontzigintza Europako hoberenetakoa bilakatu zen, eta jarduera Ternuara eta Artikora zabaldu zen.

Garai hartan, udaberriarekin batera hogei edo hogeita hamar ontzi abiatzen ziren balea-arrantzara Oriotik eta Euskal Herriko beste portuetatik. 200-700 tonako ontzi handiek Ozeano Atlantikoa zeharkatu eta gaur egun Kanadako lurra den Gran Baya-ra iristen ziren, eta ez ziren negua arte bueltatzen.

 

Gerraontzien loraldia

XVI. mendera arte, Orioko ontzioletan, arrantzarako eta garraiorako ontziak egin ziren batez ere. Ondorengo urteetan, gerra-hotsak iritsi ziren Europara, eta aukera berri bat zabaldu zitzaien herriko ontziolei: gerraontzien merkatua. Hala, XVI. mende amaieratik XVIII. mendearen hasierara, gerra-garai betean, gerraontzi handiak eraikitzen espezializatu ziren Orioko ontziolak.

Balea-harrapaketari lotuta, gainera, monopolioa galdu zuten garai hartan, eta aldaketari aurre egiteko, munduan bakarra zen teknika garatu zuten euskaldunek: ontzi-faktoria. Hala, ontzian bertan txikitzen duten balea eta bertan urtu olioa.

 

Gerraontzietatik arrantza-ontzietara

XIX. mendean, Espainiak bere inperioa galdu zuenean, gerraontzien eskaera desagertu egin zen. Erorialdiari aurre egiteko, industrializazioaren atarian, arrantza-ontziak ekoizteari ekin zioten ontziolek. Eta horretarako, sistema berri bat abiatu zen: ontziola partikularrena. Arrantzarako eta merkataritzarakoontzien eskaria asko handitu zen, eta herriak suspertzea lortu zuen.

 

Bapore-ontziak

XX. mende hasieratik aurrera, bapore-ontziak eraikitzen hasi ziren Orion. Horrek esan nahi zuen motorraren indarrez mugitzen zirela ontziak, ez zegoen arraunean egin beharrik. Aurrerapauso handia ekarri zuen eta, geroztik, ontzigintza eta arrantza eskutik emanda joango ziren.

 

Baxurako eta itsasbazterreko arrantza

Baxurako eta gertuko arrantza funtsezkoa izan da oriotarren egunerokoan. Itsasbazterreko arrantza familia askoren bizibidea izan zen. Pixkanaka, herria astetzeko adina izatetik, ooinari ekonomiko izatera igaro zen XX. mendean. Hogeita hamar arrantza-ontzi inguru izatera iritsi zen Orio.

 

Arraunaren herria

Herriaren historiak berak eraman ditu oriotarrak arrauna maitatzera. Jarduera horiek guztiek arraunlariak zaildu zituzten Orion, eta gaur egunera arte, arraunerako joera naturala eragin du oriotarren artean.