Danbolin musika eskolako irakasle poltsa. Irizpideak

Lan-poltsak eratzea

1.- Baldintza guztiak bete eta horretarako egiten den prozesuan parte hartzen duten pertsona guztiek osatuko dute lan-poltsa.

2.- Hautagaien lehentasun ordena, bestalde, prozesuan eskuratutako puntuazioaren araberakoa izango da.

3.- Lan-poltsari jarraipena emateko, beharrizanak dauden bitartean, urteko lehenengo hiruhilekoan epe bat irekiko da interesatuek curriculum vitae-a aurkez dezaten. Deialdia www.orio.eus webgunean argitaratuko da. Ezarritako epean aurkezten diren curriculumak lan-poltsaren oinarri arautzaileetako irizpideen arabera baloratuko dira.

Deialdiaren ondorioz poltsan sartzen direnak hautaketa-prozesua amaitzen den unean, dagokien zerrendan sartuko dira, lan-poltsa osatzen dutenen atzean, zero puntuazioarekin eta hautaketa-prozesuko emaitzen hurrenkeraren arabera, hain zuzen.

4.- Prozesua amaitu ondoren, era berean, zerrendetan sartu diren pertsonek beren profil profesionala osatu ahal izango dute geroago lortutako akreditazioen bidez (euskarako eskakizuna edo titulazioa). Dokumentazio hori erabiliko da zerrendak eguneratzeko, ezarritako ordena aldatu gabe, baina kontuan hartuko da lanposturako behar diren baldintzak betetzen diren ala ez egiaztatzeko garaian.

Hautagaien egoera

5.- Hautagaiak honako egoera hauetakoren batean egongo dira:

  • Libre. Eskatutako espezialitateko lan-eskaintza guztiak bidaliko dira.
  • Ez libre. Ez zaio bidaliko lan-eskaintzarik.
  • Behin betiko baja.

6.- Hautagaiek beren egoera aldatu ahal izango dute, egin eta hurrengo egunetik aurrera baliagarria izango den eskaera baten bitartez.

7.- Behin betiko bajaren tramiteak, berriz, interesdunak hala eskatzen duenean edo diziplina zigorra izaten duenean egingo dira.

Lan-poltsen kudeaketa

8.- Indarrean dagoen lanpostu-zerrendan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte izangaiek eta eskolak ezarritako ordutegietara egokituko dira.

9.- Lan-eskaintza posta elektronikoz komunikatuko da, egin behar den ordezpenaren premien araberako epea emango da, eta ordezpenaren ezaugarriei buruz dagoen informazioa zehaztuko da (laneko egunak eta orduak; kontratua hasteko eta amaitzeko aurreikuspena, ahal denean). Epea amaitutakoan, izangaia kontratatuko da lehentasun-ordena eta eskola kontratatzaileko lanpostuaren ezaugarriak errespetatuz (eskatutako titulazioa eta hizkuntza-eskakizuna), eta erantzun duten guztiei ezagutzera emango zaie kontratazioaren emaitza. Orientazio moduan, bereiziko dira presako eskaintzak (lanean hasi behar den egun berean komunikatzen direnak eta 1-24 orduko epean erantzun beharrekoak) eta arruntak (nolabait aurreikus daitezkeenak eta, beraz, erantzuteko epe luzeagoa dutenak).

10.- Espezialitate bat baino gehiago ematen dituzten irakasleak ordezteko, espezialitate horietako zerrenda guztietan sartuta dauden eta gainera hizkuntza-eskakizuna betetzen duten pertsonen artean bakarrik egingo da hautapena. Hautapenean lehentasuna emateari dagokionez, ordezpenean eskola-ordu gehien eman beharko diren irakasgaian puntuazio onena duenari emango zaio lehentasuna.

11.- Zerbitzu-premiak direla medio, eta eskolak behar dituen baldintzak eta/edo laneko ordutegiak betetzen dituen izangairik ez badago, lan-kontratu bat baino gehiago egin ahal izango dira pertsona bat baino gehiago kontratatzeko aldi baterako programak lanaldi partzialean emateko, harik eta kontratazioa modu horretan egitera behartu duten presako motiboak desagertu arte. Horretarako, zuzendariak erabakiko du zein den soluziorik onena zerbitzu-premia gehienei erantzungo dien aukera egokienaren arabera.

12.- Etenik gabe egiten diren ordezkapenak, bestalde, aurreko ordezkapenerako izendatutako pertsona berberak egingo ditu, betiere, lanposturako eskatzen dituzten baldintza guztiak betetzen baditu eta bere lana ona izan bada. Ez bada lortzen, berriko ere lan-eskaintza bidaliko zaie zerrendako izangai guztiei.

13.- Ordezkapen bidez beteta dagoen plaza bat hutsik geratzen bada, plaza huts hori ordezkapena egiten ari den pertsona berberak beteko du, baldin eta lanposturako baldintza guztiak betetzen baditu eta bere lana ona izan bada. Ez bada lortzen, berriro ere lan-eskaintza bidaliko zaie zerrendako izangai guztiei.

14.- Ordezkapenen ehunekoak, indarrean dagoen ikasturterako lan-postuen zerrendetan ezarritakoak izango dira.

15.- Hutsik geratutako lan postu bat edo ordezkapenean dagoen lan postu bat, plantillako irakasle batek bete ahalko balu, langile hauek lehentasuna izango lukete, gainearekoen aurrean, baldin eta lanposturako baldintza guztiak betetzen baditu eta bere lana ona izan bada.

16.- Hautatutako pertsonak, bere lan postuan lanean hasi baino lehen, entregatu behar ditu:

  • Nortasun-agiri nazionala eta gizarte-segurantzaren kartillaren fotokopia.
  • Nomina sartzea nahi duen banku-erakundeko kontu korrontearen zenbakia.