Musika
Eka 26
19:00

«AMAK» taldearen kontzertua izango da kiroldegian ekainaren 26an

Lekua: Karela kiroldegia
Antolatzailea: Orioko Udala

«AMAK» taldeak kontzertua emango du Orion ekainaren 26an, larunbatarekin. Kontzertua 19:00etan izango da, Karela kiroldegian. Sarrerako ateak 20 minutu lehenago irekiko dira.

Kantaldirako sarrerak aldez aurretik hartu behar dira, 10 euro ordainduta. Aforo-mugak direla-eta, 220 sarrera baizik ez daude saltzeko eta astelehen arratsaldetik aurrera erosi daitezke kultur etxean. Pertsona bakoitzak bi sarrera erosi ditzake, gehienez.

«AMAK» taldea

Lau emakumek osatutako taldea da «AMAK», laurak ibilbide luzea egin dutenak musika munduan, trikitia jotzen nahiz kantatzen.

Oñatiko Trikiti jaialdian bildu ziren lehen aldiz gerora «AMAK» taldea osatuko zuten lau amek: Alaitz Telletxea Tolosa, Maixa Lizarribar Saizar, Amaia Oreja Unanue eta Kristina Solano Maiza. Esperientzia gustatu eta 2019an sortu zuten taldea.

Aurten grabatu du AMAK taldeak bere lehen diskoa, Xabi Solano Maizaren estudioan, musikari askoren laguntzarekin.

Lau emakumeen eskaintza musikala alaia eta jostalaria da, aproposa bizitzaren eguneroko zailtasun eta arazoei tarte batez ihes egiteko. Kalejirak, arin-arinak, balsak, baladak, trikitixak eta zortzikoak dira taldearen errepertorioan eta doinuetan nabaria da taldekideek folk musikan duten eskarmentua. Kantetan garrantzia ematen diote ahotsari eta askotan sartzen dituzte bigarren eta hirugarren ahotsak melodiak osatzeko. Letrak taldeko kideek, Onintza Enbeitak, Karmele Jaiok eta Olaran Elkarteak egin dituzte.

Informazio gehiago

https://eu.wikipedia.org/wiki/AMAK_(musika_taldea)

https://www.badok.eus/euskal-musika/amak/amak