Orioko Udalak herrian komunitate energetiko bat martxan jartzeko proiektua abiatu du, Goienerrekin elkarlanean. Helburua Orioko etxebizitzei energia berriztagarria eskuratzeko aukera erraztea da, herrian bertan sortutako eguzki-energiaren bidez. Ekimen honen bidez, Orioko 150 etxebizitza/merkataritza lokal inguruk jasoko dute eguzki-plaken bidez sortutako energia fotovoltaikoa.
Testuingurua
Energia-kostuen gorakadak eta klima-aldaketaren erronkak agerian utzi dute trantsizio energetikoa sustatzeko neurriak herri mailan ere hartu behar direla.
Horregatik, eskura dituen baliabideak eta aukerak aztertu ondoren, Orioko Udalak energia berriztagarria sortzeko eta herritarren artean partekatzeko bide eraginkor bat sustatzeko erabakia hartu du: autokontsumo kolektiboa, komunitate energetiko
baten bidez kudeatua. Energia berriztagarria herritarren eskura jartzeaz gain, behar gehien duten pertsonengana iristea da asmoa.
.
Ezaugarriak
Komunitate energetiko honen lehen urratsa kiroldegiko pista nagusiaren sabaian jarritako eguzki-plaken 100kW-ko instalazio fotovoltaikoa izango da. Instalazio horren bidez jasotako energia komunitateko bazkideen artean banatuko da, zehaztutako baldintzen arabera.
• Udalak bultzatutako ekimen publikoa da, herri mailako antolaketa eta kudeaketa bultzatu nahi duena.
• Herritarrek ez dute hasierako inbertsiorik egin beharko, eta harpidetza bidez funtzionatuko du. Hau da, kuota bat ordaindu beharko da energia-pakete baten truke, eta horren bidez, elektrizitatearen faktura murriztea lortuko da.
• Helburua ez da, soilik, energia sortzea: kudeaketa errazteko eta parte-hartzea sinplifikatzeko tresnak eta laguntza-saioak aurreikusten dira, herritarrek prozesua ulertu eta erraz egin dezaten.
• Egitasmoak ikuspegi soziala txertatzeko borondatea du, energia berriztagarriaren onurak ahalik eta herritar gehienengana iritsi daitezen.
AURREIKUSITAKO KUOTAK
Bazkideen artean eratuko den elkarteak definituko ditu kuota hauen zenbateko zehatzak. Izan ere, beharren arabera energia-pakete ezberdinak sortuko dira kontsumo ohituretan oinarrituz.
100kW-ko instalazioaren onura energetikoa ahalik eta modu optimizatuenean banatuko da, eta bazkide kopuru zehatza horren arabera definituko da. Orientazio modura, ohiko etxebizitza baten kontsumoetan oinarrituz, aurreikusten da kuota* hau
urtean 35-40€-koa izatea.
Etorkizunean, komunitatearen beharren arabera, kuotak egokitzeko aukera egongo da.
* Udaleko Gizarte Zerbitzuen bidez laguntza energetikoa jasotzen dutenek, kuota salbuetsita izango dute.
.
Parte-hartzaileak
Ekimenak 150 etxebizitza/merkataritza establezimenduri eragingo die, eta Udalak aurrez zehaztuko ditu irizpideak:
> Lehentasunezko profilak:
- Pobrezia energetikoari aurre egiteko laguntza jasotzen duten herritarrak.
- Alde Zaharreko bizilagunak: eguzki-plakak instalatzeko mugak dituztelako eta herrian pobrezia-tasa handiena duen eremua delako (%20*).
- Merkatariak: Energiaren kontsumo jarraitua egiten dutelako egun osoan (%20*).
> Gainerako herritarrak:
Etxebizitzak hiri-lurretan kokatuta egon behar du, energia sortzen den puntutik 2 kilometrora, gehienez.
* Ehunekoak izen-ematearen arabera egokitu daitezke.
.
Prozesua
> Lanak
Orioko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza jaso du proiektua martxan jartzeko: 124.146 euro. 100kW-eko instalakuntza kiroldegiko kantxaren sabaian jarriko da, eta aurreikuspenen arabera, instalazioa prest izango da udaberrian.
> Komunitatearen osaketa, pausoka:
1. Komunitateko bazkide izan nahi duten herritarrek, martxotik aurrera izango dute aukera proiektuan izena emateko. Inksripzioa egiteko dokumentu hauek aurkeztu beharko dira: elektrizitate faktura, NANaren kopia eta datuen babeseko dokumentua sinatuta. Horrela, elektrizitatearen fakturan izango duten aurrezpena kalkulatuko du Goienerrek.
2. Izena ematen duten herritarren profilak eta energia kontsumo ohiturak aztertuko ditu Udalak. Izan ere, instalazioak ez du energia pilatzeko gaitasunik, eta sortzen dena momentuan iritsiko da etxeetara. Beraz, garrantzitsua da energia
kontsumo ohiturak ezagutzea, banaketa optimizatu ahal izateko.
3. Azterketaren emaitzak ikusita, bazkideen behin betiko zerrenda osatuko du Udalak. Beharrezkoa balitz, zozketa bidez egingo da hautaketa. Eta jende asko kanpoan geratuko balitz, bigarren instalazio bat egiteko aukera aztertuko da.
4. Komunitateko kideek elkarte bat osatuko dute, kudeaketa modu autonomoan egin ahal izateko. Autokontsumoan parte hartuko duten guztiak izango dira elkarte horren bazkide, eta horretaz gain, gutxienez 3 kide zuzendaritza batzordean
egongo dira. Dituzten arduren eta egitekoen inguruko informazio zehatza jasoko dute.
> Aktibazioa
Ekimena martxan izango da 2026ko udarako, instalazioa eginda eta komunitatea osatuta.
> Jarraipena
Proba pilotu honek lau urteko iraupena izango du. Altak eta bajak urtero kudeatu ahal izango dira, eta komunitateko kideek egiten duten kontsumoaren eta aurrezkiaren inguruko informazioa jasoko dute, Goienerren eskutik.
.
Izen-ematea
Komunitate energetikoan izena eman nahi duten edo proiektuan interesa duten eta izango duten aurrezpena jakin nahi duten herritarrek, GALDETEGIA (laster eskuragarri) bete beharko dute, eta Udalean entregatu.
Bi aukera daude horretarako:
- Online, Udaleko egoitza elektronikoaren bidez.
- Aurrez aurre, udaletxeko bulego nagusian.
Edozein kasutan, aurkeztu beharreko dokumentazioa:
- Galdetegia, behar bezala bete eta sinatuta
- Azken elektrizitate faktura
- NANen fotokopia
Online erregistroa bidaltzeko urratsak
1. Sartu Orioko Udalaren egoitza elektronikoan eta erregistroan alta eman:
2. Sakatu ‘Online tramitazioa hasi’
3. Erregistratu BAKQ edo ziurtagiri digitalen bat erabilita.
4. Lehen aldia bada, egin lehen erabiltzaile erregistroa eta bete zure datuak.
5. Bete interesdunaren datuak eta atxiki eskatutako dokumentuak 3. atalean.
6. Atxiki eskabide-orria eta bizikletaren argazkiak (artxibo bakoitza aparte atxiki behar da).
7. Bukatutakoan, sakatu ‘Irakurri dut eta onartzen dut’ laukitxoa, eta eman ‘Sinatu eta bideratu’ botoiari.
