Udalak 36.000 euroko dirulaguntza emango dio aurten Urolako Komunikazio Taldeari

Orioko alkateak eta Urolako Komunikazio Taldearen (UKT) ordezkari Gorka Zabaletak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, udaletxean. Horren arabera, Udalak 36.000 euroko dirulaguntza emango dio aurten UKT kooperatibari, eskualdean euskarazko komunikazio-zerbitzuak garatu eta emateko. Orain arte 30.000 euro ematen zizkion Udalak urtero UKTri, dirulaguntza gisa, —5 euro biztanleko, gutxi gorabehera—; eta aurten 36.000 eurora igo du dirulaguntza: 6 euro biztanleko.

Badira bost urte Karkara Taldeak eta eskualdeko beste komunikabide batzuek elkar hartuta, UKT kooperatiba osatu zutela. Geroztik, kooperatiba da gure eskualdeko komunikazio-talderik garrantzizkoena.

Karkaratik Gukara

Orain, gainera, beste urrats bat eman berri du UKT kooperatibak eta, aurrerantzean, GUKA marka bateratuaren pean arituko dira eskualdeko euskarazko komunikabideak. Horrela, orain arte Karkara zena, OrioGuka izango da aurrerantzean, bai paperean eta bai webgunean.

Eskualdeko komunikazio-zerbitzuak garatzen

UKTren helburua da Urola Kosta eskualdean euskarazko komunikazio-zerbitzuak indartu eta garatzea, informazioaren arlo tradizionalak nahiz berriak jorratuz, giza kohesioaren alde.

Gaur sinatutako lankidetza-hitzarmenaren bidez, Udalak bat egiten du UKTren helburu horrekin eta 36.000 euro emango dizkio, behar bezala garatzen laguntzeko.