Atzo inauguratu zen Jesus Mari Peronaren maketa-erakusketa

 

Jesus Mari Perona maketagile oriotarraren Orioko baleazaleak eta itsasontziak erakusketa atzo, uztailak 6, inauguratu zen kultur etxean, eta ikusgai izango da abuztuaren 4ra arte. Balea-arrantzarekin zerikusia duten dozenatik gora maketa ikusi daitezke erakusketan eta, horrez gain, XVI. mendetik aurrera Oria ertzeko ontzioletan eraikitako hainbat ontziren maketak ere bai.

Erakusketa bi zatitan banatu du Peronak. Alde batetik, balea-harrapaketarekin zerikusia duten ontziak bildu ditu. Hain zuzen, erakusketa honetarako propio egokitutako obra bat dago erdigunean, Orioko baleazaleei omenaldia egiten dien eszena alegorikoa. Bertan, bi une historiko ekartzen dira gogora: alde batetik, XIII. mendea, orduko balea-hezurra aurkitu baitzen 1980ko hamarkadan errioa moila parean dragatzen ari zirela; eta bestetik, 1901. urtea, oriotarrek Kantauriko azken balea harrapatu zutenekoa. Erakusketaren zati hau, gainera, beste hainbat piezarekin osatu du Peronak: Euskal Karraka baten maketa, XVI. mendeko baleontzi baten maketa, eta hainbat modelo erdi eta haien planoak. Balea-arrantzak Oriori —eta, oro har, Euskal Herriari— egindako ekarpena bistaratu nahi izan du maketagileak.

Arrantza eta kirola

Erakusketaren bigarren zatiak, aldiz, balea-arrantzak utzitako legatuarekin du zerikusia. Orioren arrantzale-izaerak segida izan du XX. mendean, eta horren adierazle da, besteak beste, 1901ean azken balea harrapatu zuten bost traineruen patroiek lotura zuzena izan dutela Orioko moilan amarratuta egon diren ontziekin. Beraz, XX. mendeko arrantzarekin lotuta dago erakusketaren bigarren zati hau; eta, gainera, estropadetan erabilitako ontzien maketa batzuk ere badaude.

Ikerketa sakona dago pieza bakoitzaren atzean, benetako ontzien erreplika ahalik eta zintzoenak egitea izan baitu helburu Peronak. Antzinako dokumentu eta kontratuak, Gipuzkoako herrietako armarriak, margolan zaharren irudiak eta beste hainbat informazio-iturri baliatu ditu ontzien neurriak eta ezaugarriak ezagutzeko.

Inurri-lana, balioan

Anuska Esnal Orioko alkatearen hitzetan, «Pozgarria da erakusketa hau inauguratzea, herriko artista baten lanak denon eskura jartzen baitira». Maila handiko erakusketa dela nabarmendu du, eta urrats txiki bat urte hasieran aurkeztu zen Biziberritze Planak zehaztutako norabidean. «Baina hortik harago, oriotarrak maila emozionalean asko betetzen gaituen erakusketa da, balioa ematen diolako urte luzez, isilik eta umil, egindako lanari».

Peronak, bere aldetik, alboan izan dituen «aingeru guardakoen» papera ekarri du gogora: «Ekintza guztiek dituzte aingeru guardakoak, lanak bide onetik joan daitezen laguntzen dutenak. Eta, erakusketa honen kasuan, Udaleko arduradunen lana ez ezik, nire emazte Begoñaren laguntza eskertu nahiko nuke: obra asko ezingo lirateke ulertu bere lankidetzarik gabe».

Ordutegiari dagokionez, astelehenetik ostiralera 9:00-14:00 artean izango da zabalik kultur etxeko areto nagusia, eta asteburuetan, 18:00etatik 20:00etara irekiko dute. Arratsaldeko saioetan, Perona bera arduratuko da bisitariak gidatzeaz eta xehetasunak azaltzeaz. Dena dela, maketa bakoitzari buruzko informazioa eta azalpenak jasota daude bakoitzaren alboan dagoen orrian. «Herritarrek eta bisitariek erakusketaz gozatzeko aukera izango dutela espero dut», adierazi du Peronak.