Orioko Emakume* Mahaiak deituta, manifestazioa egin da gaur, martxoaren 8an. Herriko Plazako hitzordura dozenaka lagun hurbildu dira, emakumeen gain jarraitzen duen zaintza-sistema eraldatzeko beharra aldarrikatzeko.
Azken urteetan urrats garrantzitsuak egin dira Orioko emakumeen ahalduntzean eta emakume eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiteko. Herriak bilakaera nabarmena izan du zentzu horretan: lau urtetarako berdintasun-plana osatu eta onartu du Udalak eta bertan zehaztutako ekintzak burutzeko konpromisoa hartu du hainbat alorretan, hala nola, kirol-jardueran, kultur agendan, aisialdiko eskaintzan, hezkuntzan…
Emakumeon* presentzia gero eta zabalagoa da kalean, orain arte gizonak nagusi izan diren alor eta espazioetan, eta datozen hiletan ere norabide horretan lanean jarraituko du Udalak, Ahalduntze Eskolako arduradunekin eta Emakume* Mahaiko kideekin elkarlanean.
Irakurketa
19:00etan hasita, herriko kaleetan egin dute itzulia bertaratuek, mugimenduaren aldarriak entzunaraziz. Eta manifestazioaren amaieran, Euskal Herriko Mugimendu Feministak zabaldutako mezua irakurri dute hainbat emakumek jendaurrean, Orioko errealitatera egokituta.
Hau da Orioko Emakume* Mahaitik zabaldutako mezua, hiru hizkuntza tartekatuz:
Denon bizitzak erdigunean.
Zaintza-lanak ezinbestekoak dira bizitzeko.
Ezin dute ikusezin eta merkantilizatuta jarraitu.
Zaintzaren krisiak ikusten direnak baino aurpegi gehiago ditu.
Erakundeek eta familiek asetzen ez dituzten beharrak etxeko langileek betetzen dituzte, lan-baldintza negargarrietan.
Etxeetan, lantokietan eta harremanetan langile klaseko emakumeak izaten jarraitzen dugu zaitnza sostengatzen dutenak. Denboraren eta baliabideen pobrezia pilatzen jarraitzen dugu.
Zaintzak irauli nahi ditugu, dena aldatzeko. Gaur egungo zaintza-erregimen kapitalista eta patriarkala eraldatu behar dugu.
Krisi hau ez da konpontzen azaleko soluzioekin. Ez dugu isilaraziko gaituen promesa faltsurik nahi.
Zaintzarako eskubide kolektibo baten alde egiten dugu.
Pertsona guztiek bizitza osoan zehar zaintzak askatasun- duintasun- eta konpromiso-baldintzetan emateko eta jasotzeko duten eskubidearen alde.
Eskubide hori mendekotasun-egoeretatik harago doa; askoz harago.
Aliantzak bultzatu nahi ditugu herri-mugimenduekin eta dena aldatzeko zaintza-sistema irauli nahi duten guztiekin.
Kaleak hartzera goaz!
Kaleak hartzeko, zaintzak iraultzeko eta indarrak batzeko, ezinbestekoa da saretzea.
Horretarako espazioa izango dugu laster plaza honetan.
Orioko emakumeon* etxea, etxe morea, denon artean eraikitzen ari gara.
Emakume, zure zain gaude! Ez egin dudarik, espazio hau zurea da.
GORA BORROKA FEMINISTA!