Aurtengo sanpedroak festa koloretsu eta askeak izan daitezen nahi du Udalak

Anuska Esnal Orioko alkateak, Xabi Ibarguren kultur zinegotziak, Ahalduntze Eskolako arduradun Miriam Garciak, eta Orio Harro taldeko kide Jon Alkainek agerraldia egin dute gaur kultur etxean, ekainaren 28tik uztailaren 1era ospatuko diren San Pedro jaien programaren berri emateko.

Ibargurenek adierazi duenez, hiru festa-batzorde egin dituzte azken hilabeteetan, eta herritarrengandik jasotako proposamenen bidez, «adin, nahi eta gustu guztientzako egitaraua atondu dugu, aisialdi, kirol, musika, dantza eta gozamenerako jarduerekin». Horien artean, uztailaren 1eko Arrantzale Eguna nabarmendu du, eragile talde txiki batek antolatutako ospakizunak talde handia mobilizatzea lortu duelako. «Herriaren izaerarekin bat egiten duen festa polita izango da». Gaineratu du festek garaian garaiko beharretara egokitzeko gaitasuna dutela, eta gizarteak dituen aldarri nagusiak plazaratzeko modu bat ere badirela. «Horregatik, aurten txupinazo koloretsua egingo dugu, eta herriko LGTBIQ+ kolektiboak orain arte ezkutuan egindako aldarrikapenak bistaratzeko baliatuko dugu».

Txupinazo koloretsua

Ekainaren 28ko Harrotasunaren Egunak San Pedro festen txupinazoarekin bat egiten du aurten ere. Alkainek adierazi duenez, herriko LGTBIQ+ taldeak Orio Harro ekimena antolatu zuen iaz aurrenekoz, eta herritar talde baten baitan oso arrakastatsua izan bazen ere, ez zuten herri osora zabaltzea lortu. Horregatik, Ahalduntze Eskolarekin bildu ziren eta Udalari aldarrikapena zabaltzeko laguntza eskatu diote. «Herritar eta eragileek ez ezik, guk geuk ere herrian gertatzen ari denaren inguruan hausnarketa egitea dugu helburu, eta egunerokoan bizi ditugun lgtbiqfobia egoeren aurrean kontziente izatea eta horiek ikusaraztea. Denon artean egin behar diegu aurre, kolektiboa herrian irudikatua sentitu dadin».

Ondoren, taldeak eta Udalak bultzatu duen aurtengo leloa aurkeztu dute: Kontuz, armairutik kanpo gabiltza. Udalak txosnan banatuko dituen edalontzi berrerabilgarrietan jarriko da lelo hori, eta aurtengo festen izaera bistaratuko du.

Eraso matxisten aurrean jokatzeko protokoloa

Orioko Udalak emakumeen aurkako indarkeria-kasuetan jarduteko I. Udal Protokoloa prestatu du azken hilabeteetan. Hori prestatzeko, Udaleko sail askotako teknikariek eta herriko eragile batzuek zenbait lan-saio egin zituzten, eta emaitza datozen asteetan kaleratuko da. Horren aurretik, festei begira, protokoloaren gida moduko bat osatu da, eraso matxisten aurrean jokatzeko jarraibideak ematen dituena, oso modu sinplean. «Protokoloa herriko paneletan, tabernetan eta saltokietan egongo da ikusgai, eta baita Udalaren webgunean ere», azaldu du Garciak. «Helburua ez da solik jarraibideak ematea; prebentzio-lana ere egin nahi dugu».

Festen aurretik, gainera, bi orduko formakuntza-saioa eskaini die Udalak gauez zabalik egoten diren tabernetako eta txosnetako langileei (borondatez hartu dute parte). Eta prestaketa jaso duten bost tabernak pegatina more baten bidez identifikatu ahal izango dira festetan.

«Bestalde, Emagin elkartearen bidez, eraso matxistarik gabeko gunea jarriko dugu turismo-bulegoaren parean uztailaren 28an, 29an eta 30ean, gauez. Indarkeria matxistaren eta lgtbifobiaren inguruko informazioa jarriko dugu eskuragai gunean, eta erasoren bat gertatuz gero, biktima artatzeko baliabideak eskainiko ditugu», azaldu du Garciak.

Harrotasuna, zentzurik zabalenean

Anuska Esnalek, bere aldetik, festek irudikatuko duten herri ereduan jarri du fokua: «Oso harro gaude herritarrez. Indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa osatu dugu, eta Udalaren eskumenei lotuta ez ezik, festaren eremura ere zabaldu dadin nahi dugu. Ozen esan nahi dugu harro gaudela gure festez, eta jendeak aske gozatu ditzan nahi dugu». Esnalek azaldu du 2019ko sanpedroetan keinu bat egin zitzaiola LGTBIQ+ kolektiboari eta, geroztik, Udalak aurrera egin duela herritarrak ahalduntzeko bidean. «Aurtengo festak horren erakusle izango dira».

PROGRAMA

Ekainak 27, asteartea

  • Arratsaldez, 3X3 Futbol Txiki Txapelketa. Zaragueta Herri Eskolak antolatua, Mendibeltz futbol-zelaian.

Ekainak 28, asteazkena: San Pedro bezpera

  • 10:30-13:00 Jubilatuen hamaiketakoa, Zaharren Babeslekuak antolatua.
  • 18:30 Pello eta Nikolasa erraldoien eta buruhandien kalejira, kultur etxetik hasita.
  • 18:30 Burrunba elektrotxaranga, Herriko Plazatik hasita.
  • 20:00 Txupinazo koloretsua, LGTBIQ+ kolektiboaren eta Salatxo abesbatzaren eskutik,  Herriko Plazan.
  • 20:15 Txosnaren irekiera, DJ Aiakaterekin. Herriko Plazan.
  • 22:30 Euskoprincess eta DJ A-Rootsen kontzertuak, Herriko Plazan.

Ekainak 29, osteguna: San Pedro Eguna

  • 06:00 Gaupaseroen argazkia, Oa kaleko eskaileretan.
  • 11:00 Apar-festa, ikastolako DBHko eraikinaren jolas-eremuan.
  • 12:00 Herriko txarangaren irteera.
  • 12:00 Meza nagusia, Salatxo abesbatzarekin, elizan.
  • 12:45 Trikitixa Txapelketa, Herriko Plazan.
  • 17:00 Pilota partidak, Ospele kirol-klubak antolatua, pilotalekuan.
  • 18:00 Pello eta Nikolasa erraldoien eta buruhandien kalejira, kultur etxetik hasita.
  • 19:00 Sokadantza txistulariekin, Herriko Plazan.
  • Jarraian Danbolin Musika eta Dantza Eskolako bandaren kontzertua, Herriko Plazan.
  • 20:30-22:00 Txurrudiskoteka, 11-16 urte arteko gaztetxoentzat. Txurrumuskik antolatua, Gaztetxean.
  • 22:30-00:00 Iratzar erromeria-taldearen lehen saioa, Herriko Plazan.
  • 00:30-02:00 Iratzar erromeria-taldearen bigarren saioa, Herriko Plazan.

Ekainak 30, ostirala: San Pedro Bigarrena

  • 10:00–13:00 Umeentzako jolasak, ikastolako DBHko eraikinaren jolas-eremuan.
  •  12:00 Pintxo hotzen lehiaketa, Herri Ikastolak antolatua, Herriko Plazan.
  • 13:00 Alebin kategoriako estropadak, Orio Arraun Elkarteak antolatua.
  • 14:00 70 urtetik gorako oriotarren bazkaria, Antilla hotelean.
  • 16:30 Gaztetxoen Dardo Txapelketa, 14 urtetik beherakoentzat, Bikamiotan.
  • 18:00 Pello eta Nikolasa erraldoien eta buruhandien kalejira, kultur etxetik hasita.
  • 18:30 Sanpedrotako 12. Binakako Gomazko Pala-Txapelketaren finala, Ospele kirol klubak antolatua, pilotalekuan.
  • 19:00 Helduen Dardo Txapelketa, Bikamiotan.
  • 19:30 Joselontxos txaranga, herrian barrena.
  • 22:30-02:00 Niña Coyote eta Chico Tornadoren eta Bad Sounden kontzertuak, Herriko Plazan.

Uztailak 1, larunbata: Arrantzale Eguna

  • 11:00 Dantzari,kantari eta erraldoien kalejira, kultur etxetik hasita.
  • 12:00 Sardina-jana kalean, elkarte gastronomikoek prestatuta.
  • 13:00 Ikuskizuna: Arrantzale eta saregileei ongietorria, sardinerak, batelerak, Salatxo abesbatza, kaxarranka…
  • 14:30 Arrantzale festako bazkaria, Mutiko Alaiak musikariekin. Herriko Plazan.
  • 18:00 Erromeria: Alaitz Roteta eta Ainara Saizar, Herriko Plazan.