«EUSKARAZ HOBETO!» izeneko erabilera-plana onartu du Udalak, aho batez

 

Udalbatzarrak Udalaren erabilera-plana onartu zuen atzo, maiatzak 30, arratsaldean egindako ohiko bilkuran. «EUSKARAZ HOBETO! Orioko Udalaren erabilera-plana 2024-2027» du izena onartutako dokumentuak eta bertan jasotzen da, batetik, zein den euskararen egoera Orioko Udalean eta, bestetik, zer hizkuntza-irizpide aplikatuko dituen Udalak datozen urteotan, euskararen erabilera indartu eta areagotzeko.

Udalak euskaraz funtzionatzen du dagoeneko, neurri handi batean, eta, erabilera-plan honen bidez, pausoak eman nahi ditu erabilera hori sendotzeko eta darabilen euskararen kalitatea ere hobetzeko, hizkuntza-teknologia berriak baliatuz.

EUSKARAZ HOBETO!

Plangintzaldi berri hau aldaketa handien bezperatan dator: adimen artifizialaren olatuak goitik behera aldatuko du administrazioaren jarduteko era (ere) eta dagoeneko ikusten dira horren zantzu batzuk: itzulpen neuronalaren iraultza, testu-sorkuntza automatizatua, chatbot espezializatuak, espedienteen kudeaketan datorren aldaketa…

Erabilera-planari EUSKARAZ HOBETO! izena jarri dio Udalak, hain zuzen ere, uste duelako hizkuntzaren teknologia berriek ematen (eta emango) dizkiguten aukerak baliatu behar dituela euskaraz gehiago eta hobeto egiteko. Udalak erronka jarri dio bere buruari, darabilen euskararen kalitatea hobetzeko plangintzaldi honetan. 

Aldi berean, aldarria ere bada EUSKARAZ HOBETO! leloa, udal-langileei eta oriotarrei adierazteko Udalak euskara erabili nahi duela herritarrekiko harremanetan eta barruko jardunean. Hori duela xede eta horretara doala.

UEMAren hizkuntza-irizpideak 

Orio herri euskalduna da (euskaldunak %75 dira; ia-euskaldunak, %11,5; eta euskaraz ez dakitenak, %13,5, 2021eko datuen arabera) eta dagoeneko bide luzea egin du euskararen sustapenean. Bide horren barruan, UEMAko kide izatea erabaki zuen Udalak 2002an eta, orduz geroztik lankidetzan jardun dute bi erakundeok. Erabilera-plan hau osatzeko ere, UEMAk zehaztutako gidalerroak eta oinarrizko irizpideak aintzat hartu ditu Udalak.

Hemen ikusi daitezke Udalak plangintzaldi honetan aplikatuko dituen hizkuntza-irizpideak:

Udalaren hizkuntza-irizpideak (PDF)

Eta hemen ikusi daiteke erabilera-plana, osotasunean:

EUSKARAZ HOBETO! Orioko Udalaren erabilera-plana 2024-2027 (PDF)