Udako kultur programaren barruan, bi film eskainiko ditu Udalak aurten, hondartzan. Lehen saioa asteazken honetan izango da, abuztuaren 7an, eta familia osoarentzako animazio-filma proiektatuko dute, euskaraz, 22:00etan hasita: Mavka, basoaren zaindaria (Ukraina, 2023).
Urteroko aire libreko zinema-emanaldien barruan, haur eta gaztetxoentzako animaziozko bi filma proiektatuko dira aurten: Mavka, basoaren zaindaria eta Momiak (Espainia, 2023). Biak ala biak euskaraz emango dira eta sarrera doan izango da.
Mavka, basoaren zaindiaria 2023ko film ukrainarra da eta Mavka basoaren arimaren abenturak ditu hizpide. Izaki fantastikoz betetako erresuma sorginduko zaindaria da Mavka, eta basoa erasoetatik babesteko zeregina du; baita gizakien oldarraldietatik ere. Baina Mavkak Lukas ezagutuko du, mendietan galdutako gazte musikazalea, eta maitemindu egingo dira. Haien istorioak erresuman izango dituen ondorioei aurre egin beharko diete elkarrekin, Mavkak basoa salbatu arte.