Oria Bizi elkarteak ate irekien saioak egingo ditu irailaren 20an eta 21ean

 

Oria Bizi elkarteak herritarren bizitza aktiboa sustatzea du helburu, modu jarraituan praktikatutako lehiarik gabeko arraunaren bidez. Elkarteak egiten duena herritarrei azaltzeko eta eskaintzen dituen baliabideak ezagutarazteko, ate irekien saioak egingo ditu irailaren 20an eta 21ean, ostirala eta larunbata. Saio horietan parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea galdetegi honen bidez.

Elkarteko arduradunek aditzera eman dutenez, ez da beharrezkoa aldez aurretik arraunean jakitea eta, horrenbestez, edonork eman dezake izena jardueran. Ate irekien saioan ere, arrauna probatzeko ala instalazioak bakarrik ikusteko aukera izango da, eta zortzi hitzordu jarri dituzte guztira:

  • Ostirala eta larunbata 16:30ean
  • Ostirala eta larunbata 17:15ean
  • Ostirala eta larunbata 18:00etan
  • Ostirala eta larunbata 18:45ean

Oria Bizi elkarteak Orioko Udalaren laguntza jasotzen du urte osoko jarduera aurrera eramateko.