Herriko hainbat eragilek Gau Beltza antolatu dute urriaren 31n, ostegunarekin.
Gau Beltzaren ospakizuna Harribil dantza-taldeak plazan egingo duen saioarekin hasiko da, 18:30ean. Gero, 19:00etatik aurrera, bi ikastetxeetako familiek prestatutako tailerrak izango dira plazan haurrentzat; eta, aldi berean, LH3tik gorako neska-mutilek aukera izango dute beldurrezko ibilbide bat egiteko Goiko Kalean barrena. Ibilbidea talde txikietan egingo dute haurrek, plazatik abiatuta eta txandaka. Txandak plazan bertan antolatuko dira. Festa jai giroan amaitzeko, 20:00etan, erromeria egingo dute denek elkarrekin Herriko Plazan.
Mozorrotzeko aukeren inguruan hainbat argibide eman dituzte eragileek, Euskal Herriko tradizioan eta janzkeran oinarrituta (ikusi goiko irudia).
Gau Beltzaren tradizioa
Gau Beltza ez da Estatu Batuetatik etorri zaigun jai bat. Euskal Herrian ere ospatzen zen lehen, beti urriaren 31n, Santu Guztien egunaren bezperan. Orion ere, egun horretan, kalabazak barrutik hustu eta kandelekin argitzen ziren, Karmele Esnal andereño oriotarrak, bere txikitako urteak gogoan, kontatzen duen bezala. Gau Beltzaren tradizioa galdu edo ahuldu egin zen gero Euskal Herrian, baina, gaur egun, toki askotan ari dira horren inguruko ohitura zaharrak berreskuratzen, ospakizuna indartzen eta berrasmatzen. Orion ere hori egin nahi dute Gau Beltzaren antolatzaileek.
Udazkenetik negurako tarteak, egun motz eta ilunekin, sinbolismo handia du Euskal Herrian ere: azken uztak biltzeko garaia da, urtearen bukaera badatorrela gogorarazten digu eta, azkenik, hildako senideen oroimena ere badakar. Gaztetxoentzat, aukera ezin hobea da heriotzaren gaia mahai gainean jartzeko, ikuspegi ludiko batekin: elkar beldurtzeko jolasak eginez, kalabazak eta arbiak hustu eta argiztatuz, mozorroak jantziz…
Inguruko beste herri askotan egiten ari diren bezala, gure tradizioa jaso, berreskuratu eta berrasmatu egingo dugu Orion!