GukOriori.eus atari berriaren barruan, atal oso bat sortu du Udalak parte hartzeko prozesuetarako. Izan ere, Udalaren asmoa da aurrerantzean proiektu jakinen inguruan galdetzea herritarrei, haien iritzia jakiteko eta erabakiak horren arabera hartzeko.
Bide horretan, lehen pausoa Andra Mariko eremuari dagokion parte hartzeko prozesuarekin emango du Udalak. Prozesu xumea izango da eta horregatik aukeratu du Udalak, bidea egiten hasteko eta, horrela, gai korapilotsuagoak tokatzen direnerako ikasteko. Seguru lehen prozesu horrek hobetu beharreko kontu ugari bistaratuko dituela eta, beraz, hurrengoak hobeto egiteko ikasgaia izango dela.
Andra Mariko eremuari dagokion parte hartzeko prozesuaren inguruko azalpenak dituzue jarraian.
Andra Mari plaza da herriko zabalgune nagusietako bat: haurrek jolaserako erabiltzen dute, osteguneko azoka bertan jartzen da, eta beste ekitaldi askoren kokalekua da. Erriora jaisteko duen arranplari esker, gainera, eremu horren erabilera eraldatu egiten da uda sasoian, eta bainatzeko toki ere bihurtzen da.
Andra Marin egingo den esku-hartzeak bi alde ditu: lur azpian egin beharreko lanak (euri-uren sarea berrantolatu eta eguneratzea) eta lurrazalean egingo direnak. Lur azpiko lanak nahitaez egin beharrekoak dira, aldaketa klimatikoaren ondorioz gero eta sarriago gertatzen diren uholdeen arazoari erantzuteko. Lan horiek egin egingo dira eta ez daude parte hartzeko prozesuaren barruan; baina, nolanahi ere, baldintzatu egingo dute eremuaren azaleran egin daitekeena. Udalak lurrazalean egingo duen esku-hartzea da parte hartzeko prozesuaren bidez erabakiko dena.
Ideia-lehiaketa
Udalak bozketara jarriko duena ideia-lehiaketa bat da eta, beraz, ikusgai dauden proposamenak ez dira behin betiko proiektu osatuak. Hau da, proposamen bakoitzean planteatzen diren kontzeptu nagusiak dira aztertu beharrekoak bozka emateko orduan.
Aurrerago, aukeratzen den proposamenean oinarrituta, exekuzio-proiektu bat idatzi beharko da, gaian eskumena duten organoen filtroak pasa beharko dituena. Horren ondorioz, baliteke azken proiektua aldatu edo osatu behar izatea.
Udalak arkitektura-bulegoei zuzendutako ideia-lehiaketa egin zuen urte hasieran eta bertan agertu zuen zein ezaugarri nagusi eduki behar lituzkeen eremu horrek Udalaren ustez: oinezkoentzako eremua izan behar du, urari eta errioari lotutako jardueretarako tokia, irisgarria… Ideia-lehiaketa horrek aukera ematen du mahai gainean proposamen desberdin eta berritzaileak jartzeko eta Udalaren ikuspegia aberasteko. Hala egin zen Herriko Plazaren kasuan ere, eta emaitza ona izan zuen.
Ideia-lehiaketara zortzi proposamen aurkeztu ziren eta horien bideragarritasuna udal-arkitektoak eta beste bi arkitektok osatutako epaimahai tekniko batek aztertu du, eta hiru baztertu ditu. Aukeratutako bost proposamenak Guk Oriori atarian eta kultur etxean jarri ditu orain Udalak ikusgai. Proposamen bakoitzak arkitektura-estudioaren azalpen orokorra eta planteatzen den esku-hartzearen irudiak agertzen ditu, nondik norako nagusiak erakusteko.
Bozketa
Proposamenak, esanda bezala, ikusgai daude gukoriori.eus atalean eta kultur etxean, ordutegi honetan: 10:00-13:00 eta 16:00-19:30 ordutegian.
Hiru astez ikusgai egon ondoren, herritarrek gustukoen duten proiektuaren alde bozkatzeko aukera izango dute.
Bozka emateko, ezinbestekoa izango da azaroaren 15ean 18 urte beteta izatea eta Orion erroldatuta egotea.
Bozka ematera joaten denak NANa erakutsi beharko dio mahaian dagoen arduradunari, eta hark egiaztatuko du pertsona hori Orion erroldatuta dagoela eta adinez nagusia dela. Ondoren, mahaian eskuragarri den papertxoa hartu eta gustuko proposamenari X bat jarri beharko dio.
Bozka emateko bi egun izango dira:
- Azaroak 15, ostirala: 10:00-13:00 eta 16:00-19:30 artean, kultur etxeko areto nagusian.
- Azaroak 16, larunbata: 9:30-15:00 artean, turismo-bulegoan.
Puntuaketa
Proposamen irabazlea zein den aukeratzeko, honela banatuko dira puntuak:
Epaimahaikideek proposamen bakoitza 0-95 puntuko eskala batean baloratu dute, zenbait irizpide kontuan hartuta: egingarritasuna, egokitasuna, eremuaren beharrei ematen zaien konponbidea, jasangarritasuna… 3 epaimahaikide dira, eta haietako bakoitzak bere puntuak banatu ditu. Ondoren, hiruen arteko batez bestekoa egin da (informazio hau epaimahaiak bakarrik dauka gaur egun, eta jakinarazi duen gauza bakarra da bost proposamenak nahiko parekatuta daudela).
Herritarrek, guztira, 50 puntu banatuko dituzte 5 proposamenen artean, proportzionalki. Ondoren, puntu horiek epaimahaikideek emandakoekin batuko dira, eta puntu gehien lortzen duen proposamena izango da irabazlea.
Bozketaren ondorengo astean egingo da zenbaketa eta emaitza ahal bezain laster jakinaraziko du Udalak.