Orioko Udalak kirol-zerbitzu berria jarriko du martxan aurten

Orioko Udalak herriko kirol-azpiegiturak eta kirol-eskaintza aztertu ditu azken urteetan, sistemak zituen gabeziei konponbidea emateko. Azterketa horien ondorioak ikusita, herriko kirol-sistema eguneratzea erabaki du Udalak eta, aurrerantzean, Orioko kirol-ekipamendu guztiak modu bateratuan kudeatuko dira. Zerbitzu berriaren nondik norakoak herritarrei azaltzeko, eskuorria banatu du gaur Udalak etxez etxe.

Aldaketaren helburua da herriko kirol-eskaintza herritar guztien eskura jartzea, eta kirol-baliabideak modu eraginkorragoan gestionatzea. Era berean, herriko kirol-elkarteen eta eragileen lana nabarmendu nahi du, herritar guztiek izan dezaten eskaintza zabal horren berri.

Gaur egun 12 kirol-elkarte daude Orioko Udalarekin hitzarmena sinatuta dutenak, beren beharrei erantzuteko: Orioko Arraunketa Elkartea, Orioko Futbol Taldea, Orio Eragin Eskubaloi Taldea, Orioko Bate Bizkorrak, Talai Mendi Elkartea, Berdin-Berdinak kirol-elkartea, Ospele kirol-kluba, ZAST saskibaloi-taldea, Itxas Tresnak surf elkartea, Kamel Ziani atletismo-taldea, Badok 13 arraun-kluba eta Oriabizi ongizate-taldea. Kirolak herrian duen garrantziaren eta indarraren erakusle da taldeen ugaritasun hau.

Aldaketak

Zertan eragingo du aldaketak? Udalak gestionatuko ditu herriko kirol-klubek erabiltzen dituzten lokalen mantentze-lanak, garbiketa eta aseguruak, eta klubek, bestalde, aukera izango dute udal-instalazioak erabiltzeko indar-entrenamenduetarako. Kluben eskaintzak zabalkunde handiagoa lortuko du sistema bateratuari esker, eta herritarrek errazago izango dute Orioko kirol-sisteman sartzea, Karela kiroldegiko leihatila bakarraren bidez.

Karela kiroldegian bi gimnasio izango dira irailetik aurrera (lehengoa eta taberna zegoen lokalean instalatuko dena), eta bietan makina berriak jarriko dira. Kiroldegiaren eskaintza zabalduko da, ordutegia ere bai, eta monitoreak egongo dira laguntza eta aholkularitza emateko.

Ikastetxeek eta Udalak adin txikikoen kirol-ohituretan eragiten jarraituko dute Eskola Kirolaren bidez. Horrez gain, Arraunetxeren erabilera zabalduko da, lehiarako ez ezik, aisialdirako eta formakuntzarako erreferentziazko gune izan dadin.

Azkenik, adinekoei, emakumeei, desgaitasunen bat duten herritarrei… zuzendutako jarduerak indartuko dira, eta kirol-instalazioak erabiltzeko pausoa ematen lagunduko dien Kirol Orientazio Zerbitzu berria jarriko da martxan, bizi-estilo aktiboa sustatzeko.

Eskuorria

Orio Kirola zerbitzu berriaren inguruko informazioa eskuorri honetan duzue, euskaraz eta gaztelaniaz. Aldiz, kiroldegiko eskaintzaren, ordutegiaren eta abonamenduen informazioa maiatzean emango du Udalak, kirol-instalazioen zerbitzuak bateratzeko eta hobetzeko lizitazioa ebatzitakoan.