Urriaren 16an, ostirala, ‘Ehiztari ehizatua’ haurrentzako antzerki-emanaldia izango da Herriko Plazan, 17:30etan, udazkeneko programazioaren barruan.
Patata Tropikalak sortutako ikuskizunak txotxongiloak eta antzerkia uztartzen ditu, eta bertsolaritzak, kritikak eta, batez ere, umoreak ere izango dute lekua.
Baserri giroan kokatutako istorioan, Peli protagonistak egun batzuk igaroko ditu Izeba Joxeparen baserrian. Bertan, bertsoak abesten dituen igel bat, tranpa batean eroritako azeritxo bat eta bestelako pertsonaia eta abenturak ezagutuko ditu. Halako batean, gainera, liburu magiko bat agertuko da, eta Izeba Joxepak istorioa modu berezi batean kontatuko du, txotxongiloen bidez.
Kolorez eta umorez betetako proposamena da, haurrek antzerkiaz eta txotxongiloez gozatzeko pentsatua.
