2.000 urteko Antonio Carraro TTR-4400 HST traktorea da salgai jarritakoa, eta interesdunek azaroaren 6ra arte izango dute eskaintzak aurkezteko aukera.
Orioko Udalak udal-jabetzako Antonio Carraro TTR-4400 HST traktorea jarri du enkantean. Ibilgailua 2000. urtekoa da, eta belar-sastrakak garbitzeko besoa, elurra kentzeko osagarria eta belarra nahiz inausketa-hondakinak jasotzeko kubeta ditu. Traktoreak 38 zaldiko potentzia du, eta malda handiko eremuetan, berdeguneen mantentze-lanetan eta bestelako nekazaritza-lanetan erabiltzeko diseinatuta dago.
Ibilgailua egungo egoeran salduko da. Azken IAT azterketa 2019an egin zitzaion, eta ordutik ez da erabili.
Eskaintzak aurkezteko epea, azaroaren 6ra arte
Enkantea prozedura irekiaren bidez egingo da, eta eskaintzarik altuena aurkezten duenari esleituko zaio traktorea.
Enkanteari buruzko informazio gehiago nahi dutenek edo baldintzen inguruko zalantzak dituztenek bulteknikoa@orio.eus helbidera idatz dezakete. Kontsultak eskaintzak aurkezteko epea amaitu baino bost egun baliodun lehenago egin beharko dira.
