Udalak ikastaro bat antolatu du udal-langileentzat, hiru trebakuntza-saioz osatua, helburu honekin: lanean euskaraz idazten laguntzeko dauden tresnak ezagutzea eta horietan trebatzea.
Udalaren helburua da udal-langileek beren lanak euskara hutsez egitea gero eta gehiago; eta, ondoren, hizkuntzaren teknologia berriak erabiltzea, behar duenari itzulpena emateko, gaztelaniaz zein beste hizkuntzaren batean.
Euskarazko testu onak
Itzultzaile neuronal berriek aukera handiak ematen dizkiete euskaraz lan egiten dutenei; gaur egun posible da testuak euskara hutsez sortzea eta, ondoren, itzulpen automatiko gero eta txukunagoak lortzea. Bide hori ari da jorratzen Udala, webgune honek berak erakusten duenez (euskara hutsez elikatzen da, baina itzulpen automatikoa eskaintzen du beste bost hizkuntzatan).
Itzulpen automatikoaren emaitza ona izan dadin, ordea, komeni da udal-langileak trebatzea euskarazko testu egokiak sortu ditzaten: argiak, zehatzak, ondo puntuatutakoak, hiztegia zuzen erabiltzen dutenak… Horrek asko laguntzen du, gero itzulpen automatikoa ere ona izateko.
Langileen erantzuna, ezin hobea
Udalak trebakuntza-saioetan parte hartzeko aukera eman die ordenagailu aurrean lan egiten duten eta testuak sortzen dituzten langile guztiei eta erantzuna ezin hobea izan da: guztira, 28 udal-langile ari dira ikastaroa egiten.
Udalaren enkarguz, Elhuyar ari da ikastaroa ematen eta bertan, besteak beste, gai hauek lantzen ari dira saioetan: Euskaraz lan egiteko baliabide lagungarriak, zuzen eta egoki idazteko gomendioak, nola sortu euskarazko testuak itzultzaile automatikoari begira…