Ira 03 Urr 03
Kultur etxearen ordutegian

Manu Urbietak pintura- eskultura- eta argazki-erakusketa egingo du kultur etxean irailean

Lekua: Kultur etxeko areto nagusia
Antolatzailea: Orioko Udala

Manu Urbieta Illarramendi zarauztarrak kultur etxeko areto nagusia beteko du bere lanekin: pinturak eta argazkiak horman zintzilik eta eskulturak, berriz, aretoan zabalduta.

Erakusketa gaur zabaldu da eta urriaren 3ra arte egongo da zabalik, kultur etxearen ordutegian.

Manu Urbieta Illarramendi, artista zarauztarra

Manu Urbieta Zarautzen jaio zen, 1963an eta betidanik izan du pintatzeko eta eskulanak egiteko afizioa. Bere lana azaltzeko eskatuta, aurkezpen hau prestatu du:

«Adinean aurrera goazela, lotsak alboratzen goaz eta gure kobazulotik irteteko beldurrak uxatzen ditugu; nire kasuan, behintzat, horrela izan da.

Nire lanaren inguruan ez daukat definizio garbirik: materialak basoan, itsasoan, topatzea, ukitzea, nahastea, moztea, elkartzea eta, ahal dudan neurrian, loturak egitea gustatzen zait. Margolanekin collage-ak egitea gustatzen zait, pigmentuak, paperak, marmol hautsak eta abar nahastuz eta, gainean, tipografiarekin eta hitzekin jolastea. Azken finean, forma, kolore eta materialekin jolas egitea maite dut.

Laserrez moztu eta ondoren pintatutako aluminiozko xafla batzuk ere jarri ditut ikusgai.

Bestalde, argazkiei leihoak egitea ere gustatzen zait, eta horrelako batzuk ere erakutsiko ditut, plaketa portzelanikoan eginak: batzuk oxido kolorekoak eta beste batzuk gris ilunekoak. Argazkiak Pablo Azkuerenak dira.

Kultur etxeko aretoak aukera eman dit hiru diziplinekin askatasunez jolasteko; horixe baita, azken finean, bilatzen dudana: jolas librean jardutea eta barnetik ateratzen denarekin aurrera egitea besteen begiradari erreparatu gabe».