Anuska Esnal Orioko alkateak, Xabi Ibarguren kultur zinegotziak eta Iker Apaolaza kultur teknikariak agerraldia egin dute gaur kultur etxean, ekainaren 28tik 30era ospatuko diren San Pedro jaien programaren berri emateko. “Oso pozik gaude herritarrengandik jaso dugun egitarau oparoarekin, festak ospatzeko gogoz”, adierazi du Esnalek.
Egitarauak 20tik gora ekitaldi bilduko ditu, eta Ibargurenek azaldu duen bezala, hiru izango dira protagonista nagusiak: herriko eragileak, emakumeak eta musika urbanoa, eta kaleetako jai-giroa. “Bi bilera egin ditugu herritarren eta eragileen proposamenak jaso eta guztiok elkarrekin egitaraua osatzeko. Agente garrantzitsuak dira guretzat, eta haien parte-hartzea funtsezkoa izan da jaiak definitzeko orduan. Gainera, emakumeek egindako musika urbanoari lekua egin nahi izan diogu aurten, gurean asko entzuten ez den generoa baita. Eta kaleak alaitzeko eta girotzeko zereginean ere jarri dugu arreta”.
Berritasun gisa, bi nabarmendu ditu Apaolazak: batetik, barraketako musika Udalak kudeatuko du, eta herriko ikastetxeekin elkarlanean, gaztetxoek osatutako kanta-zerrendak entzungo dira. Bestetik, hilaren 28an eta 29an, Puntu Morea egongo da herriko plazaren alboan, indarkeria sexistarik gabeko jaiak aldarrikatu eta haien aurrean erantzun irmoa emateko. Apaolazaren hitzetan, “egitarau indartsu, anitza eta parekidea” izango dute aurtengo jaiek, eta aurrekontua 38.350 eurokoa izango da: 15.000 euro inguru musika-taldeetan, 6.500 euro haurrei zuzendutako jardueretan, 3.600 euro kirol-jardueretan, kale animazioan 4.800 euro, azpiegituretan 6.200 euro eta gainerako jardueretan, 2.000 euro inguru. “Gardentasun ariketa egin nahi izan dugu, eta horrelako jarduerek duten kostua herritarrei jakinarazi”.
Hau da San Pedro jaietako programa:
Ekainak 28, asteartea: San Pedro bezpera
- 10:30-13:00 Jubilatuen hamaiketakoa, Zaharren Babeslekuak antolatua.
- 16:00-19:00 Zarata erakusketa interaktiboa, LGTBI+ kolektiboaren inguruan. Ahalduntze Eskolak antolatua, Salatxon.
- 15:00-20:30 3X3 Futbol Txiki Txapelketa, Zaragueta Herri Eskolak antolatua, Mendibeltz futbol-zelaian.
- 19:00 Pello eta Nikolasa erraldoien eta buruhandien kalejira, herrian barrena.
- 19:30 Txupinazoa Danbolin bandarekin, Harribil dantza taldearekin eta Salatxo abesbatzarekin, Herriko Plazan.
- 20:00 Danbolin bandaren kontzertua, Herriko Plazan.
- 22:00 Dupla, Xsakara eta Kai-Nakai taldeen kontzertuak, Herriko Plazan.
Ekainak 29, asteazkena: San Pedro Eguna
- 06:00 Gaupaseroen argazkia, Oa kaleko eskaileretan.
- 10:00-13:00 Haurrentzako herri-kirolak, Kahos Team Company elkartearen eskutik, pilotalekuan.
- 12:00 Meza eta kontzertua, Salatxo abesbatzaren partehartzearekin, elizan.
- 12:30 Trikitixa Txapelketa, Herriko Plazan.
- 17:00 Pilota Txapelketaren finalak, Ospele kirol-klubak antolatua, pilotalekuan.
- 17:00 Alebinen estropada, Orio Arraun Elkarteak antolatua.
- 18:00 Pello eta Nikolasa erraldoien eta buruhandien kalejira, herrian barrena.
- 19:00 Sokadantza eta txistulariak, Herriko Plazan.
- 19:30 Incansables txaranga, herrian barrena.
- 22:30-01:00 Bide Batez erromeria-taldea, Herriko Plazan.
Ekainak 30, osteguna: Umeen Eguna
- 10:30–13:30 Umeentzako puzgarriak eta jolasak, pilotalekuan.
- 11:00-13:00 Pintxo hotzen lehiaketa, Herri Ikastolak antolatua, Herriko Plazan.
- 12:30 Gaztetxoen Dardo Txapelketa, 14 urtetik beherakoentzat, Bikamiotan.
- 12:30 Txorotxaranga, herrian barrena.
- 14:00 70 urtetik gorako oriotarren bazkaria, Antilla hotelean. Txu-txu trena izango da hara joateko.
- 16:30 Helduen Dardo Txapelketa, Bikamiotan.
- 18:00-20:00 Uretako puzgarriak eta jolasak, anbulatorio ondoko arranplan.
- 17:30 Mikra Zirku Garaikidea, pilotalekuan.
- 18:00 Estropu-Festa, Orio Arraun Elkarteak antolatua, Herriko Plazan.
- 18:00 Pello eta Nikolasa erraldoien eta buruhandien kalejira, herrian barrena.
- 19:30-22:00 Trikidantz kontzertua, Herriko Plazan.