Aza 11
19:00

Memoriaren Egunari lotuta, bi ekitaldi antolatu ditu Udalak azaroan

Lekua: Kutur Etxea
Antolatzailea: Orioko Udala

Azaroaren 10eko Memoriaren Egunaren testuinguruan, Orioko Udalak bi ekitaldi antolatu ditu: azaroaren 11n, ostegunarekin, Aranzadi Zientzia Elkarteko Javier Bucesek herrian gertatutako giza eskubideen urraketei buruzko hitzaldia eskainiko du, eta hilaren 17an, asteazkenarekin, Irati Goikoetxearen eta M.A. Llamas Pitu-ren arteko solasaldia izango da kultur etxean. Saioak doakoak izango dira, gonbitarik gabe.

Orioko Udalak eta Herritarren Foroak hala adostuta, herrian izandako giza eskubideen urraketak aztertzeko hitzarmena sinatu zuten iaz Udalak eta Aranzadi Elkarteak. Azterketaren helburua memoria historikoa eta hurbila ikertzea da, eta bi aldi bereizi dituzte: batetik, gerra zibilean eta ondoko bi hamarkadetan (1936-1959) izandako giza eskubideen urraketak (memoria historikoa) eta, bestetik, 1960tik gaur arte izandakoak (gertuko memoria). Orio da lehen herria bi aldi horiek batera aztertzen ari dena.

Azterketa horren bidez, gertatutakoa argitu eta herritarren testigantzak bildu nahi dituzte. Horretarako, bulego bat jarri zuen Aranzadik kultur etxean iazko urrian eta azaroan, eta datozen hiletan ere ildo beretik jarraituko dute lanean.

Bi ekitaldi datozen egunetarako

Asteazkeneko Memoriaren Egunaren harira, bi ekitaldi antolatu ditu Udalak Bakeola Fundazioarekin elkarlanean:

Lehena azaroaren 11n, ostegunarekin, izango da, 19:00etan kultur etxean. Aranzadi Zientzia Elkarteko Javier Bucesek Giza eskubideen urraketen ikerketa: Orio hitzaldia eskainiko du, eta bertan azalduko ditu memoriaren garrantzia, ikerketak herriari egindako ekarpenak, horietatik jasotako ikasketak eta herritarrek ikerketan parte hartzeko duten modua.

Azaroaren 17an, asteazkenarekin, egingo dute bigarren saioa: Irati Goikoetxea idazleak eta M.A. Llamas Pitu kazetariak hartuko dute parte solasaldian. Goikoetxeak Herriak ez du barkatuko (2021) bere lehen eleberria aurkeztu berri du; protagonista ETAk aita hil zion Oihana da, eta hogei urte geroago bizirik jarraitzen duen zauriaren ingurukoak ditu aztergai. Llamasek, Amaia Merino zinemagilearekin batera, Non dago Mikel? dokumentala estreinatu zuen iaz 68. Donostia Zinemaldian. 1985ean Guardia Zibilak atxilotu ondoren desagertu zen Mikel Zabalzaren kasua du oinarri dokumentalak.