Udalbatzarrak ezohiko bilkura egin zuen asteazkenean, azaroak 29, hilaren 30erako deituta zegoen greba feminista orokorra dela-eta. Udalbatzarrean, besteak beste, Orioko Udalaren 2024ko aurrekontu orokorra eta aurrekontuaren exekuzioari buruzko udal-araua onartu ziren, aho batez. Aurrekontua 9.666.103 eurokoa da; iazkoarekin alderatuta, 626.924 euro gehiago.
Udala osatzen duten bi alderdiek positiboki baloratu dute lan-dinamika: «Eraginkortasun handiz aritu gara», nabarmendu du Nagore Rementeria EH Bilduko zinegotziak. «Teknikariek egindako proposamenetan oinarrituta osatu genuen lehen zirriborroa, eta lana errazteko, aldaketen eta berrikuntzen gainean egin dugu eztabaida». Noemi Ostolaza EAJko zinegotziaren hitzetan, «Barne Antolaketa Batzordean lan polita egin dugu, eta gure ekarpenak egiteko eta txertatzeko aukera izan dugu».
Inaxio Alguacil EH Bilduko zinegotziak gaineratu du oriotarren ongizatea eta bizi-kalitate hobetzen jarraitzeko helburua duela aurrekontuak, eta «zenbaki hotz horien atzean» herritarrei zuzenean eragiten dieten ekintza zehatzak daudela: «Herriari eman nahi diogun norabidearen eta gizarte-ereduaren isla dira». Udala finantza-egoera onean dagoela gehitu du, altxortegia oparo dagoela, eta «horrek esan nahi du baditugula urtean zehar sortu daitezkeen ustekabeei aurre egiteko baliabideak».
Nabarmentzeko puntuak
Iazkoarekin alderatuta, aurtengo aurrekontua ia % 7 (6,93) handiagoa izango da. Gehikuntza hori egin ahal izateko, bi aldagai hartu dira kontuan: batetik, aurtengo aurrekontuaren exekuzioaren bilakaera eta, bestetik, irailean onartutako ordenantza fiskaletan izandako igoerak eta egokitzapenak.
Azken urteetan bezalaxe, aurrekontuaren % 40tik gora langile-gastuetara bideratuko da, eta horri esker, Udaltzaingoaren bulego berrian ariko den administraria kontratatuko da, eta kale-garbiketa zerbitzuan eta Gizarte Zerbitzuen alorrean ari diren langileen lan-baldintzak hobetuko dira. Azken lau urteetan, hain zuzen, Gizarte Zerbitzuen alorrera bideratutako diru-kopurua hirukoiztu egin dela nabarmendu du Alguacilek.
Era berean, bi alderdiek bat egin dute zaintza-ekosistemaren gaiari heltzeko, eta herriko errealitatearen diagnosi zabal eta xehetua martxan jarriko da urte hasieran. «Nahi gabeko bakardadeari, pobreziari eta desberdintasun sozialei erantzun ahal izateko, alor horien azterketa egitea garrantzitsua dela iruditzen zitzaigun, eta poz handiz ikusi genuen aurrekontuen zirriborroan gaia dagoeneko txertatuta zegoela», azaldu du Ostolazak.
Hezkuntza, merkataritza, kirola eta kultura
Hezkuntzaren alorrean, herriko eragileak biltzen dituen Hezkuntza Mahaia dinamizatzen jarraituko du Udalak, eta ikastetxeekin elkarlanean, prozesu komun bat abiatzeko asmoa du, pauso garrantzitsuak emateko.
Merkataritzari dagokionez, bestetik, aurten aktibatu den Merkataritza Planarekin jarraituko du Udalak. Horrez gain, kontsumo-ohituren inguruko hausnarketa egiteko partida bat gaitu du, azken aldian herrian antzematen diren joera kezkagarri batzuei heltzeko (gazteek eta nerabeek egiten duten teknologiaren, eduki pornografikoen, drogen… kontsumoari lotuta, nagusiki).
Herriko kirol azpiegituren eta instalazioen gaineko azterketa-lana ere martxan da dagoeneko. Azterketatik ateratako ondorioak aplikatzeko, hainbat partida jaso ditu aurrekontuak, hobekuntzak eta egokitzapenak egiteko eraikinetan, hondartzako zerbitzuetan eta beste hainbat alorretan.
Eta kulturaren sektorean, azkenik, plan estrategiko bat garatuko da, herriko espazioen erabilerari eta beharrei lotuta. Gainera, kultur ekintzaileentzako dirulaguntza berri bat aktibatuko da 2024an, eta herriko ondare artistiko eta kulturala gorde eta zabaltzeko deialdia aurreikusi da.
Bestelakoak
Gainera, hainbat partida ireki daude, proiektu hauei lotuta, besteak beste: Ibai Ondo kalean, zubiaren azpiko bidegorriaren zatia egokitzeko; Goiko Kaleko irisgarritasuna aztertu eta hobekuntzak proposatzeko; pilotaleku berriaren proiektua martxan jartzeko; Mutiozabal ontziolaren eraikinari konponketak egiteko; beharra duten herriko altzariak berritu edo konpontzeko; Udalaren ibilgailuen flota eguneratzen joateko; udal-brigadaren baliabideak egokitzeko eta egungo beharrei erantzuteko; eta kanpinak eskaintzen duen zerbitzua hobetzen jarraitzeko.