Orioko Udalak herriko hezkuntza-komunitate osoaren lanketa egiteko prozesua abiatu du Eihera aholkularitzarekin elkarlanean (Guk Oriori atarian, Berdintasunerantz erronkaren baitan kokatzen da egitasmoa). Lanketaren helburua da herriko hezkuntza-komunitatearen mapa bat sortzea eta esparru formalean eta ez formalean dauden eragileen beharrak, hutsuneak eta erronkak identifikatzea, hezkidetzaren ikuspegitik.
Egingo den lanketaren bidez, hezkidetzan jarduten duten eragileen arteko koordinazioa bilatuko da, eta datozen urteetan landu beharreko helburuak eta ekintzen bide-orria zehaztuko da.
Lehen urratsa Hezkidetza Mahaiaren sorrera izan zen, urtearen hasieran. Mahai horretako kide dira herriko ikastetxeak, Txurrumuski aisialdi-taldea, eta Udaleko hezkuntza eta euskara teknikaria, kirol eta gazteria teknikaria, Saregileko teknikariak eta hezkuntza-zinegotzia. Orain arte, hilero bildu dira, herriaren erronkak definitu eta elkarrekin koordinatzeko. Mahai horretatik eratorri zen, besteak beste, maiatzaren 17tik ekainaren 28ra antolatu zen LGTBIQ+ zikloa.
Lanketa
Mahaiak detektatutako beharrei erantzunez, Udala Eihera kooperatibarekin jarri zen harremanetan, eta haiek arduratuko dira herriko egoeraren diagnostikoa egiteaz, helburuak zehazteaz eta ekintza-plana proposatzeaz, eragileekin elkarlanean.
Lehen fasea martxan da jada, eta Eiherako kideak harremanetan daude Udalarekin eta Hezkidetza Mahaiarekin, lehen datuak biltzen hasteko. Datozen hiletan, pixkanaka, elkarrizketak egingo dituzte herriko eragileekin eta, horiekin batera, hainbat lan-saio planteatuko dira. Jarraian, bildutako datuak aztertuko eta interpretatuko dira, eta horietatik abiatuta, ondorioak jakinaraziko zaizkie prozesuan parte hartu duten norbanako eta eragileei. Azkenik, guztien artean, neurri-sorta bat proposatuko da, aurrera begira, hezkidetzaren alorrean urratsak egiteko.
Prozesua ahalik eta parte-hartzaileena izan dadin, hezkidetza-mahaiak dei egiten die Udaleko langile eta zinegotziei, herriko eragileei eta, bereziki, gazteei, beren ekarpenak egin ditzaten.