Eragin Eskubaloi Taldeak urtero antolatzen duen izen bereko torneoaren bidez, goi mailako eskubaloi-partida jokatuko da herrian. Txapelketaren laugarren ekitaldia abuztuaren 10ean egingo da Karela kiroldegian, eta emakumezkoen Iberdrola ligako bi taldek, lagunarteko partidua jokatuko dute.
Eragin Torneoak, emakumezkoen goi-mailako eskubaloiko bi talde ekarriko ditu herrira, larunbatean ospatuko den lagunarteko partidara. Iberdrola ligan jokatzen duten Atarrabiako Beti Onak eta Barakaldoko Zuazo taldeak aurrez aurre jokatuko dute abuztuaren 10ean, Orioko Karela Kiroldegian, eguerdiko 12:00etan hasita. Eragin eskubaloi taldeko jokalari eta kide ohiak izandako 5 neska goi-mailako bi talde hauetako kide dira gaur egun eta larunbateko lagunarteko norgehiagokan jokatzen ikustea oso berezia izango da herriko eskubaloi jokalarientzat zein zaletuentzat.
Sarrerak egunean bertan eskuragai
Sarrerak egunean bertan egongo dira salgai, 6 euroan, Karela kiroldegian. Eragin Eskubaloi taldeak herritarrak animatu nahi ditu kiroldegia bete eta goi-mailako eskubaloiaz gozatzera.