Pasa den larunbatean agurtu genuen frontoia. 16:00etan hasita, pilotari eta erremontariek hartu zuten kantxa, eta afaltzeko atsedenaldiaren ondoren, 21:00etan, ekitaldia egin zen Ospele pilota elkarteak eta Orioko Udalak antolatuta. Eskerrik asko bertaratu zineten guztiei, beroa izan zen frontoiari emandako azken besarkada.
Jon Agirresarobek gidatu zuen mimoz prestatutako ekitaldia. Pilotari ohia eta bertsolaria den Xabier Iribarrek eman zion hasiera, Pareta hauek hitz egingo balute… hitzekin bukatutako bertsoa kantatuz. Jarraian, Beñat Gerekak sortutako ikus-entzunezkoa proiektatu zen; bideoak frontoiaren ibilbidean parte hartu duten hainbat herritarren ahotsa jasotzen du, frontoiaren izaera erakusten duten argazki eta bideoekin uztartuta. Ikus-entzunezkoa Orioko Udalaren Youtubeko kanalean dago ikusgai.
Jarraian, frontoian izandako ibilbidea azaldu zuen Luis Azkuek oholtzatik, eta ondoren, Ospele pilota elkarteko Ibon Aranaldek hartu zuen hitza, elkartearen egungo egoeraren eta etorkizunaren berri emateko. Ospelek, hain zuzen, elkartearen ibilbidean nabarmendutako hainbat lagun omendu nahi izan zituen, errepresentazio kolektibo gisa, eta frontoiko txaparen zatitxo bana eman zien oroigarri.
Segidan, Anuska Esnal Orioko alkatea igo zen eszenatokira, frontoiaren orainaz eta geroaz mintzatzeko, eta azkenik, herriko haurren txanda izan zen: frontoian azken tantoa egiteko aukera izan zuten. Haiekin batera, Maitane Mujikak eta Ander Errastik azken agurra dantzatu zioten frontoiari, Saioa Perona txistulariaren laguntzarekin, eta Errikotxia bertso eskolako haurrek ere azken bertsoa kantatu zuten.
Ekitaldia goxoa, hunkigarria eta emozioz beterikoa izan zen, herritik sortutako omenaldia.
Eraisketa, urrian
Orioko frontoia eraisteko lanak urrian hasiko dira, eta frontoi berriaren nondik norakoak laster jakinaraziko ditu Udalak. XS arkitektura bulegoarekin elkarlanean aztertu ditu aukerak, eta horien berri emango die herritarrei, erabakiaren parte izan daitezen.

