Urriko lehen ostiralarekin batera, Orioko Udalak udazkeneko kultur egitaraua banatu du etxez etxe. Urrian eta azaroan herrian egingo diren jarduerak biltzen ditu eskuorriak, eta aurrerago, abenduan, San Nikolas festetako eta Gabonetako programen berri emango du Udalak.
Egitaraua indartsu hasteko, Parrilla Festa egingo da gaur hasi eta igandera bitartean Herriko Plazan. Jaiaren nondik norakoak azaldu ditu Udalak azken asteetan, eta programa osoa hemen dago ikusgai.
Kultur ekintzei dagokienez, zinemak eta antzerkiak protagonismo berezia izango dute udazkenean, eta orotariko proposamenak izango dira herrian, hala nola, Zazpi, kontakizun bat tontorrez tontor eta Eutsi Maialen mendiari lotutako dokumentalen proiekzioa, urriaren 16an; Xanti Agirrezabalaren Satiro antzezlanaren emanaldia, hurrengo egunean; Kandido Uranga protagonista duen Gabriel Arestirekin emankizuna, hilaren 25ean; eta Jon Plazaola eta Aitziber Garmendiaren Arizona obra, azaroaren 22an.
Hitzaldi edo solasaldiei dagokienez, hiru saio aurreikusi dira: Beñat Sarasolaren Ezerezean aztarrika: Jorge oteizaren nazioarteko ibilbide itsua, urriaren 22an; Xerka erakusketari lotutako solasaldia, Joseba Olagarai eta Martxel Larrazarekin, urriaren 23an; eta Jose Maria Sarasola Zainbizi elkarteko kideak emango duen Heriotzaren taupadak hitzaldia, azaroaren 2an.
Musikaren alorrean, bestetik, Sara Azurzaren emanaldia izango da azaroaren 1ean, kultur etxean, eta hainbat ikastaro ere eskainiko dira datozen asteetan: alde batetik, Zer gertatzen da gizonek zaintzea aukeratzen dugunean? bi saioko tailerra, Saregileren eskutik; eta Nola lagundu haurrari irakurzaletzen? topaketak, guraso eta irakasleei zuzenduta, liburutegian.
Kirola ere ez da faltako, Orioko Surf Taldearen eta River Box&Roll boxeo elkartearen eskutik. Lehenak Emakumeen Surf Topaketa antolatuko du Saregilerekin batera bihar hondartzan, eta bigarrenak Boxeo Jaialdia egingo du azaroaren hondarretan Karela kiroldegian.
Urteroko jarduerak ere ez dira faltako, hala nola, ipuin-kontalariaren hitzorduak urrian (bi saio) eta azaroan; eta Gau Beltzeko ospakizuna, urriaren 31n.
Azkenik, Goiko Kaleko festak ospatuko dituzte urriaren 10 eta 11n, eta San Martin auzoko festak, azaroaren 6tik 16ra.
Udalaren webguneko agendan kontsultatu daiteke programa osoa.
